Albistea entzun

Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak

Mugitzen da oraindik

Aitor Mendiluze izan da garaile Durangon, 726,5 puntu eskuratuta. Bilbon kantatuko du abenduaren 3an. Erabakita gelditu da hurrengo fasea
Aitor Mendiluze irabazlea, atzo, Durangoko finalaurrekoan.
Aitor Mendiluze irabazlea, atzo, Durangoko finalaurrekoan. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2022ko azaroak 13 - Durango

Momifikatuta behar lukeela kantatu zuen Aitor Mendiluzek Durangoko (Bizkaia) saioko garaile zela aditu orduko: «Bitrinan behar nuke/ momia bat bezala/ arazoa da oraindik/ mugitzen naizela/ banekien gaur zita/ ona-ona zela/ baina zuek bihurtu/ dezue itzela/ segi izaten mailu/ gu zuen zintzela/ hitzei forma emateko/ elkar gaitezela». Eta ondo mugitu, gainera. Saio hasieran adierazi zuen bere nahia: bera den hori ahora eramatea. Eta, justuki, bera den hori erakutsi zuen bertsoz. Zer egiteko gai den, alegia.

Ikusi gehiago: Abiadura, baina kontrolpean

726,5 puntu eskuratuta nagusitu zen beste bost bertsolarien gainetik. Zehazki, bigarrenarengandik, Beñat Gaztelumendirengandik, hamar puntura (716,5). Julio Sotok egin zuen hirugarren 686 punturekin, eta laugarren, aldiz, Aitor Bizkarrak (677,5). Saioa Alkaiza izan zen azken-aurren, 662 puntu eskuratuta. Eta, Eñaut Martikorenak egin zuen azken, 636,5 punturekin. Sailkapen orokorrari erreparatuta, beraz, atzoko saioko sei bertsolariek egingo dute aurrera.

Zortziko handiko ariketarekin ekin zioten saio puntuagarriari. Nabarmentzekoa izan zen Bizkarrak eta Mendiluzek osatu zuten bertsoaldia. Ane Ezenarro gai emaileak jarritako gaiaren arabera, gizarte zerbitzuetako langileak ziren biak. Jakin badakite euren zaintzapean dauden 18 urteko gazteek kale gorrian geratzeko arriskua dutela. Bizkarrak ekin zion ariketari, gazte horiek arriskua bizi dutela azpimarratuz: «Horiek berriz aterpe gabe/ gelditzen dira maizenik/ ez nuke esango lehenago ere arrisku gabe daudenik». Ondo heldu zion Bizkarraren kolpeari Mendiluzek: «Biok berdina pentsatzen degu/ honek zentzurikan eztu/ arazoa da hemen arauak/ eztaudela gure esku». Gazte horien baliabideen alde egin zuen Bizkarrak ondotik: «Nekatzen gara errespetu hitz/ asko esatean esatez/ hitz polit asko ematen zaie/ ta baliabideak ez». Hain justu, arau horiek ezartzen dituen zentro baten parte direla azaldu zuen, azkenik, Mendiluzek: «Nunbait, arazo bihurtzen dira/ sartu, beraz, mantapera/ ta nahi edo ez tapaki horren/ hariak baino ez gera».

Zortziko txikian ere fin aritu zen irabazlea. Sotorekin batera osatu zuen ariketa hori. Gaiak hala aginduta, bikotea ziren. Sotoren urtebetetze eguna zela eta, Mendiluzek erretzeari uzteko partxeak eman zizkion opari. Metafora batez ilustratu zuen lehen kolpea Sotok: «Utziarazi asmoz/ neri zigarreta/ partxe batzuei jarri/ diezu arreta/ eztakit baino nago/ pixka bat erreta». Mendiluzek erraz erantzun zion bikotekideak botatakoari: «Nola mudatu zaizun/ orain aurpegia/ erreta omen zaude/ entzuten det ia/ hau da zu erre zeran/ lehenengo aldia». Partxe hitzarekin jolas egin zuen ondotik Sotok: «Despistatu xamarrik/ zabiltzala gero zu/ partxeari partxea/ ipintzen diozu». Partxea bere mesedetan oparitu ziola kantatu zion, azkenik, Mendiluzek: «Ziur partxeek lagun/ ahal zaituela/ jarri besoan edo/ ahoan bestela».

Gozagarria izan zen Gaztelumendik eta Bizkarrak ondu zuten zortziko txikia ere. Gaiaren arabera, pisukideak ziren. Bizkarra telelanean aritzen zen, eta egongelaren erdian pasatzen zuen eguna ordenagailuarekin. Horregatik, zaratarik egin gabe eta isiltzeko eskatu behar zion Gaztelumendiri. Bere aurrean lanean zergatik aritzen zen argitu zion Bizkarrak, lehenik: «Lanean zure aurrean/ ipini naiz zeren/ ikasi beharko duzu/ nola egiten den». Etxeko lanak ez egitea leporatu zion Gaztelumendik hurrenik: «Eztut uste ta hautsik/ pasatzen duzunik/ zuk egin gabekoak/ egiten ditut nik». Elkarri mokoka osatu zuten, beraz, ariketa hori.

Binaka, puntuka osatu behar izan zuten ariketan, berriz, Gaztelumendik eta Sotok izan zituzten ateraldi politak, baita Martikorenak eta Mendiluzek ere.

Sei puntuko motzekoa izan zen segidan, eta denek ale politak utzi zituzten. Alkaizak eta Sotok, esaterako, bi surflariren larrutik kantatu behar izan zuten. Alkaizak euskal selekzioan aritzeko gonbidapena jaso zuen. «Ta selekzio euskaldun batek/ zaitzakela hauta/ suertea daukazu aupa/ ni re ez nengoke aurka/ Euskal Herriko urak, ordea,/ bi emari dauzka». Sotok indartsu hasi zuen bertsoaldia, eta hala erantzun zion Alkaizak: «Ta aitortu duzu berdina eginen/ zenukela pozik/ zaurian ez bota gatzik/ biok ados gaude kasik/ hau ezta euskal selekzioa/ partxetxo bat baizik».

Mendiluzek eta Gaztelumendik utzi zituzten, ordea, alerik gogoangarrienak sei puntuko motzean. Izan ere, aspaldian elkar ikusi gabeko elkarren lagun zirela kantatu behar zuten. Astero hitzordu bat finkatuko zutela adostu behar izan zuten kantuz. Mesfidati mintzatu zitzaion lehenik Mendiluze: «Bildu ezinik gabiltza/ konplikatzen da bizitza/ eta zuk ere beteko al dezu/ emandako hitza?». Beteko zuela zin egin zion Gaztelumendik ondotik. «Asteroko terapia/ kafearen aitzakia/ orain huts banak/ elkar dezala / lehendik ebakia». Ez zen berehalakoan fio, ordea, Mendiluze: «Etzen hortarako/ elkartu ez geralako/ igual galdetu beharko/ Beñat zergatik bildu nahi dezu/ eta zertarako?». Ondo hasi eta ederki borobildu zuen bertsoaldia Gaztelumendik: «Zer aipatua bada bizitzan/ bere behe eta goi/ ikusi ohi dara doi-doi/ joan dira hainbeste sasoi/ biltzea bera ez ote da ba/ nahikoa arrazoi».

Ganbara izan zuten egin beharreko hurrengo ariketa. Ondorengo gaiaren gainean kantatu behar izan zituzten hiruna bertso: «Lehen aldiz egin duzu negar haren aurrean. Lasaitua hartu duzu». Hartu beharreko bidea ez zuten zabalegia izan bertsolariek, baina zehaztu behar zuten noren aurrean ari ziren negarrez eta zein zen negarraren arrazoia.

Sei bertsolariak aritu ziren fin ariketa horretan. Baina nabarmentzekoa izan zen Bizkarraren lana. Horren aitortza izan ziren ariketa horretan jasotako puntuak (153,5) eta publikoaren txalo zaparradak. Bikotekideak harremana eten, eta barne negarrak agertu zituen oholtzan. «Baina sua zoritxarrez/ gaur hor dago ta bihar ez/ geure artekoa zeuk eten zendun/ ostiral ilunabarrez/ ta ni kanpotik gizon plantetan/ baina barrutik negarrez». Zalantzati amaitu zuen bertso sorta zoragarria: «Gaur negarrez nago, maiti/ zure falta daukat baiki/ zalantzan nago malkoak kendu/ eta animoa jaiki/ edo ahula naizela onartu/ ta dena hutsetik eraiki».

Hurrengoa Amurrion

Atzoko saioa amaitu orduko jakin zen zein diren hurrengo fasera pasatuko ez diren sei bertsolariak: Ane Labaka, Nerea Elustondo, Iñaki Apalategi, Asier Azpiroz, Haritz Mujika eta Aitor Etxebarriazarraga.

Txapelketak ez du etenik. Datorren astean hasiko da finalaurrekoen bigarren itzulia, Amurrion (Araba). Atzo erabaki zen zein arituko diren bertan kantuan: Oihana Iguaran, Alaia Martin, Aitor Bizkarra, Agin Laburu, Miren Artetxe eta Onintza Enbeita.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Denis Martinez eta Olaia Valle dantzariak, Barakaldo antzokian, <em>Esna</em> obraren entsegu batean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

'Esna' ikuskizuna ondu dute Marie de Jongh eta Doos konpainiek

Olatz Enzunza Mallona

Dantza eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizun bat ondu dute elkarlanean Marie de Jongh eta Doos konpainiek: 'Esna'. Joko esperimentu gisa definitu dute. Bihar izango da estreinaldia.

 ©Mailo Oiarzabal

Pasio baten fruituak

Mailo Oiarzabal - Gipuzkoako Hitza

Urteetan jasotako eta gordetako bertso grabazioak transkribatzea erabaki zuen Xabier Unanuek duela ia hogei urte. 42.000 bertso baino gehiagoko bilduma osatu, eta Zestoako liburutegiari utzi dio.

Soledad Sevilla erakusketaren aurkezpenean, atzo, <em>Gatza</em> oihalaren aurrean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Soledad Sevillaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan

Naroa Torralba Rodriguez

Soledad Sevilla artistaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan. Ibilbide baten proposamena da. Berak aukeratu ditu obrak eta kokapena

<em>Ketariatik mundura</em> pastoralaren bost partaideak. ©BERRIA

Elkanoren bidaia, pastoral «ttipi» batean, bihar, Iruñean

Uxue Rey Gorraiz

'Ketariatik mundura' «nanopastorala» eginen dute bihar iluntzean Iruñean. Hiru aktore eta bi musikari ariko dira, ordu eta erdiz. Mixel Etxekoparrek idatzi du obra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Miren Mujika Telleria

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...