Alemaniako hauteskundeak

HUTSUNE BAT EGONKORTASUNEAN

Merkelen agurreko bozetarako, SPDk ezustea eman du, eta faboritoa da, CDU/CSUren eta Berdeen aurretik. Alemania are gehiago zatituta dago politikoki, eta baliteke lehen aldiz hiruko koalizio bat osatu behar izatea.

HUTSUNE BAT EGONKORTASUNEAN.
ander perez zala
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Alemaniako Süddeutsche Zeitung egunkariaren magazinari emandako elkarrizketaren ostean, Olaf Scholzi azalerako argazkia egiteko unea iritsi zitzaion. Argazkilariak bere burua definitzen duen keinu edo postura bat erabiltzeko eskatu zion, eta Scholzek elkarri itsatsita jarri zituen bi eskuetako hatz puntak. Ez da batere ohikoa SPD Alderdi Sozialdemokrataren hautagaia modu horretan ikustea, baina herrialdeko ia herritar guztiek eta Europako zenbaitek keinu ezagun bat ikusi zuten irudi horretan: Merkelen erronboa, Angela Merkel kantzilerrak urteotan bereizgarri bilakatu duen imintzioa.

Scholzek hipotesi bat du aspaldidanik: gaurko hauteskunde federalak bereziak direla, II. Mundu Gerraz geroztik lehen aldiz kantziler karguduna ez delako bozetara aurkeztu, eta postu hori utziko duenak pisu erraldoia izan duelako Alemaniaren eta Europaren historian. Beste modu batera esanda: 2005etik hona herritarrei ziurtasuna, egonkortasuna eta pragmatismoa saldu dien Merkelek hutsune handia utziko duela, eta boto emaileek elementu horiek lehenetsiko dituztela hurrengo gobernuburua aukeratzean.

Ez da erraza hamasei urteko harreman bat amaitzea. Hortaz, etorkizunerako, zer hoberik aurpegi ezagun bat baino? Zer hoberik kanpainan kantzilerraren profila erakustea baino, herritarrei egonkortasuna helaraztea baino? Finean, aldaketarik izango ez dela transmititzea baino?

Azken hilabeteko joerak eta gertakariak aztertuz gero, badirudi SPDren hautagaiaren hipotesiak oso gutxi duela gezurretik. Alemanian gaur egitekoak diren Bundestagerako —behe ganberarako— bozek badute agur puntu nabarmen bat, ez soilik Merkelek politika utziko duelako, harekin batera garai baten amaiera ere definituko dutelako; eta, horrez gain, herrialdearentzat eta Europako Batasunarentzat une erabakigarria izango delako.

Agian horrek azaltzen du hauteskundeen kanpaina aspaldidaniko arraroena, aurreikusten ezinezkoa eta batzuetan aspergarria bilakatu izana, eta lehen aldiz hautagai batek kantzilerraren antz handia, handiegia izatea, eta ez kasualitatez; Scholz nahita saiatu baita profil hori eraikitzen, bere modura forma ematen, garaipenerako giltza delakoan. Herritarrei mezu bat helarazteko: Merkel faltan botako badute, bera dela haren antzekoena, jarraipenaren eta egonkortasunaren hautagairik egokiena; hori baita Alemaniako herritarrek nahi dutena.

SPDren hautagaiaren estrategia horrek izan du protagonismorik handiena asteotan, dramatik pixka bat izan baitu kanpainak, batez ere alderdien ikuspuntutik: udaberrian, Aliantza 90/Berdeak-eko ekologistek dena zuten aldeko Europako lehen ekonomiaren gidaritza lortzeko; gerora, Merkelen CDU Batasun Kristau-Demokratak eta CSU Batasun Sozial Kristauak osatzen duten aliantzak hamarkadotako esperientzia baliatu zuen nagusitasuna berriz ere berreskuratzeko; baina, azkenean, SPDk hartu die aurrea bi indar horiei, eta gaurko lehiara faborito postuan iritsi da. Ezustean, noski.

Scholz izan da joera horien erruduna, hein handi batean. Hura arduratu da Merkelekiko konparazioa elikatzeaz, eta herritarrek jada profil hori ikusten dute harengan pentsatzean. Kantzilerra zuzenean aukeratu ahalko balute noren alde egingo luketen galdetzean, erdiek SPDren hautagaia bozkatuko lukete; hor zegoen kanpainako erronka, Scholzek kopuru hori bere alderdiaren babesean islatzea. Eta SPDrentzat, mezu sinple bat helaraztea boto emaileei: «Scholz nahi baduzu, bozkatu SPD».

Uretatik gezurretara

Zehaztapen bat: SPDren kantzilergaiaren hipotesiaren arrakastak badu pixka bat engainutik, CDU/CSUren Armin Lascheten eta Berdeen Annalena Baerbocken hutsegiteek eta ahuleziek gehiago lagundu baitute Scholzen kanpainak baino. Bidezkoa da esatea sozialisten hautagaiak gauza oso gutxi egin dituela asteotan, edo, beste bi lehiakideek ez bezala, ez duela hanka sartu.

Uztailean uholdeak izan ziren Europako herrialde batzuetan; besteak beste, Alemanian, 200 hildako inguru eragin zituzten. Mendebaldeko Renania-Palatinatua landerrean, bi irudik herrialdearen itzulia egin zuten: batetik, Merkel Malu Dreyer landerreko presidentearen eskua heltzen ari dela —esklerosi anizkoitza du—, suntsipenean oinez, kezka aurpegian dutela. Bestetik, Frank-Walter Steinmeier herrialdeko presidentea egoeraz adierazpen batzuk egiten, atzean Laschet barrezka ageri dela.

Une horretan bertan, saihetsezina bilakatu zen hondamendi egoeran Alemaniako kantzilerrak eta CDU/CSUren hautagaiak izandako erreakzioen arteko konparazioa egitea, eta, nola ez, kolpe latza izan zen kontserbadoreen arrakastarako aukerentzat. Gainontzekoa barne kritikek, norabide jakinik gabeko kanpainak, Afganistandik erretiratzeak eta komunikazio txarrak egin dute; Lascheten koktelak eztanda egin du azken asteotan, eta betiko boto emaileak, fidelenak, betiko sustraiak, horiek ditu azken itxaropena lehen postuan amaitzeko—eta SPDren hautagaiak aste hasieran finantza eskandalu bati aurre egin behar izana—.

Egoera hori ikusita, azken bala Merkel kanpainan sartzea izan da, bi mitin erraldoitan elkarrekin parte hartzeko, nahiz eta egungo kantzilerrak ez zuen horretarako asmorik; berez, ez zuen CDU/CSUren hautagaiaren aldeko ezer egin nahi, eta, halere, beheranzko joera ikusita, bere burua behartuta ikusi zuen Bundestageko azken hitzaldian Scholzen kontra egitera, hark Die Linkeko ezkertiarrekin elkartzeko aukera mahai gainean duelako. Behe ganberaren erreakzioa, batez ere ezkerreko alderdiena, kritika handikoa izan zen; baita telebista publikoarena ere, egotzi baitzion azken hitzaldia bozgorailu elektoral gisa erabili zuela. Hori ez da Merkelek nahi zuen agurra.

Kontserbadoreen hondamendiaren dimentsio elektorala ulertzeko, inkestetako joerak begiratzea besterik ez dago: uztailaren hasieran, hamar punturen aldea ateratzen zieten Berdeei, eta hamabostekoa sozialistei. Egun, bozen egunean, SPD dago CDU/CSUren gainetik, 4,5 punturen aldeaz, batez beste.

Ekologistek ere izan zuten beren momentum-a Baerbock kantzilergaia izango zela jakinarazi zutenean. Harrez geroztik, baina, beherantz egin dute, hainbat arrazoiren ondorioz: haren kontrako kanpaina zikinaz gain, Baerbocki plagioa egotzi zioten liburu batean; publiko egin zen ez ziola parlamentuari diru sarrera baten berri eman, eta bere curriculumean gezur bat esan zuela. Barkamena eskatu zuen, baina ez zen nahikoa izan galduriko sinesgarritasuna berreskuratzeko, are gehiago kontuan harturik esperientzia politiko gutxi duela, beste hautagaiekin konparatuz gero.

Finean, Berdeena eztanda egin duen burbuila baten istorioa izan da: beren historiako babesik handiena bilduko dute, eta, halere, gaurko gauak zapore garratza utziko die, espektatiba handiak baitzeuden jarrita haiengan. Helburua argia zen, CDU/CSUri erronka botatzea lehen posturako, baina azkenean FDP Alderdi Demokratiko Libreko liberalekin aritu dira borrokan hirugarrenak izateko.

Scholz pragmatikoa

Hutsegite horiek bide eman dute, hortaz, Scholz bolada onean iristeko hauteskundeen egunera. Hautagaien artean osperik handiena du, sinesgarriena da, eta, zalantzarik gabe, gaurko hitzorduko faboritoa; eta, horretan ere, SPDren hautagaiak jakinarazi du ez dituela gauzak azkartu nahi, haren alderdiak 1998tik 2005era egindakoa ez errepikatzeko —koalizioan gobernatu zuen ekologistekin—.

Ezaguna da agintaldi horren bigarren partean Gerhard Schroeder kantzilerrak lan kostuak txikitzeko eta lehiakortasuna irabazteko ezarritako Agenda 2010 programa, alderdian militante kopuruaren beherakada eragin zuena, eta 2005eko porrot elektorala Merkelen aurrean. Horregatik, Scholzek ikuspegi pragmatikoagoa eta arduratsuagoa izan nahi du. Asmatu nork bezala.

Ikusteko dago bihartik aurrera alderdiek abiatuko dituzten negoziazioetan ere zer jarrera izango duen hautagai sozialistak. Fenomenoa berria ez den arren, Alemania gero eta gehiago zatitzen ari da politikoki, eta, ezustekorik ezean, alderdiek hiruko koalizio bat osatu beharko dute herrialdearen historian lehenengoz.

Merkelen lau legealdietatik hirutan CDU/CSUk eta SPDk osaturiko Koalizio Handia izan da agintean, baina oraingoan ezinezkoa dirudi formula hori errepikatzea: alderdiak, horretarako gogorik ez izateaz gain, ez lirateke gehiengo osora iritsiko. Eta horrek hainbat aukera ireki ditu.

Alderdiek kanpaina baliatu dute negoziazio horietan jarriko dituzten marra gorriak eta baldintzak helarazteko ere, eta, joan diren asteak baino gehiago, datozenak izango dira interesgarriagoak.

Horri begira, kontserbadoreak eta sozialistak, biak ala biak jakitun daude bigarren amaitzea ez dela zertan albiste txarra izango, kopuruek garrantzi handiagoa hartu baitute sailkapenak baino. Eta horretan hauek zerikusi handia izango dute: Berdeek eta FDPk —%12ko babesa izango luke gaur—.

Scholzen ametsa SPD-Berdeak gobernua errepikatzea da, baina, kopuruek gehiago eskatuko dutenez, FDPkoekin ere elkartu beharko litzateke gobernatzeko; semaforo koalizioa deiturikoa da—alderdien koloreengatik—, eta, indar politikoen arteko adostasunak eta desadostasunak kontuan hartuta, egingarriena, eta, bide batez, ekologisten oinarriek nahiago dutena.

Liberalen boto emaileen artean, ordea, aukerarik gogokoena CDU/CSU-Berdeak-FDP koalizioa da, Jamaika deiturikoa;Christian Lindner liberalen buruzagiak ez du zantzu handirik eman bietako zein lehenetsiko duen. Argi duen gauza bakarra da Finantza ministro izan nahi duela, gobernuko kargurik garrantzitsuenen artean bigarrena; eta, horri begira, SPDri eta CDU/CSUri egin dizkie keinuak.

Historikoki, FDPk balantza mugitzeko egitekoa izan du Alemaniako politikan. 43 urtez izan da koalizio baten parte, eta epe horretan errekor bat hautsi zuen: gobernuan jarraian denbora gehien egon den alderdia izatea. 29 urte izan ziren.

Negoziazioak zailak izango dira, 2017ko bozen ostekoek frogatu zutenez: CDU/CSU, ekologistak eta liberalak hainbat astez izan ziren elkarrizketan, eta, denak adostua zirudienean, Lindner mahaitik altxa zen, hedabideei azalpen hauek emateko: «Hobe da ez gobernatzea, gaizki gobernatzea baino». Desadostasunak, gehien bat, migrazioaz eta energiaz izan ziren. Oraingoan, ordea, Lindnerrek argi utzi du koalizio batean sartuko dela, eta ekologistek ere horretarako asmoa dute. Azkenean elkar ulertuko balute, hirugarrenak eskaintza oso erakargarria egin beharko die koalizioa osatzeko.

Bozetako egunean, badirudi semaforo eta Jamaika koalizioak direla arrakastarako aukera handienak dituztenak. Baina ez dira formula bakarrak, ezkerreko gobernu bat osatzeko aukera ere mahai gainean baitago, eta Die Linke horretarako prest agertu baita.

Argi dagoena da negoziazioek luze iraungo dutela, eta agintea hartuko duen formula agian gutxien esperotakoa izango dela. Baina, elkarrizketen emaitzak edozein direla ere, Alemaniak lehen aldiz hiruko koalizio bat izateak zailago bilakatuko du hori osatuko dutenen elkarbizitza, eta, beraz, egonkortasuna eta ziurtasuna herritarrei helaraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.