Katalunia. Mobilizazioak

Tsunami Demokratikoak dei egin du protesta «ez-biolentoei» eustera

Plataformak ez du baztertu beste ekintza handi bat antolatzea hilaren 26a baino lehen

Manifestari talde bat, atzo, Bartzelonako Ronda Litoral kalea moztu zutenean. QUIQUE GARCIA / EFE.
ander perez zala
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Tsunami Demokratikoa plataformak atzo herritarrei dei egin zien sententziaren aurkako mobilizazioen izaera baketsuari eustera, «diziplina ez-biolentoa» errespetatze aldera: «[Espainiako] Estatuak eta segurtasun indarrak lanean ari dira indarkeria eragiteko eta sustatzeko».

Sare sozialetan publikaturiko komunikatuan, plataformak adierazi zuen egunotako «Poliziaren indarkeria guztiz onartezina» dela, eta exijitu zuen «ardura politikoak hartu behar» direla. «Mugimenduaren oinarrizko estrategia indarkeriarik eza da, sineste osoarengatik eta eraginkortasunarengatik».

Tsunami Demokratikoarentzat, aste honetan abiaturiko «etapa berriak ez du atzerako martxarik», eta ez da amaituko «Estatuak onartzen duen arte Kataluniako herritarrek mahai gainean jarritako arazo politikoari elkarrizketaren eta ariketa demokratikoaren bidea erabiliz egin behar diola aurre».

Plataforma izan zen sententziari erantzuteko Bartzelonako Prat aireportuan mobilizatzeko deia egin zuen taldeetako bat. Egun hartan, milaka lagun joan ziren aireportura, eta mossoak eta Espainiako poliziak oldartu egin ziren. 131 pertsona zauritu zituzten: horietako bat begi bat gabe utzi dute, gomazko pilota batekin tiro egin ziotelako —Katalunian debekatuta daude horrelakoak—, eta beste batek barrabil bat galdu du.

Herenegungo mobilizazioetan, poliziek, 125 lagun zauritu, eta 31 atxilotu zituzten Bartzelonan, Gironan, Tarragonan eta Lleidan. Kataluniako hiriburuan egindakoak hartu zuen oihartzun handiena, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren parean egindakoak, mossoak manifestarien aurka oldartu zirenean; Errepublikaren defentsarako batzordeek (CDR) egin zuten protestarako deia, eta oldarraldien ostean 250 su piztu zituzten, Generalitatearen arabera. Denera, 200 zauritu izan ziren, manifestariak eta poliziak aintzat hartuta.

Hori ikusirik, Espainiako Gobernuak herenegun gauean adierazi zuen indarkeria «erabatzabaldu» dela Katalunian, eta Fernando Grande-Marlaska jarduneko Barne ministroak egun berean jakinarazi zuen plataforma ikertzen hasi zirela.

Tsunami Demokratikoak atzoko komunikatuan erantzun zuen biolentziarik eza dela herritarrek duten «tresnarik indartsuena» epaiari erantzuna emateko: «Lehentasunetako bat da indarkeria sustatu dezaketen edozein ekintza eragoztea».

Datozen mobilizazioak

Berez, Tsunami Demokratikoak hilaren 26rako zuen antolatua hurrengo mobilizazio handia—oraindik ez du zehaztu nolakoa izango den—, eta horixe bera jakinarazi zuen atzo eguerdian kaleraturiko oharrean.

Arratsalde aldera, ordea, egun horri erreferentzia egiten zion esaldirik gabeko komunikatu bat kaleratu zuen: «Laster egongo dira Tsunamiaren mobilizazioak. Hurrengoa jakinaraziko dugu aplikazioan milaka tanta garenean».

Plataformak sakelakoetarako aplikazio bat sortu zuen, eta horren bidez ematen du antolatzen dituen ekintzen eta protesten berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.