Euskaraldia. Euskara eta gazteak

Euskaraldian ere, gazteak leku bila

Euskararen ezagutza handiena izan arren, gazteak ez ziren gehiengo izan Euskaraldian. Aurtengora erakartzeko lanean ari dira, eta Lasarte-Orian nerabeentzako Euskaraldia egingo dute.

Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun

Hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskara aktibatzeko ekitaldi erraldoia izan zen duela bi urteko Euskaraldia. Parte hartzaileen artean, euskararen erabilera 5,6 puntu handitu zen ariketa amaitu eta hiru hilabetera, eta, ate joka datorrenak pareko zifrak utziko dituen ikusteko dagoen arren, orain arteko datuak kontuan hartuz gero, parte hartzea ere handia izango dela dirudi. Dena den, aurtengo aldiaren arretaguneetako bat gazteen parte hartzean egongo da. 2018koan izena eman zutenen %23,7 izan ziren 16-24 adin artekoak; hau da, 60 urtetik gorakoak aintzat hartu gabe, gazteak izan ziren proportzioan gutxien parte hartu zutenak. Lurralde batzuetan, proportzio hori handiagoa izan zen, baina datu adierazgarria da, ezagutza mailarik handiena haien artean baitago.

 

Euskaraldiarekin bat egin zuten gazteenek egindako ohitura aldaketak ere adierazgarriak dira. Ariketa soziala hasi baino lehen, parte hartu zutenen %59,3k aitortu zuten euskara erabiltzen zutela bere ohiko harremanetan, eta, Euskaraldia egin zen egunetan, zenbateko hori %86,8raino igo zen: 27,5 puntu. Ariketa soziala amaitu eta hiru hilabetera erantzundako galdetegian, ordea, kopuru hori %64,2ra jaitsi zen. Hasierako kopurutik 4,9 puntu egin zuen gora amaierako erabilerak, baina gainerako adin taldeen batezbestekotik behera. Euskaraldia egiten ari zen garaian gazteenen artean izandako igoerak ere ez zuen parekorik izan gainerako adin taldeetan. Alegia, gorabehera handiena adin tarte horretan izan zen. «Gazteen bereizgarriekin lotzen dugu bilakaera hori, gazte zarenean oso muturretara jotzeko joera dagoelako», azaldu du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinazio orokorreko kideak.

Datu hutsei begiratzeak irakurketa okerra egitera bidera dezakeela dio Urkijok, halere: «Zenbatek baino, zergatik parte hartu duten jakitea garrantzitsuagoa da, eta izena eman ez dutenen arrazoiei begiratzea; egia da EAEko ezagutza maila altua dela, eta gazte gehiagok har dezaketela parte. Galdera bestelakoa da: zer egin daiteke gazte gehiago aktibatzeko?».

Galdera horren erantzunaren bila, aurtengo Euskaraldian ahalegina egiten ari dira sektore horrengana iristeko. Gazteek osatutako lantalde bat sortu dute, eta herri batzordeetan haien partaidetza sustatu dute. Horrez gain, 16 urtetik beherako ikasleak «etorkizuneko ahobizi eta belarriprest izan daitezen», haur eta nerabeentzako unitate didaktikoa sortu dute, aurrekoan egin zuten bezala. «Haur eta nerabeek euskaraz egitea nahi dugu, baina, batez ere, hizkuntza hautua modu kontzientean egin dezaten garrantzitsua da».

Ahalegin hori egiten ari dira antolatzaileak, eta emaitzak ikusteko daude. Errealitateak, baina, bestelako ertz bat ere izan dezake. Jaime Altuna EHUko Antropologia Fakultateko irakasleak galdera bat egin zien bere ikasleei, ea zergatik iruditzen zitzaien izan zutela gazteek parte hartze txikiagoa aurreko Euskaraldian: «Esan zidaten ikusten zutela helduen bidez zetorren gauza bat zela, goitik zetorren zerbait». Eta horrek gazte askorentzat erakargarritasuna mugatzen duela uste du. «Eskolan euskararen erabilera sustatzeko programa ugari egin dituzte, eta kutsu hori hartzen zioten».

Urkijok aitortu du gazte batzuen begietara irudi hori izan dezakeela Euskaraldiak, baina praktikan ez dela goitik ezartzen den zerbait, herriz herri ari direlako batzordeak antolatzen eta jendea aktibatzen. «Baina, pertzepzioa badute, haiekin hitz egin beharko dugu, errealitate hori ezagutzea garrantzitsua baita».

2018ko beste Euskaraldia

Euskaraldia 16 urtetik gorako herritarrentzako ariketa sozial gisa aurkeztu izan dute orain arte, eta horrek badu bere zergatia. Hizkuntza ohituren aldaketa gazte eta helduek egiteko eskatu da, haurrek imitazio bidez jokatzen dutelako, eta Euskaraldian eredua helduek egin behar zutela ebatzi delako. Hala ere, egia da sortu diren unitate didaktikoek ariketa soziala eskola askotara eraman dutela, baina haurrek ez dute ahobizi eta belarriprest rolen artean erabaki behar izan.

Duela bi urteko aldian, baina, Euskaraldiak iraun zuen egunetan beste Euskaraldi paralelo bat antolatu zuten Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Ttakun euskara elkarteak, Oriarte institutuak eta udalak sustatuta, 12-18 urte arteko gazteek parte hartzeko ariketa sozial bat antolatu zuten. Horretarako, metodologia aldatu behar izan zuten, Iñaki Eizmendi proiektuaren sustatzaile eta Ebete enpresako kidearen arabera: «Nerabeei ezin zaie eskaini ahobizi edo belarriprest izatea besterik gabe, bereziki ahobizi izatea». Gazteentzat presio handiegia izango litzateke une oro leku guztietan euskaraz egitea, Lasarte-Orian horretarako baldintzak egon badaudelako. «Eta, helburuak lortu ezean, porrot sentsazioa izan zezaketen».

Horregatik, izena eman zuten 450 ikasle inguruk belarriprest rola hautatu behar izan zuten, baina jarrera aktibo batekin, ahobizi baten pareko jarrerarekin. Binakako harremanetan eragiten saiatu ziren, eta hor emaitza positiboak izan zituzten, parte hartzaileen %30ek esan baitzuten askoz gehiago egin zutela euskaraz egun horietan. «Euskararekiko jarrera positiboa dutenak ahalduntzeko baliagarria izan zen, egun horietan zilegitasuna sentitu zutelako euskaraz aritzeko». Esperientzia berriz egingo dute aurten, eta hemendik bi urtera egingo den Euskaraldian beste herri batzuetara ere hedatu nahiko lukeela dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.