Katalunia. Auzi judizialak

Puigdemonten euroaginduari buruzko auzi saioa, hilaren 29an

Presidente kargugabetua aske geratu da, Belgikako Justiziaren aurrean deklaratu ondoren

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetua, atzo, Bruselan, epailearen aurretik pasatu ostean. JAVIER ALBISU / EFE.
ander perez zala
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Hilaren 29an egingo dute Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuaren aurka aurkezturiko euroaginduari buruzko auzi saioa, Belgikako Fiskaltzak atzo jakinarazi zuenez. Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak Puigdemonten aurkako hirugarren euroagindua aurkeztu zuen aste honen hasieran, sedizioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea egin dituelakoan. Buruzagi katalan independentistak delitu horiengatik zigortu dituzte bederatzi eta hamahiru urte arteko kartzelaldietara.

Haren aurkako euroagindua aurkeztu zutela jakin zuenetik, Puigdemontek argi utzi zuen Belgikako Justiziarekin kolaboratzeko prest zegoela, eta hala egin du egunotan. Herenegun goizean joan zen auzitegira, eta instrukzio epaile baten aurretik pasatu behar izan zuen, «atxilotze» egoeran geratu baitzen. Hori egin ondoren, atzo eguerdian atera zen aske bermerik gabe, baina baldintza batzuekin: egoitza finko bat izan beharko du —hala du dagoeneko, eta herrialdetik atera nahi duen bakoitzean baimena eskatu beharko dio epaileari, Kataluniako presidente kargugabetuak berak atzo azaldu zuenez: «Agintari judizialen esku nago, haiek nahi dutenerako. Nire eskubideez gozatzen jarraituko dut».

Puigdemontek Gonzalo Boye abokatua izan zuen alboan une oro, eta hura baikor agertu zen datozen egunetan «dosierra argitzearen» inguruan, euroaginduak «berriz ere hutsegiteak» dituelako. Euroagindu hori gazteleraz jaso zuten Belgikako erakundeek, eta herrialdeko hizkuntza batera itzultzeko eskatu zioten Llarenari, aurrekoa ezin zutelakoan onartu.

Fiskaltzak atzo jakinarazi zuenez, testua itzulita jaso dute, eta orain «sakonean aztertuko» dute auzi saioari begira. Berez, epaileak data horren ondorengo bi asteetan erabaki beharko luke Kataluniako presidente kargugabetua Espainiaratuko duten. Horri begira, zehaztapen garrantzitsu bat egin zuen fiskaltzak: aurtengoa 2017koaren «desberdina» dela, sententzia baten exekuzioa baita.

Puigdemonten ustezko immunitateak ere zeresana izango du auzi saioan, aurreko bi euroaginduen kasuan Kataluniako presidente kargugabetua ez zutelako boz batzuetan hautatu.

Horretaz, Belgikako agintariek Puigdemonten immunitateari buruzko kontsula helarazi zioten atzo Llarenari: Kataluniako presidente kargugabetua iragan maiatzaren 26ko Europako Parlamenturako bozetara aurkeztu zen, Junts Per Catalunyaren zerrendetan, eta eurodiputatu aukeratu zuten. Ordea, ez zuen kargua hartu, hori egiteko Espainiako Hauteskunde Batzordearen egoitzara joan behar zuelako, Madrilera.

Dirudienez, instrukzio epaileak idatzi bat bidaliko du, baieztatuz Puigdemontek ez duela immunitaterik, ez zuelako eurodiputatu kargua hartu; horretarako, besteak beste, Espainiako Konstituzioari men egin behar zion.

Puigdemonten Espainiaratzea erabakiko balute, Kataluniako presidente kargugabetuak aukera luke helegite bat aurkezteko apelazio auzitegi batean eta, horrek ere baiezkoa emango balu, pauso bera eman lezake kasazio auzitegi batean. Hortaz, kasuak hainbat hilabete iraun dezake.

Puigdemonten aurkako lehen euroagindua Espainiako Auzitegi Nazionalak aurkeztu zuen duela bi urte —2017ko azarotik dago Puigdemont Belgikan—, baina Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen kasua haren eskuetara pasatu zenean.

Bigarrena Kataluniako presidente kargugabetua Alemaniara joan zenean aurkeztu zuten; kasu horretan, Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak ebatzi zuen «onartezina» litzatekeela matxinadagatik Espainiaratzea, hori soilik diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik egin zitekeelako. Llarenak Puigdemonten Espainiaratzea baztertu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.