SOSLAIA. Christine Lagarde

Politikari soslaia ekonomia pizteko

NDFko presidentetza behin-behinean laga du, EBZrako bidea egiteko. Legelaria eta politikaria da, ez ekonomista.

Christine Lagarde. LUKAS COCH.
Jon Fernandez.
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Lehen emakumea izan daiteke EBZ Europako Banku Zentraleko presidentetzan, eta ibilbide profesionala banku zentraletan egin ez duen estreinakoa. Azken finean, EBZren hurrengo pauso ekonomikoak —eurogunearen inflazio ahula eta hazkunde motela hauspotzeko pizgarri berritzaileak— saltzen ondo jakin dezakeen komunikatzaile iaioaren soslaia betetzen du Christine Lagardek (Paris, 1956). Legelari eta politikari bat jarri nahi dute euroguneko kargu ekonomiko garrantzitsuenaren lemazain.

Komunikaziorako gaitasuna

Diru politikari buruzko erabakiak kolegiatuak izaten dira EBZn, baina presidenteari dagokio erabakiak publikoki esplikatzea, arrazoitzea, eta merkatuak konbentzitzea. Mario Draghi gai izan zen 2012an euroa amildegitik salbatzeko hiru berba erabilita: «Whatever it takes», esan zuen, EBZ «edozer egiteko prest» zegoela euroa salbatzeko, eta balio izan zuen merkatuak baretzeko. Ekonomista guru bat baino gehiago, EBZren buruak komunikazioaren prestidigitadore izan behar du sarri.

Eta Lagardek badu eskarmentua egoera zailak kudeatzen aurpegiko azala gehiegi gorritu barik: Frantziako Finantza ministroa izan zen krisi ekonomikoaren hasieran, 2007tik 2011ra, Nicolas Sarkozyren garaian; eta NDF Nazioarteko Diru Funtsaren presidentea izan da 2011tik. Austeritate gordinenaren sinonimo da Lagarde erreskate finantzarioen ondorioak jasan dituzten herrialdeetan, Grezian bereziki.

Epaitegitik ere igarotakoa da. 2016an izan zen, Tapie iruzur auziagatik. Arduragabe jokatu izana leporatzen zioten, ministro zela onartu zuelako estatuak Bernard Tapie enpresaburuarekin zuen auzia arbitratze pribatu batekin amaitzea: estatuak 404 milioi euro pagatuzizkion Tapieri, Lagarderen oniritziarekin. Justiziak arduragabekeriaren errudun jo zuen, baina ez zion ezarri zigorrik.

NDF beso irmoz gidatzen egindako zortzi urteek nahikoa autoritate aitortzen diote Lagarderi, curriculumean ekonomista eta bankari galoiak izan barik, EBZn aginte makila hartzeko. Une delikatuan hartu ere. Batetik, Draghik iragarri du prest dagoela udazkenean kargua utzi baino lehen pizgarri gehiagorako bazuka berriro ateratzeko, nahiz eta merkatuek zalantza handia izan muniziorik geratzen ote zaion EBZri. Bestetik, AEBen merkataritza gerra mehatxuekin nahikoa ez eta Donald Trump presidenteak berriki larrutu du Draghi Twitterren, egotziz euroa debaluatzen ari dela pizgarriekin eta ohartaraziz AEBek dibisen gerra ere abiaraz dezaketela euroa kaltetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.