martxelo otamendi
Kataluniako hauteskundeak. ANALISIA

Eulia airean harrapatu du Illak

2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Kataluniako legebiltzarrerako azken hauteskundeek 2015, 2017 eta biharkoek beti merezi izan dute aspaldiko garrantzitsuenak izateko kategoria. Horregatik mugimendurik txikienak ere lurrikara politikoaren tratamendua dauka, bereziki unionisten hautagai nagusiari, Salvador Illa sozialistari, mesede egiteko bada. Horren lekuko, asteon Kataluniako alderdi abertzaleetako goi kargudunek JxC, ERC, PDeCAT eta CUP sinatu duten papera, dokumentu deitzea asko da, konpromisoa hartuz ez dutela erraztuko Illa izatea Kataluniako hurrengo presidentea.

Sinatutako paper horren albistearen berri edukitakoan, oso erraza izan zen irudikatzea alderdi horietako arduradun nagusiak Bartzelonako izar askotako hotel batean bildutaMajestic hotelean CiU eta PP, 1996an, eraikin historiko batean Tinell aretoan 2003an PSC, ERC eta IV edo Kataluniako historia politikoan gogoangarria den monasterioren batean Montserrat, Poblet.

Alegia, manifestu arrazoitu bat, hitz potoloz osatutako testua, betiereko konpromiso irmo eta makurrezinak, historia liburuetan pantaila digitaletan, barkatu erakutsiko den testua, independentziara iritsi nahi duten beste herrientzako ezinbesteko vademecum-a ...Inolaz ere ez. ANCrekin haserretu eta Catalans Per la Independencia talde txikia sortu dutenen ekimena izan da, ikaragarri sinplea delako sinestezina ematen duena.

Joan dira aste honetan erakunde horretako kideak independentziazale diren alderdietako ekitaldietara, harrapatu dituzte ekitaldiaren bukaeran hizlariak, esan diete sinadurak biltzen ari direla Illa presidente izan ez dadin, eman diete bolaluma eta politikariek sinatu egin dute, ikusitakoan beste alderdietakoak ere bazeudela. Eta sinatzaile bakoitzari bere alderdian kontuak eskatu dizkietenean, «zer egingo nuen bada» aurpegia jarri dute zer erantzun ez zekitelako.

Beti da oso arriskutsua lehen gehiago orain baino Messiren ondoan baloia hilda uztea area txikian; horixe egin dute bozka eguna baino egun batzuk lehenago papera sinatu dutenek. Illa presidente nahi duten komunikabideek, Kataluniakoek eta Espainiakoek, ez dute aukera pasatzen utzi, eta Messirena egin dute: atezainari baloia hanka tartetik pasatu. Kanpainako izarra bihurtu dute papera, Illari behar duen azken bultzada emateko.

Eulia airean harrapatuta, azkar erreakzionatu du Espainiako Osasun ministro ohiak, eta «independentziazaleen Colon plazako argazkia» deitu dio paperari. Horren zain zegoen Illa, independentziazaleen akatsaren zain, aurreikuspen onekin hasitako kanpainari bukaera indartsua emateko. Ostegunean egindako elkarrizketetan eta egun berean Espainiako telebista kate batean egindako eztabaida trumiltsuan, behin eta berriro aipatu zuen sinaduren papera. Gobernu independentziazalearen aurkako erreferentzia masiboa bihurtuta bakarrik irabaz ditzake hauteskundeak hautagai sozialistak. Pandemiaren egoeragatik boto ematera joateko asmorik ez daukaten Bartzelona inguruko hirietako herritar adinduak mobilizatu beharko ditu horretarako.

Independentziazaleei kalte gutxiago egingo die COVID-19ak eragindako abstentzioak, mobilizatzen ohituagoak daudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.