begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Gutiziarik gabe ez baita justiziarik...

2022ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
We want to be, to be in the number, oh when the Orkestra Lurtarra go marchin' in!

Beste hamaika kontuz egin genezake berba eta hizki. Baina ez dut ez gura, ez gogo, ez laket, ez apeta, ez kapritxorik. Eta ez pentsa, badira aipua merezi duten beste afera franko. Esaterako, hor duzue ikusgai, Kanalduderen webgunean, Josu Martinezen Bizkarsoro proiektuaren parte bat den Subandila film laburra, Euskal Herriko 30 herri korritu dituena, Laburbira ekimen ero-gozo-osoaren aukeretako bat izan baita. Labur honetan, naziek Iparraldea okupatu zuteneko garai garratzetara bultzatzen gaitu Caminho Longe eta Jainkoak ez dit barkatzen pieza izugarri onen autoreak.

Badago zer kontatu, zer komentatu, zer proposatu bastante eta dezente. Baina hurrengo baterako utziko dut. Gaur nahi baitut to be in the number, Imanol Zinkunegik eta irudigile-soinugile-marrazkigile saldo eder osoak pantailaratu duten Orkestra Lurtarra jotzen hasten denerako. Jotzen hasi Euskal Herriko zinema saloietan barna. Jotzen hasi... Zer, ordea? Ba, esaterako, Anariren Aingura hegodunak. Edota Mursegoren Zuek zarete za!. Edota Talka Recordsek proposaturiko Agur Jaunak txit sakratuaren bertsio txit aldika matxino osoki gozoki lotsagabea; zeru, aldare eta kapitolio goienetan dauden denekiko bertsio adeigabe eta agurgarria. Nork joa? Jakin, zehatz-zehatz ez dakit, baina susmoa dut (baita lepoa jokatu ere) ez ote den Ion Celestino, Pablo Maza eta Adrian Martinez manduler-mandil-soinu trafikari horiek osaturiko, oh, my godness, The Aggrohornsek.

Izango dira hor nonbait aipua merezi duten beste mila afera. Etsenplu, hain majoak izanda, karteldegian hain fier dirauten Barraskiloa eta balea izenburupean ezkutatzen diren lauzpabost marrazki bizidun ataleko sorta. Nahasten dira bilduma horretan animazio estilo eta manera hainbat. Gaur egungoenak zein aspaldikoenak. Gure inguruetan sortuak, eta han, urrutian, Pragako Barrandov estudioetan aurkitutako hautsez beteriko altxorrak, museo pusketak diruditenak. Aukeratu beharrean jartzen banauzue, nik punta fineko lapitz kolore anitzekoez trazaturik dirudien marinel erraldoi eta erromantiko horren istorioa hautatuko nuke oroipen kutxan gordetzeko.

Badira izkina guztietan zenbait eta hainbat tentazio. Eta ez naiz, ezta pentsatu ere, ezta burutik joanda ere, Coda Oscardunaz ari, baizik eta, baizik eta, baizik eta... ilunabarreko dimentsioetan osoki gozoki gabiltzanok baino beste inork kontuan hartu eta estimu handian izan ez duen Morbius elegante-elegante horretaz.

Badira. Badira, baina berriro diotsuet, rapean zein hip-hopean, aldika edo krokanti; erratzaz (xar-xar) eta ez Bermudetakoa, ez isoszelea, ez maitasunarena ez den triangeluaz: askok esaten badute ere nahasmendu guztiak biltzen dituen mundu hau besterik ez dugula ikusiko (Now some say, some say this world of trouble, is the only world we'll ever see), zin egiten dizuet, nik badakit non dauden unibertso bestelako bat osatzen duten Perfumetti-Lurrinetti anaiak. Badakit Aldikak eta Osokik musika zainetan duen haurra munduratu dutela. Badakit Harkaitzek (Cano) eta Enekok (Olasagasti) badakitela paperezko ipuin Euskadi sariduna iruditan gozatzeko moduko alegia-elegia bihurtzen. Eta because, parce que zergatik bai I want to be, to be in the number, Oh Yeah, when Orkestra Lurtarra go marchin' in pantaila guztietan barna.

Aholku bakarra dut zuekin partekatzeko: uste baduzue Xaguxar bilduman irakurri zenutelako zinema areto batean ikustea ez duela merezi, pentsatzen baduzue denbora eta dirua galtzea izango dela, oker, tronpaturik, konfunditurik zaudete. Eta ez Aldika. Eta ez Tarteka. Osoki baizik. Zinema kontuak zinema kontu onak, kategorixekoak, maila eta gozamen handikoak direnean (eta direnero) gertatu ohi den bezala, gauza bat da liburua, eta bestea... pelikula. Lengoaiak dira ezberdinak.

Auskalo zergatik (Warum? Why, Mai perché) tintontzian, tiraderan ahazturik, teklatuko arratoiak janda edo ilustratzailearen paperontzian marruskaturik geratu ziren pertsonaiak harro-harro agertzen dira, orain, fotogrametan. Asmatzen dira txiste berriak. Hiztun eta soinudun bihurtzen da paperezko jendaia, narrazioaren haria bilatu behar dute zinema aztiek. Bilatu, eta aurkitu...

Ez, ez pentsa, inolaz ere, liburua irakurrita pelikula duzuela ikusita. Ezta aldrebes ere...

Bai, badira beste mila kontu kontu-kontari jarduteko Ostiral Santu honetan, baina Orkestra Lurtarra ari da jotzen, eta nik want to be in the number...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.