Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala. kritika. Sail Ofiziala

Nonbait, gehiegi

Gontzal Agote.
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun

'Der Unschuldige' / 'The Innocent'

Zuzendaria: Simon Jaquemet. Aktoreak: Judith Hofman, Christian Kaiser, Thomas Schupbach, Urs-Peter Wolters, Naomi Scheiber, Anna Tenta. Herrialdea: Suitza-Alemania. Iraupena: 114 minutu.

Nonbait, fedeari eta fundamentalismo erlijiosoari begiratu nahi izan die Simon Jaquemetek Der Unschuldige pelikulan. «Nonbait» jarri behar, azkenerako ez baita batere argi gelditzen zein den filmaren gaia. Nahasmenean mugitzen da protagonista, eta, harekin kutsatuta-edo, nahasia da oso Suitza aldetik ailegatu zaigun proposamena.

Hogei urte pasatu ondoren, iraganari so jarriko da Ruth protagonista. Nonbait, orduko gertaerak ez zeuden behar bezala itxita, eta berragertu egingo dira, baina ez da argi geldituko modu errealean edo haren irudimenean. Era berean, familia oso erlijioso bateko kidea izan arren, ez da ongi ulertzen nolatan lan egiten duen animaliekin esperimentuak egiten dituen laborategi batean. Detektibe bat kontrolatuko du, baina nonbait, gero ez du bide horretatik segi nahiko.

Hari-mutur gehiegi zabalduko ditu zuzendariak, eta horiekin zer egin ez dakiela geldituko da filmaren erdialdetik aurrera. Interesgarrienak ziren gaiak, ordea, garatu gabe geratuko dira: iraganaren izaera espektrala edo fundamentalismoak emakumeen sexualitatean erakusten duen izaera.

Horrekin, ikuslearen hasierako harridura eta jakin-mina desagertuz joanen dira, eta pelikula kale itsu batean sartuko da, pelikularen kromatismoa baino ilunagoa dena.

Nonbait, hortik nola atera jakin ezinik, katartiko izan nahi duten bi sekuentzia asmatuko ditu zuzendariak —bainua sexuaren infernu eta berpizkunde miragarria—, baina horiek lortu nahi zutenaren kontrako emaitza lortuko dute. Nahas-mahasa amaiera harrigarri batekin biribildu nahiko du, sinbolikoa, efektista eta, nonbait, argigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.