inaki petxarroman
Euskal presoak. Manifestazio bateratua. Analisia

Ozeano bare eta emankor bat

2014ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Eloy Velasco epaileak debekatu egin du Tantaz Tantak presoen sakabanaketaren aurka eta konponbidearen alde gaurko deitua zuen mobilizazioa. Auzitegi Nazionaleko bere kide Pablo Ruz epaileak —debekuari buruz deliberatu behar zuenak— ez zuen debekatzeko arrazoirik ikusten, baina Velascoren esku utzi du erabakia, eta, hark, oinarrizko eskubideak babestu beharrean, haiek zangopilatzea erabaki du, milaka eta milaka herritarren manifestatzeko eskubidea urratuz.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak ohartarazi du, debekuaren larritasuna nabarmentzearekin batera, erabakiak ez duela isilaraziko gehiengoaren nahia. Egia biribila: euskal gizartearen gehiengo handi bat presoen eskubideak errespetatzearen aldekoa ez ezik, gatazka politikoari konponbide justu eta iraunkor bat ematearen aldekoa da. Eta Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionalak eta Espainiako Gobernuak konponbide hori trabatu nahi dute, eskura duten indarkeriaren monopolioa zorrotz aplikatuz, Estrasburgoko astinduaren ondoren amorrua baretu ez duen pizti aztoratuaren aldartez.

Madrilek pozoiz betetako pilota bat utzi du euskal gizartearen gehiengoa osatzen duten bi adierazpide abertzale nagusien teilatuan. Bidegabekeriaren eta eskubideen zanpaketaren aurrean gogoz erantzun nahi duen herri sektoreak —bereziki ezker abertzalearen mundukoak— eta bidegabekeriaren inposizioa lege bihurtzen dutenen aginduak bete behar izaten dituztenek—EAJren esku dauden Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak— elkarrekin talka egitea zen Madrilen erasoaren helburuetako bat. Lortuz gero, gatazkaren konponbidea zapuztu ez ezik, egoera politikoa nahastu eta zubiak hautsi zitezkeen etorkizuneko balizko konponbide baterako.

Pozoiz betetako pilota horri muzin egin diote, eta horretarako elkarlana eta elkar ulertzea erabili dituzte tresna gisa, Erkorekak aipatutako herriaren gehiengoaren borondatea» aurrera eramateko eta Madrildik datorren itxuragabeko eskubide zapaltzearekin bukatzeko. Bikaina da, ildo horretan, ezker abertzaleak eta EAJk elkarrekin emandako erantzuna.

Espainiak ate guztiak itxi zituenean —Parlamentuan eta auzitegietan— erabaki zuten Kataluniako gizarteak eta indar politikoek euren bide propio burujabea egiten hastea. Elkar hartuta ari dira orain herrialde hartako indar nazionalista eta aurrerakoi guztiak, Espainiaren mehatxuen gainetik. Euskal Herrian ere, Madrilekin elkar ulertzeko aukera guztiak itxita daudela jabetu ondoren, konponbidearen benetako giltza bertako eragileen esku dagoela geratuko da nabarmen. Eta, orduan, ez du zentzurik izango lege bidegabeak «derrigorrez» bete behar izateak. Pase foralaren instituzio juridikoa erabili besterik ez da egongo hori saihesteko. Eta hortik burujabetzara pauso bat besterik ez dago. Buru hotzez eta erantzukizunez jokatzeko garaia da. Itxaropena eta ilusioa piztu dituzte ezker abertzaleak eta EAJk elkarrekin egindako deialdiak. Bilbo herriaren gogoaren adierazpenaren plaza izango da gaur. Ozeano bare eta emankor bat, euskal presoak ez ezik, demokrazia eta bakea euskal kostaldera ekarriko dituen itsas korronte geldiezin bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.