'GAL auzia'. Jesus Mari Garate. B-Egiaz-en sustatzailea

«Giza eskubideen aldeko ekintza gisa ulertzea nahi genuke»

gurutze izagirre intxauspe
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Jesus Mari Garate Pili Zabalaren senarra izan da B-Egiaz plataformaren sustatzailetako bat eta aurkeztu berri duten webgunearen arduraduna.

Nondik sortu da plataforma?

CIAren paperak desklasifikatu zirenean, saio bat egon zen Espainiako Kongresuan ikerketa batzorde bat sortzeko, baina, ez zenez aurrera atera, esan genuen: «Inork ez badu ezer egiten, geuk egin beharko dugu». Gizarte zibiletik sustatutako ekimen independentea izan nahi du. Fiskalak esaten du auzia preskribatuta egoteaz gain ez dagoela inolako zantzurik ikertzeko ere. Uste dugu nazioarteko giza eskubideen zuzenbideak behartzen dituela erakundeak halako auzien gainean esku hartzera, eta erakundeek zerbait gehiago egin beharko luketela. Gu eserita ez gara geratuko.

Sinadura bilketa abiatu duzue GAL auzia argitu eta iker dadin.

Planteatu ziguten manifestu bat egitea, egoki ikusten zuenak babesteko, eta gaiak oihartzuna izatea sustatzeko. Zenbait pertsona ezagunekin abiatu dugu sinadura bilketa, eta ireki egin nahi dugu, bat egin nahi duten guztientzat. Giza eskubideen aldeko ekintza gisa ulertzea nahi genuke.

Manifestua eta plataforma aurkeztu dituzue.

Gauza bat da manifestua, eta bestea plataforma. Manifestuari babesa agertzeaz gain, beste inork nahiko balu gure plataforman parte hartu, horretarako aukera ere irekiko dugu. Webgunean, auziari buruzko informazioaz gain, auzia argitzeko laguntza eskatzen dugu.

Lan bat aurreikusten da, beraz.

Ultramaratoi bat. Lan handia dago egiteko ikerketan, ate asko jo daitezke, eta bide handia dago jorratzeko.

Bi bide bereizten dituzue: judiziala eta ikerketarena.

Bai. Batetik, bide judizialean arakatu behar dugu, zein zirrikitu egon litezkeen auzitegietan bidea irekitzeko, eta ez soilik Espainiakoetan. Eta, bestetik, ikerketa. Ahoz aho zebilen garai hartan mundu osoak zekiela GAL zer zen eta nor zegoen atzean. Uste dugu egon behar duela dokumenturen bat nonbait argia eman dezakeena. Bilaketa horretan segituko dugu.

Itxaropentsu?

Daukaguna baino gutxiago ez dugu edukiko. Uste dugu noizbait egia jakingo dela, GAL nork, noiz eta zergatik sortu zen argituko dela. Guk ez dugu etsiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.