Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena. Miren Larrion. EH Bilduren Gasteizko alkategaia

«Beste lau urte ditugu gehiengo aurrerakoia sendotzen jarraitzeko»

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
EH Bilduk ez du lortu Gasteizko lehen indarra izatea, baina emaitzekin pozik dago Miren Larrion (Legazpi, Gipuzkoa, 1969). Ez dela porrota izan dio.

Zer deritzezu igandeko emaitzei?

Kanpainan, esan genuen kontuan hartuko genituela lortutako bozak eta gehiengo aurrerakoiaren egoera, eta hala egin dugu. Argi dago proiektu kontserbadoreak irabazi egin duela, eta EAJren egitasmoak 3.500 boto ingururen aldea atera digula. Bainaikusi dugu proiektu aurrerakoiaren osasuna ona dela. Hori da bidea. Aurrera egin behar dugu, proiektuak mahai gainean jarriz eta hitz eginez.

Kanpainan, aurreikuspen handiak sortu dira zure hautagaitzarekin. Hirugarren indarra izateak porrot sentsazioa utzi dizu?

Ez. Guk indar berezia jarri dugu bigarren indarrak baino boz bat gehiago ateratzeko ideian, eta, azkenean, EAJren eta gure arteko aldea 3.500 boto baino ez da izan. Beste proiektu batek irabazi du, argi dago, baina, datuak eskuan, ukaezina da gure proiektuaren indarra.

Gasteizen gora egin duzue botoetan, baina ez da nahikoa izan alkatetza lortzeko.

Oraindik ez. Baina argi dugu hau dela bidea. Ongi lan egin dugu, herritarrei begirako proposamenak plazaratu ditugu, kanpainaren tonua baikorra izan da eta jendearen beharretan zentratu gara. Gu hona etorri gara herritarren beharrei erantzunak ematera, eta, alde horretatik, norabide egokian goazela uste dugu.

Beraz, pozik zaude emaitzekin?

Guk emaitza bikainak lortu nahi genituen, eta uste dugu emaitzak oso onak izan direla.

EAJk emaitza bikainak lortu ditu Gasteizen. Duela lau urte Gorka Urtaran alkatetzara eraman izanak mesede egin die jeltzaleei?

Egia da alkatetza izateak indartu egin duela haren hautagaitza, neurri batean. Baina konpara ditzagun duela hilabete lortutako emaitzak eta igandekoak: EAJren boto kopurua antzekoa izan da; PSEk behera egin du, eta EH Bilduk 10.000 boto gehiago lortu ditu. Argi dago PSEren igoera Pedro Sanchezen efektuari lotuta dagoela, eta gure igoera tokian tokikoa dela, norabide egokian goazela. Hortik aurrerako irakurketak soziologoek egin beharko dituzte.

Gasteizen gehiengo aurrerakoi bat lortzeaz mintzatu zara kanpainan. Emaitzak ikusita, nola dago gehiengo hori?

Gehiengo aurrerakoia sendotuz doa, baina oraindik hazteko prozesuan dago. Horregatik diogu honetan ez dela posible izan, baina aurrera goazela. Beste lau urte ditugu gehiengo hori sendotzen segitzeko eta herritarrek eskatzen digutena egiteko. Gehiengo horren mesedetan arituko gara lanean, eta gehiengo hori handitzen den neurrian haziko gara gu ere.

Oposizio lanak egingo ditu EH Bilduk legealdi honetan?

Alkateak elkarrizketa sorta bat irekiko du, eta orduan ikusiko dugu zer proposatzen digun: gobernuan sartzea, itun bat egitea... Horren arabera aztertuko dugu. Oso argi duguna da guk hiria hobetu nahi dugula, hiri eredu bat behar dugula, eta hori soilik ezberdinen artean egin beharko dela. Bide horretan lan egiteko prest gaude. Gure lidergoa partekatzeko prest gaude, hiriaren onerako bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.