Tere Maldonado.

Ustekabeko konexioak

2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Bi gertaera. Lehenengoa: lagun baten pare bat lankide, kontratua amaitu, eta beste lan batera joango dira. Agurreko bazkarian, topa egiteko momentuan, nagusiak «asko ikastea eta gozatzea destino berrietan» opa omen zien. Bigarrena: zertaz ari den ondo dakien lankide batek kontatu zidan aurrekoan gero eta kartoi mehe gehiago erabiltzen direla institutuetan. Loturarik gabeko bi gertakari hutsalak eta arruntak, esango didazue. Bada, ikus dezagun.

Enplegua dugunoi ordaintzen digute lan egiteagatik. Espero izatekoa da, ikasteaz eta gozatzeaz gain, geuk zerbait ematea trukean. Primerakoa da lankideei goza eta ikas dezaten opa izatea. Baina garai hauen kutsu kezkagarria igartzen diot desira horri (egia esan, niretzako jada kiratsa bihurtu da). Eva Illouz eta Edgar Cabanas-en arabera, zoriontsu izateko agindupean bizi gara, happykrazia batean. Iñigo Martinez-ek ere Mandamentu hipermodernoak bere liburu oso gomendagarrian ederki ikertu du eginbehar hori.

Nagusi batek beste enplegu batera doazen lankideei disfruta dezaten esatea, soldatapeko lanak madarikazioa dirudien testuinguru honetan? Enplegurik ez badaukazu, txarto, horrek esan nahi baitu ez duzula bizimodua ateratzeko zerik; eta, baldin badaukazu ere, txarto, gaur egungo baldintzetan enplegu asko asegabetasun, estres, insomnio eta erroilu txarren iturri direlako. Ez dakit kasua den oraingoan, baina, gainera, ondoez horren erantzuleetako batzuk buruzagiak izaten dira sarri.

Ongizate egozentrikoa eta indibidualista bultzatzen duen psikologizismoaren eraginez, nia sistematikoki fokupean jartzen duena, ezin dugu irudikatu ondo egindako lana gogobetegarria izan daitekeela (bereziki beste baldintza material batzuetan izango litzateke hau, azpimarratu nahi dut), ez bakarrik niri ematen didanagatik, baizik eta baita besteei (erabiltzaileei, bezeroei, publikoari, herrikideei, komunitateari) zerbait ematen dielako ere. Jakina, praktika jakinduriaren iturri bat da eta eroriz ikasten da oinez. Baina lanean kontua zen aldez aurretik ikasitakoa praktikan jartzea. Badirudi, ordea, ikastea dela gaur laneko helburu nagusietako bat. Ez bide batez eta nahitaez gertatzen den zerbait, baizik eta bilatzen dena, xedea. Ez da egon behar akaso diferentziarik ikasten eta lanean egotearen artean? Enpresariak datoz gero esaten lan horren truke ez dutela gehiagorik ordainduko, azken finean zure etengabeko ikaskuntza prozesuaren parte baita. Eskerrak eman ez duzula zeuk ordaindu behar ikasten ari zaren guztiagatik!

Ez dut zalantzarik lana ondo egitea pozgarria dela: egin dezakegun onena da, behin hor egonik. Primeran lanean zoriontsu izan eta gozatzearekin, baina gogoratu lan egin behar izatea Itun Zaharreko jainko gupidagabeeta krudelaren madarikazioa dela («Nekeetan jango duzu, zure bizitzako egun guztietan»). Beraz, ez dezagun flipatu kapitalismoak etengabe bidaltzen dizkigun publizitate-mezu engainagarriekin.

Paradoxikoki, aldi berean, eskolan, institutuan eta unibertsitatean gero eta gauza gutxiago ikasten dira (bai, nahiko da «historiako belaunaldi prestatuenaren» mitoaz). Kartoi meheen kontuetara noa. Lankideak eta biok komentatzen geunden zein zaila den eman behar ditugun programekiko interesa piztea ikasleengan. Badakizue, motibazio-ez ospetsua. Filosofia, Matematika, Literatura, Biologia, Hizkuntza, Fisika... bezalako ikasgaiek, munduko gairik interesgarrienen artean egonik ere, ez dute ikasle batzuengan ikasteko guraria sortzen, nahiz eta zeharkako plazerak ekartzen dituzten. Pazientzia behar da eta ahaleginak egin, materia horietan ezkutuko mundu zoragarriei ateak irekitzeko. Baina haiek estimulu adrenalinikoak behar dituzte etengabe. Ulergarria da nerabeek berehalako asetzea bilatzea; baina helduok beti hori berori eman nahi izatea, ordea, ez da ulergarria, ezta onargarria ere. Hain zuzen, desira ezin dela beti berehala bete irakatsi behar diegu. Are gehiago, desira batzuk ezin dira inoiz ase. Asegabetasuna ez da bizitzak ematen digun gauza bakarra, eskerrak, baina bizitza gizatiarraren osagai ukatu ezina da, eurek oraindik ez badakite ere, ikasten baitaude.

Ikasle batzuk ez dira inora iristeko gai, baldin eta ahalegin txikienik eskatzen badu. Burua hautsi dezakegu, demagun, erlijioz kanpoko ikuspegi batetik ontasun eta gaiztakeriari buruz ikasgelan gogoeta egin nahian. Egia da asko lotzen zaizkiola honi edo klasean lan egin beharreko beste edozeri, pentsakor geratzen dira eta ekarpenak egiten dituzte; baina gehiegi dira klase boikota egiten dutenak. Gauzak horrela, askoz errazagoa da ikasgelara kartulinak eta errotuladoreak eramatea eta hor gauzatxoak margotzen egotea (esan nahi dut, arte edo marrazketa ez den ikasgai batean). Gutxiago ikasiko dute gaiaz, baina entreteniturik egongo dira eta ez dute gerra handirik emango (azken finean, zoriontsua izatea da kontua, eta lanean edo langabezian izango dute aukera ikasteko).

Behin batean, kazetari batek galdetu zion Fernando Fernan Gomez aktore eta zine zuzendari espainolari: «Zoriontsu al zara zu?». Berak haserre eta sumindurik erantzun zion, orroka: «Zoriontsu ni? Baina faborez! Zuk nor naizela uste duzu!». Erantzun horrek, boutade hutsa izan baino gehiago, bere baitan jakinduria sakona daukalakoan nago, bereziki garai hauetan, non lau haizeetara muturreko zoriontsu garela harropuztu behar dugun sare sozialetan. Ez berehalakoa ezta agerikoa ere, agian benetako jakinduria ororekin gertatzen den bezala.

(Ez dakit agerian gelditu den hasieran aipatutako bi gertakarien arteko lotura).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.