KRITIKA. Opera

Mitoa eta errealitatea

2017ko otsailaren 24a
00:00
Entzun

'Don Giovanni'

Musika zuzendaria: Keri-Lynn Wilson. Eszena zuzendariak: Jonathan Miller eta Allex Aguilera. Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo. Eguna: Otsailaren 21ean.

Justizia egin du OLBEk azkenean bere buruarekin eta publikoarekin, Mozarten maisulanaren bertsio oso ona aurkeztuta. Austriako musikari peto-petoak drama aldi berean serio eta barregarria asmatu zuen, Tirso de Molinaren atzetik sortu ziren hamaika bertsioetatik berea landuz. Esaterako, Don Giovanniren bertsio mozartiarrean, protagonista andrezalea aspaldian egin zituen balentriez bizi da, opera honetan bere ahalegin guztiak porrotean amaituko direlako. Hortik dator barregarritasunaren alderdi bat. Halere, konpositorea ez da gonazalearen mitoan geratzen, eta gainontzeko pertsonaien izaera deskribatzen du, hots, maitaleen amodio zintzoa, emakume alboratuaren arima-egoera bikoitza... Eta hori guztia musika eta kantuaren bidez azaldua.

Saltsa honetan Keri-Lynn zuzendari kanadarrak modu zoragarrian interpretatu zuen partitura Euskadiko Orkestra Sinfoniko bikainaren aurrean: lan xehez, polito kontzertatu zituen musikari taldeak eta abeslariak eszena koraletan, samurtasunez eszena lirikoetan, graziaz barregarri diren pasarteetan, indarrez pasadizo tragikoetan. Bera eta musikariak izan ziren arrakastaren erantzule, neurri batean. Bestalde, asko gozatu genuen Allex Aguileraren aktore-abeslarien zuzendaritzarekin; oholtzara igo ziren guztiek helburu dramatikoari jarraitu zioten.

Abeslarien alorrean, Simon Keenlyside baritonoak kantaldi zuzena egin zuen, baina seduktorearen ahotsak bolumen eta zabaltasun handiagoa behar zituen. Simon Orfila baritonoak, berriz, bolumen eta zabaltasun hori azaldu zituen Leporello morroiaren rolean, txukun; aldiz, antzezpen hobea eta kantu bariatuagoa eskatuko genizkioke. Davinia Rodriguez, oso ondo; soprano ahots ziurra azaldu zuen, baina ez uniformea behe eta erdi mailetan, batzuetan tutuaren oihartzunarekin, Donna Annaren rolean. Serena Farnocchia soprano spintoaren kantua egokia izan zen, eta ondo gainditu zuen Mi Tradi Quell´Alma ingrata ariarik zailena. Gozamena izan ziren Miren Urbieta soprano gaztearen abesteko era eta dramatizazioa Zerlinaren rolean; xarma handikoa izan zen Batti, batti izeneko aria. Primerakoa izan zen Jose Sola tenorraren kantu dotorea ere Don Ottavioaren rolean, igorpen atseginarekin legatoan.Giovanni Romeoren kantaldia zuzena izan zen, eta Gianluca Buratto baxuak biribildu egin zuen Gomendadorearen beste munduko predikua.

Eszena ezberdinetarako, dekoratuak berberak eta eskasak izan ziren. Aldiz, garaiko arropak egokiak izan ziren rol guztietarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.