Aretha Franklinen heriotza. IRITZIA

Herrikoitasuna eta bertutea

Ion Celestino.
2018ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Aspaldian Aretharekin sobera gogoratu gabe... abuztuaren 5ean BERRIAn argitaratutako elkarrizketa Iñaki Añuari: «Aretha Franklin da Gasteizko Jazzaldira ekarri nahi eta ezin izandako artista bakarra». Airez nahiz itsasoz bidaiatzeko beldurrak. Eta, egun gutxiren buruan, sarean irakurria: «Gravely ill». Eta segituan hil.

Soularen Profeta Nagusien artean ahotsik sendoena.

C.L. Franklin erreberendoaren alaba, Ermaren ahizpa. Gospeletik pop musikara salto eta bertan tradizio afro-amerikarra (bir)txertatu izanaren paradigma. Herrikoitasuna eta bertutea.

Detroiten hazi arren, Motorraren Hiriko doinu eztiez ez: Muscle Shoalsen soinu gordinetan ezagun egin zitzaiguna.

Otis Reddingen kantua, Aretha Franklinek abestua: R.E.S.P.E.C.T. Eskubide zibilen eta emakumeen borrokaren ereserkia bihurtu zuena. Behar duguna begirunea da.

Osabari esker lehen aldiz Blues Brothersen 1980. urteko filmean ikusi genuena.

Soul Train saioan Rocksteady kantua eman zuena.

Neguren Gora Herria kantuaren introko boz sendatzailea «I Love You, I Love You, I...».

Plastikozko pop izar horietako bat izateko gizakiegia; gizakia izateko naturaz gaindikoegia.

Onerako edo txarrerako, ondorengo R&B abeslarien kanon nagusia ezarri zuena. Beretzat naturala zena erridikuluraino imitatua izan dena.

Banakoaren autoafirmazioa eta komunitatearen identitatea sortu edota sendotzea da musika beltza esaten diogun horren mirari nagusietarik bat. Horretan ere erraldoi. Entzun orain Curtis Mayfieldekin batera egindako Sparkle filmaren soinu banda.

Musika bizitzarako ezinbestekoa zen garai eta tokien oihartzuna dakar gaur ere Arethak, eta herentzia utzi digu: berriz ere halaxe izateko beharra. Sentipen natural bat. Ez adiorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.