KRITIKA. Musika

Bakandu

Pablo Ferrandez biolontxelo jotzailea. ROBINTOWNSEND / EFE.
2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert Treviño. Biolontxeloa: Pablo Ferrandez. Egitaraua: D. Xostakovitxen '2. Kontzertua biolontxelorako' eta R. Schumannen '4. Sinfonia'.Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abenduak 4.

Enigmatikoa izendatu du Euskadiko Orkestrak bere denboraldiaren hirugarren programa bikoitza, zuntz erromantikoaren zurrunbiloan gogoz sartzen diren bi konpositoreen obrak taularatuz. Erronka itzela, kontuan hartuz gure orkestra pluralean aritzen dela orain, bi talde osok elkarri erreleboa hartzen baitiote abonatuen kopuruaren eta aforo murriztuaren artean sortzen den asimetria orekatzeko asmoz.

1943an Dmitri Xostakovichek Mstislav Rostropovitx biolontxelo jotzailea ezagutu zuen, hark ematen zuen orkestrazio eskolan. Ordutik sortutako adiskidetasunaren fruituetako bat dira Xostakovitxek biolontxelorakohau da, Rostropovitxentzat idatzi zituen bi kontzertuak. Ostiraleko kontzertuen lehen txandan entzun genuen bigarrenean ez da instrumentuaren luzimendu alairik ageri; bai, ordea, interpretearen tasunak zabaldu eta arakatzen dituen une biziak. Pablo Ferrandezek obra osoaren izaera iluna eta barnekoia islatu zuen lehen mugimenduaren sarreran, eta kolore sendo zein ñabardura ugariko pasarteak eskaini zituen. Orkestraren presentzia ziurrarekin bat eginez, tarteka groteskorantz hurbiltzen den lehen Allegretto-an bereziki nabarmendu ziren.

Gogotsu zegoen publikoa 1841ean Robert Schumannen jatorrizko 4. Sinfonia (2. sinfonia zena) lehen aldiz eman zen egunean, baina ez estreinaldiarengatik beragatik, baizik eta Franz Lisztek eta Clara Schumannek eskainiko zuten piano duoagatik. Sinfoniak ez zuen arrakasta handirik lortu. Hamar urte geroago, Robertek berrikusi eta berriro orkestratu zuen, gaur egun gehien entzuten den 4. Sinfonia osatuz. Robert Treviñoren batutaren zirrarari jarraituz Euskadiko Orkestrak bereziki piztu zituen lebhaft zatiak, argitasun handiko interpretazioa lortuz. Gozagarria, oboeran melodia zabala Romanze-an; hirugarren mugimenduaren kontrastez beteriko trioa, goxo. Azken mugimendua argitasunerantz doan bide zuzena eta orekatua izan zen, enigmen, ezezagunen eta ezbaien garrek kanporatzen dituzten inarrak nonahi, beharbada horiek bakantzeko irtenbidearen bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.