Lurrikara Nepalen

Nepalen dauden euskal herritarrak onik dira

Hego Euskal Herriko 37 pertsona badira; haietako bat ospitalean da, izozteak dituelako.Bertze biren bila ari ziren atzo, baina arratsaldean aurkitu egin zituzten.Iparraldeko hainbat mendizale ere han dira

Turista anitz hartzen ditu Nepalek; irudian, Everesteko kanpalekua. AZIM AFIF / EFE.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herriko 40 herritar baino gehiago dira Nepalen. Hego Euskal Herrikoak dira 37, gutxienez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak atzo ezagutarazi zutenez. 37 pertsona horietatik ospitalean da bat, Katmandun, eskuetan izozteak dituelako; lurrikara gertatu aurretik zauritu zen mendizalea. Bertze bi mendizale arabarren bila segitzen zuten oraindik atzo goizean, baina arratsaldean aurkitu egin zituzten. Lurrikara gertatu baino lehen, Katmandutik Langtangera joan ziren, trekking egitera. Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari Marian Elorzak ohartarazi zuen atzo goizean «arrazoizkoa» zela haien berri jasotzeko zailtasun handiagoaizatea. Haiekin harremanetan jarri ahal izan zuten, azkenean, arratsaldean. Gainerako hego euskal herritarrak ere ongi zirela baieztatu zuten bi administrazioetako arduradunek.

Ipar Euskal Herriko hainbat mendizale ere badira Nepalen; Biarnoko eta Bordeleko (Okzitania) bertze hainbat pertsonarekin joan ziren, Mertxe eta Robert Larrandaburu euskal mendizaleak gidari zituztela. Hamabost pertsonak osatzen dute taldea, guztira, eta denak onik dira. Euskal Irratiekin mintzatu zen Mertxe eta Robert Larrandabururen alaba Oihana Larrandaburu atzo, eta ongi zirela baieztatu zuen.

Komunikazio arazoak

Komunikazioa ez da erraza. Berriozarko (Nafarroa) alkate Xabi Lasak Nepalen diren herri horretako zortzi pertsonekin hitz egin ahal izan du, hala ere, azken egunotan. «Whatsapp bidezkoa da harremana. Trekking egitera joan, eta Katmandura bueltan harrapatu zituen lurrikarak; onik dira, Katmanduko hotel batean», azaldu zion, atzo, BERRIAri.

Aralar-NaBaiko parlamentari Txentxo Jimenez da Nepalen diren herritar horietako bat. Atzo BERRIAri Whatsapp bidez azaldu zion Katmandun segituko dutela, oraingoz, zailtasunak baitituzte handik atera ahal izateko. Hilaren 4an ailegatu zen taldea Nepalera, eta asteon zuten itzultzeko asmoa. «Espainiako enbaxadak aukera eman digu New Delhira joateko; baina han gure kabuz bilatu beharko genuke itzultzeko modua. Nahiago dugu hemen gelditu», azaldu zuen.

Jimenezek onartu zuen «pribilegiatuak» direla. «Guk hemendik alde egin ahal izanen dugu. Hemengo herritarrek, ordea, urteak beharko dituzte lehengo egoerara itzultzeko. Halako hondamendiek pobreenak jotzen dituzte beti; hemen emanen dugun denborak balioko digu horretaz ohartzeko, errealitatea ezagutzeko».

Nepalen diren nafarren artean gobernuz kanpoko bi erakunderekin lanean ari diren bi pertsona badira ere. Finlandiako enbaxadaren egoitzan eman diote aterpe haietako bati; bertzeak, berriz, Nepalen gelditzeko asmoa agertu du jada, lanean segitu ahal izateko. Everest mendiko kanpaleku nagusian ere argazkilari bat dago. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Barne eta Justizia kontseilari Javier Morrasek atzo onartu zuen haren egoera «pixka bat zailagoa» dela; handik aterako zuen helikoptero baten zain zegoen atzo. Aukera horrek huts eginez gero, hainbat eguneko bidaia egin beharko luke, aireportu batera ailegatzeko. Nafarroako Gobernuak ez du baztertu Nepalen nafar gehiago izateko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.