Albistea entzun

Pentsiodunen mugimendua. Greba orokorra

Krisiaren erantzunetik «alternatibetara»

2009 eta 2013 artean, zortzi greba orokor egin zituzten Hego Euskal Herrian erreformen eta murrizketen aurka. 2012ko martxokoa izan zen handiena, eta ziklo haren ostean eratu zuten Eskubide Sozialen Gutuna.

2013ko martxoko grebako mobilizazio bat, Bilbon.
2013ko martxoko grebako mobilizazio bat, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Hodei Iruretageoiena -

2019ko urriak 24

Martxoaren 8an Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatutako grebaren aurretik, sei urte baino gehiago ziren sindikatuek eta eragile sozialek azken greba orokorrera deitu zutela. 2013ko martxoaren 30ean izan zen, ELAk, LABek eta beste batzuek osatutako gehiengo sindikalak antolatuta. Mobilizazio ziklo luze batetik zetozen, eta bost egun lehenago hasi zuten Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzeko prozesua. Grebaren ostean, sindikatu nagusiek azaldu zuten «erantzun hutsa izateari utzi» ziola eta «alternatibaren alde borrokan hasteko beharrezko bultzada» izan zela. Geroztik ez da halako deialdirik izan, atzo arte. Egoera politiko nahasian, atzeraldi berri baten mamua gainean dela, eta mugimendu feministak eta pentsiodunek kaleak bete ondoren, Eskubide Sozialen Gutunak berak deitu du greba orokorrera.

Azken greba haren aurretik, beste zazpi ere izan ziren Hego Euskal Herrian, 2007-2008ko finantza krisiari eta gobernuak bultzatutako murrizketa politikei erantzuteko. Mobilizazio ziklo haren ostean hasi zuten Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzeko bidea: urtebeteko prozesu parte hartzailea egin, eta 2014an aurkeztu zuten gutuna, Bilbon. 145 eragile inguruk babestu zuten hamasei neurri jasotzen zituen Programa Soziala, eta, berriz kalera dei eginez, manifestazioak antolatu zituzten Bilbon eta Iruñean, «aldaketa sozialaren» alde.

Geroztik, ikuspegi ezberdinak azaldu ziren gehiengo sindikalaren barruan —ELA eta LABen artean bereziki—, eta murritzagoa izan da azken urteetan Eskubide Sozialaren Gutunaren kaleko jarduna. Aurten, berriz, 51.000 lagunen sinadurak bildu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta herri ekinaldi legegile bat aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean, pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurka. Tramiterako ere ez zuten onartu, ordea, aurkako botoa eman baitzuten EAJk, PSEk eta PPk.

Zortzi greba lau urtean

2009ko maiatzaren 21ekoa izan zen krisi garaiko lehen greba orokorra, ELAk, LABek eta gehiengo sindikala osatzen zuten gainerakoek antolatuta. Ezker abertzalea legez kanpo zela, Patxi Lopezek Eusko Jaurlaritza hartu eta gutxira izan zen greba hura —UPNk jarraitzen zuen Nafarroako Gobernuan—, eta inplikazio politikoak ere ikusi zituzten askok.

Jose Luis Rodriguez Zapateroren lan erreformaren aurkakoa izan zen 2010eko ekainekoa —CCOO eta UGT ere irten ziren beren aldetik, eta beste deialdi bat ere egin zuten irailerako—, eta pentsio erreformaren aurkakoa 2011ko urtarrilekoa.

Mobilizazio aro hartako arrakastatsuena, ordea, 2012ko martxoaren 29ko greba orokorra izan zen. Murrizketen aurka antolatu zuen Euskal Herriko gehiengo sindikalak, baina bat egin zuten CCOOk, UGTk eta beste batzuek ere. Espainiako Gobernuak onartu berri zuen lan erreforma, eta oso jendetsuak izan ziren mobilizazioak. Ertzaintzak larri zauritu zuen Xuban Nafarrate gaztea, pilotakada batekin.

Ondoren, 2012ko irailean eta azaroan —CCOOk eta UGTk deitu, eta ESK, CNT eta CGTk babestu zuten— eta 2013ko maiatzean ere egin zituzten greba orokorrak, baina ez zuten lortu aurrekoaren moduko erantzunik.

Eskubide Sozialen Gutunak greba orokorrera deitu du urtarrilerako

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Adonis Georgiadis Greziako Lan ministroa, bakarrik, lan erreforma onartu duten saioan. ©GEORGE VITSARAS / EFE

Greziako parlamentuak astean sei egunez lan egin ahal izatea onartu du

Iñaut Matauko Rada

Lan erreforma berriarekin langileek egunean hamairu orduz egin ahal izango dute lan, bi lan badituzte. Atzo greba orokorra egin zuten herrialdean lege berriaren aurka.

Eroskik bere bidaien adarra saldu behar izan zuen zorrari aurre egiteko. ©Juanan Ruiz / Foku

Eroskik merkatuetara joko du bankuei ordaintzeko

Iker Aranburu

600 milioi euro arteko bonu bat jaulkiko du, datorren urtean itzuli beharreko zorra amortizatzeko.

Nafarroako Volkswageneko langileak, fabrikaren atarian, artxiboko irudian. ©Idoia Zabaleta / FOKU

Nafarroako VWen etsi egin dute baterien lantegiaren aferan, eta itunean jarriko dituzte indarrak

Irune Lasa

Langile batzordearentzat, «hutsegitea» da bateriak muntatzeko fabrika Landabenetik at egotea. Datozen bi urteetan espero den pattalaldiari begira, enpleguari eutsi nahi dio hitzarmen berriaren negoziazioan.

Kontsumo pribatuak eutsi egiten dio ekonomiari. ©Idoia Zabaleta / Foku

Nafarroako ekonomiak moteltzen jarraitzen du

Iker Aranburu

Nastatek hamarren bat kendu dio uztailean aurreratutako datuari: %2 hazi da BPGa azken urtean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...