KRITIKA. Zinema

Iraganaren iraunkortasuna

Di qiu zui hou de ye wan filmaren fotograma bat. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun

'Di qiu zui houde ye wan'

Zuzendaria: Bi Gan. Aktoreak: Tang Wei, Sylvia Chang, Meng Li, Huang Jue, Chen Yongzhong, Lee Hong-Chi, Luo Feiyang. Herrialdea: Txina. Iraupena: 133 minutu.

Aldi berean bat egin dute karteleran Txinako bi film oso nabarmenek, biak 2018an eginak: batetik, Jia Zhang Ke laudatuaren Jiang hu er nv drama lakarra; bestetik, Bi Ganen Di qiu zui hou de ye wan neonoir oniriko hau.

Jatorriaz harago, hari mehe batek lotzen ditu itxuraz zerikusi handirik ez duten bi filmok. Biek ala biek galdutako amodio baten bilaketaren istorioa kontatuko digute: lehenak, Txina nozitzen ari den aldaketa sozialetan arreta jarriz; bigarrenak, oroimenaren eta iragankortasunaren gaineko estilo-ariketa harrigarria eginez. Iraganaren bilaketari aurre egiteko, estilo eta molde diferenteak, bakoitza berean liluragarria gertatzen ahal dena.

Bi Ganen filmari erreparatuta, Di qiu zui hou de ye wan-i leporatzen ahal zaion kontu bakarra da hainbat mementotan Wong Kar-Wai onenarekin izaten ahal duen kidetasuna. Baina hori ezin da, inolaz ere, gaitzat hartu. Aldiz, maisuarengandik ongi ikasitako leziotzat hartu behar da, berezko izaerarekin interpretatuta.

Alde horretatik, zentzumenentzako opari bat da Bi Ganen filma: ez da soilik duen kolore eta estetika dotoreagatik; objektuek gorpuztasuna dute, euriak bustitzen du eta soinuek berebiziko garrantzia dute hainbatetan Blade Runner-etik ateratako dirudien atmosfera sortzeko orduan.

Inguru horretan mugituko da pertsonaia nagusia, Mike Hammer garaikidea balitz bezala eta David Lynchek nonbait ezkutatu duen oroitzapen baten bila doan alderraia. Aztarnaz aztarna, errealitatearen eta ametsaren artean kulunkatuko den eremu batean mugituko da, harik eta filma beste film baten barruan sartuko den arte; dimentsio ezezagun batera eramanen gaitu. Hortik aurrera, kameraren atzetik gozatzea da zeregin bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.