AEBetako hauteskundeak. Programak

BORROKARAKO ARMAK PREST DITUZTE

Hauteskundeetarako bi aste geratzen diren honetan —azaroaren 3an izango dira—, kanpaina betean daude AEBetako bi alderdi nagusietako hautagaiak. Biek ala biek baliatzen dute aukera oro euren proposamenak zabaltzeko eta aurkariarenak kritikatzeko. Hauek dira eztabaida gehien eragiten duten gaiak.

Donald Trump eta Joe Biden, aurrez aurre, zuzeneko lehen eztabaida saioan, Cleveland hirian. JIM LO SCALZO / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Donald Trump presidentegai errepublikanoaren eta Joe Biden hautagai demokrataren arteko lehen telebista eztabaidak ez zuen inor asebete; ez, behintzat, bakoitzaren proposamen eta argudioak entzuteko gosez pantailaren aurrean jarri zirenak. Kanpaina hasi zenetik beretik elkarren aurkako kritikak izan dira nagusi; aldiz, oihartzun txikia izan dute presidentegaien proposamenek.

Jakina da bi hautagaiek talka egiten dutela gai nagusietan, besteak beste, osasun krisiari erantzuteko hartu beharreko neurrietan, atzerri politikan, ingurumenean edota zergei dagozkienetan. Baina zeintzuk dira haien asmoak? Zeintzuk dira aurrez aurrekorako dituzten arma nagusiak? Jarraian, talkarik handiena eragin duten gaietako batzuk:

COVID-19A

Pandemia dela-eta Trumpek duen jarrerak kritika zaparrada eragin du hasieratik. Osasun krisi betean, birusa «etorri bezala, desagertu» egingo zela esan zuen buruzagi estatubatuarrak, eta, duela gutxi, positibo eman eta erietxe militar batean lau egun egin ostean, jendeari beldur ez izateko aholkatu zion. Biden, aldiz, maskararekin agertu izan da jendaurrean, eta osasun arduradunek emandako neurriak betetzeko eskatu du hasieratik.

Birusarekin bezala, hari aurka egiteko hartu beharreko neurriekin ere ez datoz bat bi hautagaiak. Trumpek urrirako (bozak baino hilabete lehenagorako) iragarri zuen COVID-19aren aurkako txertoa, eta, data urte amaierara atzeratu badu ere, ziurtatzen duAEBak «normaltasunera» itzuliko direla datorren urtean. Bidenek ere txertoaren aldeko apustua egin du, baina harentzako data zehatzik jarri gabe, eta zalantzan jarriz Trumpek osasuna lehenesteko dituen asmoak.

Gaitzaren aurkako tratamendu egokia topatu artean, hala ere, maskararen erabilera bultzatzearen alde agertu da hautagai demokrata, eta esan du gobernadoreen konplizitatea bilatuko duela zentzu horretan. Horrez gain, pandemiak dirauen bitartean, larrialdi egoera ezarri eta baliabide militarrak hari erantzuteko erabiltzearen aldekoa da. Azkenik, atzera egingo luke Trumpen asmo honetan: AEBak OME Osasunaren Mundu Erakundetik ateratzekoan.

EKONOMIA ETA MERKATARITZA

Biak ala biak dira AEBetako ekoizpenari eta zerbitzuei lehentasuna ematearen aldekoak. Estatuburu errepublikanoak, esaterako, agindu bat sinatu zuen, zeinaren arabera gobernu federalak erosten zituen «oinarrizko» zenbait botika AEBetan bertan ekoitziak izango diren. Ekoizpenaatzerrira eraman eta produktuak etxean saltzen dituzten enpresak zigortzea proposatu du Bidenek, eta Trumpen bideari jarraituz iragarri du irabaziz gero gobernu federalak 400.000 milioi erabiliko lituzkeela lau urtean zeharAEBetan ekoitzitako produktuak sustatzeko.

Txinako produktuen gaineko muga zergen inguruan, aldiz, ez da horren argia Bidenen jarrera. Hasieratik kritikatu du buruzagi errepublikanoak hartutako jarrera, nahiz eta urtarrilean Txinarekin sinatutako akordioak urak apur bat baretu zituen. Bidenek esan du Etxe Zurira heltzen bada «berriz aztertu» beharko duela gaia. Aldiz, Trumpek ez du erabat baztertzen Txinak esportatzen dituen beste produktu batzuei ere jartzea muga zergak.

OSASUN ERREFORMA

Barack Obamak 2010ean onartutako Osasun Eskuragarriaren Legea, osasun asegururik gabe zeuden AEBetako herritarrei osasun arreta eskaintzea helburu duena, auzitara eraman zuen Trumpekpandemia betean. Buruzagi errepublikanoak bat egiten du beste hainbat gobernadoreren salaketarekin, eta esan Obamacare izeneko erreforma «legearen kontrakoa» dela, eta iragarri du hura ordezkatuko duen eta «gaixoak lehenetsiko dituen» egitasmo bat aurkeztuko duela. Baina, gaur-gaurkoz, ez du halakorik jarri mahai gainean.

Biden presidenteorde karguan zen Obamak osasun arreta zabaltzeko legea onartu zuenean, eta, logikari jarraituz, haren aldekoa da. Baina urrats bat gehiago emateko prest agertu da hautagai demokrata, eta iragarri du zabaldu egingo duela Obamacare, eta jende gehiagorentzat eskuragarri jarri, besteak beste, arreta eskatzeko gutxieneko adin muga 65 urtetik 60ra jaitsiz.

Paperik gabeko migratzaileei osasun arreta ematean ere ez datoz bat bi hautagaiak. Trumpek iragarri du ez duela onartukozergak ordaintzen dituzten herritarrei esker eraikitako osasun arretaz baliatzea legez kanpoko migratzaileak». Bidenek, aldiz, migratzaileei diru laguntzak emateko aukera baztertu duen arren, haiei doako osasun arreta eskaintzearen aldekoa da.

JUSTIZIA

Breonna Taylor eta, batez ere, George Floyd afro-amerikarren hilketak Poliziaren aurkako kritikak piztu dituAEBetan, eta, batez ere, afro-amerikarren artean. Asko dira eskatzen dutenak utz diezaiotela Polizia Departamentua estatuko aurrekontuetatik finantzatzeari. Demokratek bere egin dituzte afro-amerikarren kexak, baina hortik Polizia aurrekontuetatik ezabatzera jauzi handiegia dago. Bidenek proposatu du 300 milioi dolarreko funtsa bideratzea herritarren eta Poliziaren arteko elkarlana sustatu eta Polizia Departamentua erreformatzera, nabarmenduz «polizia gehienak ohorezko pertsonak» direla.

Trumpek Poliziaren jarrera defendatu du hasiera-hasieratik, eta erabat baztertu du hari aurrekontua murrizteko aukera, «ezkerrari» hura «desegin» nahi izatea leporatuz.

Heriotza zigorra ere eztabaida piztu duten puntuetako bat izan da. Hautagai errepublikanoak sutsuki defendatu du hura. Maiz eskatu du «terroristak» edo armadako desertoreak hiltzera kondenatzeko. Biden, ordea, hura kentzearen aldekoa da, argudiatuz «ezinezkoa» dela ziurtatzea epaimahaiak beti asmatuko duela, eta gerta litekeela inoiz pertsona errugabeak ere hiltzera zigortzea.

Espetxeen pribatizazioan ere ez datoz bat. Trump espetxe pribatuak erabiltzearen alde dago, eta Biden aurka dago.

ATZERRI POLITIKA

Ziurrenik, desadostasun gutxien sortzen dituen puntuetako bat da atzerri politika. Biak daude Afganistandik tropak atera eta bake elkarrizketak bultzatzearen alde. Israel eta Arabiar Emirerri Batuen arteko akordioa, Trumpek bultzatutakoa, begi onez ikusten du Bidenek, eta, AEBetako enbaxada Jerusalemera mugitu izanarekin bat ez datorren arren, ez luke hura berriz Tel Avivera eramango. Iranekiko akordio nuklearrei dagokienez, berriz, Biden negoziazio mahaira itzuliko litzateke, betiere, Teheranek nazioarteak jarritako baldintzak beteko balitu.

Defentsara bideratutako aurrekontua da bien artean talkarik handiena eragin duena. Trump hura handitzearen aldekoa da, militarrei soldata igotzeko eta armategi nuklearra handitu eta hobetzeko. Bidenen esanetan, aldiz, «zenbat inbertitu» baino garrantzitsuagoa da «nola inbertitu» erabakitzea. Ordea, buruzagi demokratak ez du zehaztasun gehiago eman.

KLIMA LARRIALDIA

Klima aldaketa egon badagoela aitortzen du Trumpek, baina zalantzan jartzen du hura gizakiak eragina ote den, eta argudiatzen zientzialariek ez dutela oraindik halakorik frogatu. Bidenek, aldiz, bere kanpainako zutabe nagusi bilakatu du ingurumena, osasunarekin batera. Hautagai demokratak iragarri du bi bilioi dolar baliatuko dituela klima aldaketa geldiarazteko neurriak hartzera. Horietatik 1,7 bilioi lirateke AEBek 2050erako karbono neutraltasuna lortzera bideratuak.

Trumpek, lau urteotan, bertan behera utzi ditu Obamaren administrazioak klima aldaketari aurre egiteko hartutako neurriak, eta baita erregai fosilak bultzatu ere. Hala, iragarria du bozak irabazten baditu, Parisko akordiotik irtengo dela.

Energia nuklearrari dagokionez jarrerak gertuagokoak dira. Trumpek erabat babesten du, eta, Bidenek, aurka ez dagoen arren, ohartarazten du gehiago ikertu beharko litzatekeela hondakin nuklearren eragina. Buruzagi demokratak «energia garbi» gisa aurkezten du nuklearra.

IMMIGRAZIOA

Deportazio aginduen ondorioz, familia asko banatu dituzte AEBetan, haurrak bertan jaioak direlako, eta gurasoak, paperik gabeko migratzaileak. 2019an banatze horiek amaitzeko dekretua sinatu zuen Trumpek, baina ez zuen esan ordura arteko politikak okerrekoak izan zirenik. Aldi berean, Mexikorekiko mugako hesia eraikitzen jarraitzearen aldekoa da buruzagi errepublikanoa —horixe izan zen duela lau urteko bozetako bere proposamen nagusietako bat—. Aldiz, lau urteotan Obamaren garaian baino deportazio gutxiago egin diren arren, horiek gelditzearen aurka dago Trump.

Bestelakoa da Bidenen iritzia. Hark argi utzi du bera ez datorrela bat Obamaren agintaldian migratzaileekin hartutako neurriekin, batez ere deportazioekin. Bidenen arabera, egun paperik gabeAEBetan bizi direnen gehiengoaren delitu bakarra bisa iraungita izatea da, edo Hego Amerikako indarkeriatik ihesi joan izana. Hori dela eta, AEBetako «immigrazio sistema modernizatzea» proposatzen du. Aldiz, hesia eraikitzen jarraitzearen aurka dago, eta, horren ordez, aireportu eta portuetako segurtasuna hobetzearen alde egin du.

Errefuxiatuei dagokienez, Bidenen administrazioa 125.000 asilo eskatzaile onartzeko prest legoke lehen urtean, eta hurrengoetan kopurua moldatuko luke, «erantzukizunaren arabera». Trumpek, aldiz, 15.000an jarri du gehieneko kopurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.