Hiesa munduan: gakoak

2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
GIBa duela 40 urte agertu zenetik, 79,3 milioi lagun infektatu dira harekin, eta 36,3 milioi hil dira hiesarekin lotutako gaixotasunen ondorioz. GIBaren egungo egoerari buruzko argazki bat osatzeko, mundu osoko hainbat daturen bilduma da hau:

Ortzi muga, 2030. urtean
Amaiera data jarri dio Unaids GIB-HIESari Buruzko Nazio Batuen Programa Bateratuak hiesari: 2030. urterako «osasun publikoarentzat arriskua» izateri uztea ezarri du helburu. Hiru zeroko xedea bete nahi du ordurako: hiesarekin lotutako zero hildako, zero infekzio berri, eta zero estigma. Bide horretan, tarteko helmuga zehaztu du: 2025. urterako, 250.000 heriotza baino gutxiagoko langa finkatu du, eta 370.000 infekzio berri baino gutxiago izateko helburua.

Infekzioak eta heriotzak
Egungo egoera urrun dago oraindik Unaidsek 2030erako eta 2025erako marraztu dituenetatik. Iaz, 37,7 milioi pertsona zeuden GIB birusarekin infektatuta. Horietatik, 1,5 milioi infektatu ziren 2020an bertan. Alegia, Unaidsek 2020rako zehaztu zuen milioi erdi infekzio berrien muga halako hiru. GIBdunen %73 egon ziren iaz erretrobirusen kontrako tratamenduan. Hiesarekin lotutako heriotzak, berriz, 680.000 izan ziren.

Heriotza tasa, behera
Hiesarekin lotutako heriotzak nabarmen gutxitu dira azken urteetan. Heriotzen kopurua %64 apaldu da 2004. urtetik —1,9 milioi hildako—, eta %47 2010etik —1,3 milioi hildako—.

90-90-90 helburua
Hiesak 2030ean «osasun publikorako arriskua» izateari utz diezaion, 90-90-90 helburua finkatu zuen Unaidsek 2020. urterako. Hau da, GIBdunen %90 bere egoeraren jakitun egotea, horietatik %90 tratamenduan egotea, eta horietatik %90ek atzeman ezinezko karga birala izatea. Unaidsen datuen arabera, 2020an GIBdunen %84k zekiten beren egoeraren berri, horietatik %87 zeuden tratamenduan, eta horietatik %90ek lortua zuten karga birala atzeman ezinezko kantitatera murriztea.

Arrisku apartekoak
Unaidsek arrisku handienean dauden biztanleria taldetzat jotzen ditu sexu langileak eta haien bezeroak, harreman homosexualak dituzten gizonezkoak, drogak injektatzen dituztenak eta transgeneroak. Talde horiek eta multzo horietako norbanakoen bikoteekdituzte mundu mailako GIB infekzioen %65, batez beste. Drogak injektatzen dituztenek eta emakume transgeneroek dute GIBarekin infektatzeko arriskurik handiena, batezbestekoa baino 35 eta 35 bider arrisku handiagoa, hurrenez hurren.
Desberdintasun handiak daude, hala ere, eremu batetik bestera. Saharaz hegoaldeko Afrikan, infekzio berrien %39 dagozkie aipatutako taldeei, eta transmisio berrien %93 Saharaz hegoaldeko Afrikatik kanpo.

Afrikan, emakumeak arriskuan
GIBaren infekzio berri gehienak emakumeek izaten dituzte Saharaz hegoaldeko Afrikan. Transmisio berrien %63 multzo horretan izan ziren 2020. urtean. Proportzioak are handiagoak dira 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean. Zazpi infekziotik sei dagozkie neska gazteei (%85,7).
Munduko emakumeen %35ek jasan dute noizbait sexu indarkeria, eta zenbait eremutan halako erasoak jasan dituztenek GIBarekin kutsatuak izateko 1,5 bider arrisku handiagoa dute gainerako emakumeen batezbestekoak baino.

Inbertsioak
Hiesaren kontrako borrokarako 19 milioi euro baino gehiago bideratu ziren 2020. urtean diru sarrera gutxiko eta ertaineko herrialdeetara. Diru kopuru horren %61 estatu horien baliabideetatik bildu zen.
Unaidsen arabera, diru sarrera apaleko eta ertaineko herrialdeek eta diru sarrera handikoek 25,7 milioi euroko diru poltsa beharko dute hiesaren kontrako borrokarako, 2025. urterako finkatuak dituen helburuak bete ahal izateko eta 2030. urterako GIBak «osasun publikorako arriskua» izateari utz diezaion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.