COP27. Fabrice Ntchango. Akewa elkarteko zuzendaria

«Ez dago borondaterik Afrikak benetako aukera izan dezan egokitzeko»

COP bat joan eta bestea etorri, eta antzeko egoera ikustera ohitu dira afrikar ordezkariak: hitzak ez, ekintzak ikusi nahi dituzte. Ntchangok «tamalgarritzat» jo du agindutako dirua oraindik osatu gabe egotea.

BERRIA.
inaki petxarroman
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Urteak daramatza COP bileretan parte hartzen, eta etsipenez mintzo da haiei buruz Fabrice Ntchango (Port Gentil, Gabon, 1983). Afrika gogor nozitzen ari da klima larrialdiaren eragina, eta egokitzeko eta trantsiziorako laguntzak behar dituela aldarrikatu du, beste behin.

Ordu gutxi barru amaituko da COP27 goi bilera. Balorazio bat egiteko moduan zaude?

Urterik urte, gauza bera entzuten ari gara. Hitzetatik ekintzetara igaro behar dugu behingoz, Afrikak onuraren bat atera dezan COP bilera batetik. Tamalez, ez dirudi hala gertatuko denik.

Finantzaketaren gaiaz hitz egiten ari dira. Galera eta kalteen funtsa aipatzen da. Espero duzue aurrerapenen bat?

Ekintza klimatikoari buruz hitz egiten denean, inork ez du aintzat hartzen Afrikaren egoera. Hemen badugu oihana, eguzkia, energia iturriak, ura, eta behartuta gaude teknologia horiek garatzera, baina, era berean, baliabideak behar ditugu gure seme-alabak elikatzeko. Egur ikatzaz hitz egiten da, eta badakigu hori erretzeak kalte egiten digula klima aldaketaren ikuspegitik, baina egoeraren konplexutasuna ulertu behar da. Erabakiak hartzen dituztenek hasi behar dute konpromisoak gauzatzen, eta, kalteak eta galerak aipatuta, gure egokitzapena finantzatu behar da; beharrezkoa da jada izaten ari garen galerengatik konpentsazio bat ematea. Karbonoaren merkatuak zigortu egin behar ditu benetako kutsatzaileak: Norvegia, Erresuma Batua, AEBak, Alemania... Tokiko komunitateek behar dituzten baliabideak hortik etor daitezke.

Parisen iragarri zen Funts Berdea ere oraindik ez da osatu.

Parisko Akordioan agindu zen dirua jarriko zela, besteak beste, Afrikak bere egokitzapena eta trantsizioa egiteko. Zazpi urte pasatu dira, eta finantzaketa hori ez da iritsi. Beraz, egokitzapena bermatzeko dirua ez da bermatzen, eta, bitartean, klima aldaketaren ondorioak jasaten ari gara. Ez dezagun ahatz: Afrikak munduko berotegi gasen %3 bakarrik isurtzen ditu. Ordea, jadanik pairatzen ari gara beroa, lehorteak, uholdeak, nekazaritza pauten aldaketak eta gaixotasun berriak... Finantzaketaren gaia justiziazkoa da. 2015etik hona, puntu honetan, soilik agindutako diruaren %30 iritsi da. Beraz, ez dago benetako borondaterik Afrikak aukera izan dezan egoerara egokitzeko.

Ukrainako gerrak nola aldatu du Afrikaren egoera?

Ukrainako gerrak mundu guztiari eragin dio, baina horrek ez du oztopo izan behar hartutako konpromisoak atzeratzeko. Afrikak baditu eguzkia, oihanak, ura... Haiek garatzeko eta ustiatzeko baliabideak behar ditugu. Oraindik badaude elektrizitaterako sarbidea bermatzeko arazo handiak dituztenak. Azpiegitura arazoak ditugu, eta badira herrialdea ikatz zentralen egitasmoetara itzultzea nahi dutenak. Garbi dugu hori ez dela bidea, garapen garbia behar dugula, baina horretarako finantzaketa behar dugu, formakuntza, teknologia eta garapena. Beraz, iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen arteko benetako elkarlana behar da.

Borondatea ikusten duzu Kongoko oihana babesteko?

Kongoko oihaneko kide direnek bat egin dute jarrera adostu bat erakusteko. Herrialde bakoitzak isurketak gutxitzeko planak aurkeztu dizkie COP27 batzarrekoei. Beraz, Afrika erdialdeko estatuek ulertu dute klima aldaketari aurre egin behar diotela, kontinente zaurgarrienetako bat garelako. Kontraesan bat dugu. Kongoko arroan nekazaritza da sektorerik indartsuena, eta berotegi gas gehien sortzen dituena. Zaila da elikatzeko arazoak dituen jendeari mezu batzuk helaraztea. Boli Kostan kakaoa eta kafea ekoizteaz bizi dira. Nola egin basoak babestu eta errealitate horiei erantzuteko? Ez badago laguntzarik, arriskua egongo da, eta ondorioak mundu guztiarentzat izango dira.

Afrikan gas proiektuak bultzatzen ari direla salatu dute. Zer gertatzen ari da?

Energia garbien trantsizio bat nahi dugu, eta Gabonen, Senegalen eta Boli Kostan mugarri energetiko bat bizitzen ari gara. Ez ditugu errepikatu nahi Mendebaldekoek egindako huts egite berak. Gasa eta petrolioa ez dira irtenbide bat, berotegi gasen isurketak handitu besterik ez dituztelako egingo. Horregatik, garrantzitsua da Afrikako teknologia esnatzea. Beharrezkoa da tresna subiranoak garatzea arazo horiei aurre egiteko. 2015etik hona klima aldaketak eragindako ezegonkortasuna handitu baino ez da egin, Burkina Fason, Afrikako Adarrean, uholde suntsigarriak izan ditugu... Finantzaketa eskatuta, ez dugu guretzat eskatzen, munduarentzat ere eskatzen dugu, onurak denontzat izango baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.