Libe Mimenza Castillo.
BERRIAk hamabost urte. Hedabideen egoera. IRITZIA

Euskarazko hedabideak, izatearen muina

2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Euskarazko hedabideak aipatu eta hamaika izen datoz gogora, baina Euskal Hedabideen Behatokiak Datutegian egindako kontaketa zehatza izan dadin abiapuntu: 200 komunikazio-produktu baino gehiago daude euskaraz denon esku. Ia euskararen lurralde geografiko osora zabaltzen da eskaintza, baita mundu osora ere Internet bidezko zabalpena aintzat hartuta.

Euskara ardatz lan egiten duen komunikabide multzo hori ezinbestekoa da gutxitutako hizkuntzaren berreskurapen, sustapen eta normalizaziorako; hizkuntza baita lurraldearen kohesio elementua eta, horrenbestez, komunikabide sistema bizi bat beharrezkoa izango da beti etorkizuna bermatzeko. Izan ere, euskarazko komunikabiderik gabe nork islatu eta eraikiko luke gure errealitatea? Zer garen zehazten eta berresten du egunero euskal prentsak, nortzuk garen adierazi eta mapetako mugak marrazteaz gain, geu eta besteen erreferentziak ere zedarritzen ditu. Gure euskarazko hedabideek euskaldun izatearen kontzientzia zabaltzen dute, komunitate baten kide izatea, azken finean, izatea.

Gainera, euskal herritarrak euskaraz informatzeko, entretenitzeko eta hezteko egiten dute lan euskarazko komunikabideek; horrela, euskaldunok euskaraz informatuak izateko daukagun eskubidearen bermatzaile dira. Halaber, eguneroko inurri lanari esker, bai euskararen estandarizazioan eta baita normalizazioan ere ekarpen baliotsua egiten dute.

Hartara, hizkuntza da euskarazko komunikabideen erronketako bat. Desafio horren ekuazioa ebazteko, ordea, ez da nahikoa erabiltzaile potentzialak gero eta gehiago izatea, hau da, euskararen ezagutza gero eta handiagoa izatea; euskarazko produktuen kontsumoak gora egin dezan erabiltzaile errealak gehitu behar dira luze baino lehen.

Bestetik, aldaketa eta haustura dira komunikabideen inguruan behin eta berriz errepikatzen diren kontzeptuak. Berrikuntza ere gehi daiteke zerrendara. Eraldaketa konstantea da araua. Komunikazio-egitasmo txiki zein handiak bat-bateko erritmo estua baino onartzen ez duen erlojuaren menpe ari dira gehienetan, esaterako, albistea albait arinen argitaratzeko edo hileroko iraupen ekonomikoa ziurtatzeko, exijentzia premiazkoak inondik inora.

Izan ere, euskarazko komunikabideek enpresa sare esanguratsua osatzen dute: Hekimen elkarteko zenbakiak soilik hartuta erreferentzia legez, 530 zuzeneko lanpostu sortzen dituzte, 600 kolaboratzaile inguruko sarea dute, eta 1.000 boluntariotik gorako komunitatea. Txanponaren beste aldean, gehienetan, lan baldintza prekarioak eta ezegonkortasuna dira eguneroko borroka. Zentzu horretan, funtzio eta balio sozial argia duten euskarazko komunikabideen aitortza eta babes ekonomikoa duintzeko administrazioaren erabateko ahalegina estrategikoa izango da.

Era berean, digitalizazioak irauli ditu ez soilik komunikazio-enpresen bideragarritasun planak, baita kontsumo-ohiturak, igorle-hartzaile harremanak edota produktuen eskaintza ere. Mundu mailako komunikazio-erronka berak bizi ditugu gurean ere. Horiei tiraka, hona epe motzean argitu beharreko lau galdera: Bat: zer kontsideratzen dugu egun komunikabide? Papera-irratia-telebista-hedabide digitala sailkapena zaharkiturik geratu da Whatsapp, Facebook, Instagram, Youtube edota Netflix-ek mugikorreko datuen ehuneko guztia gastatzen duten sasoiotan. Bi: audientzia tradizionalaren adierazleei (orri eta ale kopurua edo emisio orduak) nola bateratu audientzia digitalak eta sare sozialetako audientzia-indizeek dakartzaten aldagaiak? Zenbakien zutabeak pilatzea baino garrantzitsuagoa izango da irizpideak finkatzea. Hiru: behar bezala ezagutzen ote dugu gure publikoa eta horren arabera egokitzen ote dugu produktu-eskaintza? Inoiz baino baliabide gehiago ditugu eskura euskarazko komunikabideen hartzailea nolakoa den ezagutzeko; datu-meatzaritzaren aroa da. Lau: Digital first estrategiara biratzeko urrats egokiak egiten ari ote gara? Agian, horixe izan behar baita gaurdanik etorkizuneko ezein komunikazio-proiekturen erroa.

Lau, hamalau edo berrogeita lau galdera ere plazara daitezke. Euskarazko hedabide bakoitzak bere kezka propioak ditu, sektorea aniztuna da, beraz, premiak eta urgentziak komunikabidez komunikabide alda litezke. Hala ere, elkarlanaren isla ere baden euskal kazetagintzak irakurketa, azterketa eta irtenbide orokorrak ere behar ditu. Horietan lanean jarraituko dugu, akademiak eta sektoreak eskutik, Euskal Hedabideen Behategian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.