Sexu erasoak egotzitako tatuatzailearentzat 21 urteko zigorra eskatu dute

Hamabi andrazkok gizonaren aurka jarritako salaketak jo dituzte ontzat, hasieran hamabost baziren ere. Preso dago akusatua iazko otsailetik

Sexu erasoen aurkako protesta bat, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Donostiako Parte Zaharrean zuen estudioa sexu erasoak leporatuta auzipetuta dagoen tatuatzaileak. Hamabi andrek jarritako salaketen harira, epaileak hamalau delitu egotzi dizkio orain: zazpi, sexu gehiegikeriagatik; hiru, erasoagatik; hiru, jazarpenagatik; eta beste bat, apalarazteagatik. Gipuzkoako Fiskaltzak 21 urte eta lau hilabeteko kartzela eskaera egin du harentzat. Epaiketa irailean egingo dute, Donostiako Zigor Auzitegian.

Erasoak 2013ko otsaila eta 2018ko urtarrila bitartean jazo ziren. Hain zuzen ere, urtarrilean atera zen argitara lehen kasua: emakume batek Facebooken bitartez eman zuen jasandakoaren berri. Mezuan azaldu zuen dendara sartu orduko hitz «probokatzaileak» entzun behar izan zituela, eta, tatuajea besoan egin behar bazuen ere, ipurditik eta aldakatik «sendo» heldu ziola tatuatzaileak.

Lehen testigantzaren harira,«ofizioz» hasi zuten kasuaren gaineko ikerketa. Donostiako Udaltzaingoak informazioa eskuratu zuen herritarren laguntzari esker, eta salaketa berriak bildu ostean, iazko otsailaren 5ean atxilotu zuten gizona, epailearen aginduz. Ordutik, kartzelan dago, behin-behinean.

Hasieran, hamabost emakumeren salaketak bildu zituen fiskaltzak, baina ikerketa fasea amaitzean, atzera bota ziren hiru kasu. «Gertakariak haientzat oso deserosoak» izan zirela adierazi bazuen ere, kasu horietan deliturik ez zegoela ebatzi zuen justiziak.

Fiskaltzaren txostenaren arabera, eraso gehienak tatuatzailearen estudioan jazo ziren, baina baita haren etxebizitzan eta tatuatzaileen eskola batean ere, han irakasle baitzen. Besteak beste, irain lizunak, ukituak eta gogoz kontrako musuak izan zirela biltzen du txostenak. Cristina Morcillo akusatuaren abokatuak, ordea, esan du gertaerak ez direla «benetakoak», eta gizonaren absoluzioa eskatu du. Abokatuak salatu du prozesua ez dela «berme guztiekin» egin, eta «oinarrizko eginbideak» falta izan direla; hain justu, mezu bidezko «elkarrizketa garrantzitsu batzuk alde batera utzi» direla argudiatu du. Haren hitzetan, mezu horiek «akusatuaren eta biktimen arteko harremanaren ikuspegi argiago bat» eskainiko lukete.

Erasoei erantzuna

Donostiako herritarrek eta mugimendu feministak erantzun irmoa izan zuten erasoen aurrean, eta elkartasuna eta babesa adierazi zieten erasoak pairatu zituzten andrazkoei. Erasoen albistea zabaldu ostean, hainbat pintaketa agertu ziren tatuatzailearen aurka haren estudioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.