Albistea entzun

Leteren ildoan, hitzez eta pianoz

Alex Gurrutxagak eta Joana Otxoa de Alaizak 'Txori kantazale' disko liburua kaleratu dute, eta zuzeneko emanaldiak ere egiten ari dira. Xabier Leteren munduan murgildu dira
Alex Gurrutxaga eta Joana Otxoa de Alaiza <em>Txori kantazale</em> disko liburuaren aurkezpenean, atzo.
Alex Gurrutxaga eta Joana Otxoa de Alaiza Txori kantazale disko liburuaren aurkezpenean, atzo. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Bastida Alzuru -

2022ko ekainak 9 - Donostia

Xabier Leteren obrak oinarri hartu, eta horien ohiko birsorkuntzetatik harago joan: hori egin dute Alex Gurrutxagak eta Joana Otxoa de Alaizak elkarrekin ondu duten Txori kantazale disko liburuan. Pianorako obrak sortu eta azalpen literarioekin osatu dute lana, Leteren mundu poetiko eta musikaletik abiatuz. Hala, batetik, piano musika duen disko bat egin dute; eta, bestetik, liburu bat, azalpenak jasotzen dituena; biak uztartuz osatu dute proiektua. Gurrutxagak jarri ditu hitzak, eta Otxoa de Alaizak musika.

Lotura estua du Gurrutxagak Leterekin, eta hainbatetan aztertu ditu haren lanak. Duela bi urte egin zuen Xabier Leteren poetika: aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa bat tesia. Gerora, Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria liburua ere idatzi zuen. Eta orain, «so akademikoaz gain, so kreatibora» jo du. Modu horretara, Txori kantazale izan daiteke disko liburua, baita liburu diskoa ere. «Badirudi bakoitzak baduela bizitza propioa, baina pena litzateke bata bestea gabe ulertzea eta edukitzea; batak bestearen beharra du». Hala definitu dute proiektua: «Ez dugu Txori kantazale espektakulu gisa ulertzen; Leteren barne munduan elkarrekin murgiltzeko enkontru gisa baizik».

Gurrutxagak lana abiatzeko hastapenak azaldu ditu. Haren esanetan, 2019an, tesia aurreratu samar zuela, hasi zen pentsatzen ikerketa munduko lanak gero jendeari nola iritsarazi, nola transmititu: «Dibulgazio eremua dago, eta, gero, mundu artistikoa». Orduan eskatu zion laguntza Otxoa de Alaizari, eta bien artean hasi ziren proiektua ontzen. Proposamenak Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria jaso zuen 2020an, eta horrek beste bultzada bat eman zion. Otxoa de Alaizak dio prozesua elkarrizketa luzeekin hasi zutela: irakurketak gomendatuz, diskoak entzunez...

Musikaria hainbat kantatan zentratu zen: harentzat esanguratsuenak eta askotarikoenak ziren horietan. «Gero, hori pianora eramaten saiatu nintzen: bere mundu poetikoa nire ikuspegitik. Berrinterpretazio lana izan zen».

Hogei piezak osatzen dute diskoa, eta bost multzotan banatu ditu Otxoa de Alaizak: Leteren musika, haren belaunaldikideena, kantu tradizionala, musika klasikoa eta pianistak berak sortutakoa. Iturri horiek fusionatuta osatu dute Txori kantazale diskoa. Adibidez, Leteren musikan oinarritutako berrinterpretazio bat da diskoan Argi-ilunak deitzen den pieza; Leteren Ni naiz abestian inspiratuta dago. «Gaztaroko kanta bat da, oso iluna. Amorrua atera behar izan nuen kanta horretan; biolentzia, kontraesanak bilatu. Argia eta iluna aurkitzen ditugu. Pianoa muturrera eraman nahi izan nuen». Egitura ere aipatu du, eta azaldu saiatu direla pieza batetik besterako trantsizioak «ondo josten», narratiba bat izan dezan eta batetik besterako pasartea malgua izan dadin.

Testuak, berriz, bi helburu ditu: musika entzuten ari dena Leteren munduan gidatzea, eta, aldi berean, pistak ematea Otxoa de Alaizak egiten duen interpretazioa esplikatzeko. «Halako elkarrizketa konplexu moduko bat da; ez da erraz-erraza, baina bai oso interesgarria».

Halaber, Gurrutxagaren arabera, Txori kantazale egitean haien konfort eremutik atera dira, eta, halakoetan, askotan, «gauza emankorrak» ateratzen dira. «Sinisten dut konfort egoeratik ateratakoan, orduantxe pasatzen direla gauza arraroenak, magikoenak edo berezienak». Bidean izan duten lan egiteko modua ere nabarmendu du.

Disko liburua ilustrazioz josita dago. Manu Urbieta artistak egindakoak dira horiek; eta Itziar Garaluzek egin ditu obren erreprodukzio fotografikoak.

Zuzenekoak

Disko liburuaz gain, zuzeneko emanaldiak ere egiten ari dira, Joxan Goikoetxea soinu jotzailearen kolaborazioarekin. Hain zuzen, diskoko bi abestitan hartzen du parte. «Hitzez lagundutako piano kontzertu bat da, edo, bestela esanda, piano musikaz jantzitako kontakizun bat». Ordubeteko iraupena du emanaldiak, narrazio etengabea lagun. Hala dio Gurrutxagak: «Ez du zerikusirik testu bat irakurtzeak edo entzuteak. Eta jendaurrean egiten duguna eta disko liburukoa, muina berdina izanik ere, oso gauza ezberdinak dira». Zuzenekoa «kontzertu esplikatu bat» edo pianoarekin egindako «kontalari saio bat» dela dio.

Gurrutxagaren arabera, zuzenekoetan lan egin dute gauza soilekin ahalik eta jolas, bariazio eta dinamika gehien sortzeko. «Nik ez dut disko batean kantatuko, baina zuzenekoan, agian, egoerak eskatzen du, eta gerta daiteke». Hain zuzen, aurrez aurreko emanaldiek ematen diete inprobisaziorako aukera ere.

Hiru emanaldi egin dituzte dagoeneko, bi Gasteizen eta bat Bilbon, eta uztailaren 8an egingo dute hurrengoa, Astigarragan (Gipuzkoa).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gari, Josu Zabala, eta Luis Javier Saiz 'Txanpi'. ©Ibai Arrieta

Hertzainak taldeak BECen eta Gasteizen joko ditu azken bi kontzertuak, abenduaren 16an eta urtarrilean

Iñigo Astiz

Barakaldorako sarrerak urriaren 5ean jarriko dituzte salgai, nahiz eta Kutxabankeko bezeroek urriaren 4an izango duten aurresalmentan erosteko aukera. Arabako saioa «bilduagoa» izango dela iragarri dute oraingoz.

Abenduan bi urte egingo ditu itxita Plateruenak ©Aritz Loiola / Foku

Urtea amaitu aurretik ireki nahi dute Durangoko Plateruena

Berria

Udalak adierazi duenez, eredu publiko-komunitario bat mamitzen ari dira orain. Durangoko Azoka igaro ostean zabaldu nahi du.

Patti Smith, atzo, Donostiako Kursaalean. ©Jon Urbe / Foku

Patti Smithek kontzertu gogoangarria eman du Donostian

Mikel Lizarralde

Bere ibilbideko kantu ikonikoak jotzeaz gain, Bob Dylan, Neil Young eta Lou Reeden kantuak berreskuratu ditu.

Claudia Pages artista eta Clara Montero Tabakalerako kultur zuzendaria, Lau Pareta aretoan. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Gerundioaren buelta biolentoa

Itziar Ugarte Irizar

Claudia Pagesen 'Gerundi circular' bideo instalazioa jarri dute ikusgai Tabakaleran, urtarrilera arte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...