Makroari neurria hartzen

Izurriak kolpetik eten zituen ekitaldi jendetsuak, batez ere musikaren alorrean. Horregatik, Love of Lesbian taldeak Bartzelonan eginiko kontzertuari arretaz begiratu dio sektoreak, osasun protokoloetan aldaketarik eragin dezakeelakoan. Erakundeei malgutasuna eta elkarlan estuagoa eskatu diete eragileek.

Ikusleak distantzia gorde gabe eta maskara jantzita, Love of Lesbian taldeak martxoan Bartzelonan eman zuen kontzertuan. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
aitor biain
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Kulturaren sektoreak oro har, baina musikaren alorreko eragile eta profesionalek bereziki, arreta handiz begiratu zioten Love of Lesbian taldeak martxoan Bartzelonan eman zuen kontzertuari. Emanaldi berezia izan baitzen, aitzindaria COVID-19ak dena hankaz gora jarri duen garaiotarako: pandemia iritsi zenetik lehen aldiz, 5.000 lagun elkartu zituzten eremu itxi batean, denak zutik eta elkarrenganako segurtasun distantziarik gorde gabe. Kataluniako musika sektoreak eta Generalitateak elkarlanean antolatu zuten ekitaldia: proba egin nahi izan zuten, izurrite garaian antola daitezkeen jarduera jendetsuak nolakoak izan daitezkeen jakiteko.

Zeharka, baina Euskal Herriko musikaren sektoreko eragile eta profesionalek ere erreparatu zioten ekitaldiari. Amaia Ispizua Get In kontzertu sustatzaileko eta MIE Musika Industria Elkarteko zuzendaritzako kidearen hitzetan, esaterako, kontzertu «garrantzitsua» izan zen. «Inportantea izan zen sektorearentzat, protokolo proposamen bat markatu zuelako, eta musika talde bat, administrazioa eta osasun zerbitzuak elkartu zituelako». Izan ere, uste du elkarlan horri esker jakin dela ekitaldi jendetsuak zenbateraino diren seguruak eta nola antola daitezkeen.

Sergio Cruzado manager eta Ginmusica kontzertu sustatzaileko kideak ere «jakin-minez» erreparatu zien ekitaldiaren nondik norakoei; azaldu duenez, «agintarien eta publikoaren erreakzioak ikusteko, batez ere». Kritiko da, halere, kultur ekitaldiei jartzen zaizkien mugekin: uste du garaiotan horrelako esperimentuak egin beharra «tristea» dela. «Iruditzen zait PCR eta antigeno probetan negatibo eman duten edota txertatuta dauden ikusleak biltzen dituzten ekitaldiak egiteak legezkoa izan beharko lukeela. Gainerakoan, arriskutsua balitz, denok etxean konfinatuta jarraitu beharko genuke». Cruzadok iritzi dio gaur-gaurkoz horrelako ekitaldirik antolatzen ez bada ekonomikoki bideragarria ez delako dela, eta ez segurtasuna zalantzan dagoelako.

Love of Lesbianen zuzenekoa ikustera joan ziren 5.000 ikusleak baldintza jakin batzuetan joan ziren: kontzertuaren aurretik, egunean bertan, antigeno testak egin zituzten, eta negatibo eman behar zuten proban aretora sartu ahal izateko. Barruan, gainera, FFP2 maskarak jantzita eraman behar izan zituzten. Emaitza argigarria izan zen: kontzertua ez zen kutsatzeen eragile izan; alegia, Palau Sant Jordi aretoaren barruan ez zen inor kutsatu, adituen arabera —sei positibo atzeman zituzten ikusle guztien artean, baina emanaldiaren aurretik edo ondoren kutsatu zirela ondorioztatu zuten osasun zerbitzuek—.

Cruzadoren hitzetan, horrek erakusten du «jadanik jakina» zena: «Kontzertuak seguruak direla». Bat dator Ispizua ere baieztapen horrekin, eta testen eta maskaren erabileran egin du azpimarra: «Ikusi da eraginkorrak direla; negatibo izanda eta maskara erabiliz gero, oso zaila dela inor kutsatzea halako ekitaldi batean».

Bartzelonako kontzertua sektorea biziberritu dezakeen mugarria izan daitekeen galdetuta, ordea, ez dute hain garbi. Aldaketak ekarriko dituela, bai, ziur dira; edonola ere, antolaketan baino gehiago, jendearen jarreran eragingo duela iritzi dio Ispizuak: «Gizarteari begira, psikologikoki oso inportantea izan da, jendeak ikusi batu gauzak egin daitezkeela modu seguru batean. Eta agian orain ez, baina igual laster prest egon gaitezke jaialdi handi batera joateko, distantziarik gorde gabe baina maskara jantzita».

Antolaketari dagokionez, halere, Cruzadok uste du «bide bat» markatu duela: «Txertaketa kopurua handitu bitartean, ez da beste biderik testak egiten jarraitzea baino». Kataluniako osasun agintarien partetik, ordea, galdera asko erantzunik gabe geratu dira ekitaldiaren ondotik ere: esaterako, testak emanaldi bakoitzaren aurretik, egunean bertan ezin badira egin, zenbateko aurrerapenez egindakoak onar daitezke? Txertoa hartu dutenek ere testak egin behar dituzte? Eta noren ardura da test horiek egitea?

Edukieraren muga

Hego Euskal Herrian indarrean dauden arauen arabera, aretoaren edukiaren herena betetzea dago baimenduta. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gehienez ere 600 lagun elkartu daitezke estali gabeko eremu batean edo eraikin handi batean; Nafarroan, berriz, 400 lagunekoa da muga kanpoan, eta 200 lagunekoa barruan, baina gobernuari baimena eskatuz gero kopuru handiagoak ere bil litezke —eta bildu dira—.

«Ezinezkoa da edukiera horrekin errentagarriak diren kontzertu handiak egitea», adierazi du Cruzadok. «Sektorea pobretu egin da: ahal dugunok ari gara formatu txikiko kontzertuak egiten, baina taldeak eta soldatak murriztuta, denbora irabazteko». Iritzi berekoa da Ispizua ere, eta kritikatu du aretoaren arabera ez moldatzea kopuru hori. «Ez da gauza bera Arriagan edo Euskaldunan egitea; tamaina, aireztapena... Hori guztia ere kontuan hartu beharko litzateke. Edukiera muga hori oso murriztailea da». Malgutasuna eskatu dute.

Udari begira jarrita daude, baina «erabateko ziurgabetasunez»: Batetik, ez dakitelako osasun egoerak zer egiteko aukera emango dien, eta, bestetik, errentagarria izateko orain hasi behar dutelako antolatzen eta sarrerak saltzen. Horregatik, hain zuzen, edukiera da «guztiaren giltza», Ispizuaren hitzetan. «Udarako behar dugu salto txiki bat eman; ez dut esaten 10.000 lagunentzako emanaldiak egitea, baina 1.000-1.500 lagunentzako izanez gero egin daitezke gauzak». Hori bera nahi luke Cruzadok ere, baina uste du aurtengo uda «iazkoaren antzekoa» izango dela.

Halere, eta pandemiak kulturaren sektorea mobilizatzea eragin badu ere, agintariek «ez ikusiarena» egin dute, Cruzadoren ustez. Erakundeei elkarlan handiagoa eskatu diete biek, eta, bidenabar, baita osasun arduradunei ere. «Nahiko genuke harreman estuagoa izan osasun zerbitzuekin, baina oraintxe ezinezkoa da», azaldu du Ispizuak. Bitartean, agenda publikoari eusteaz gain, enpresa pribatuei ere bitartekoak errazteko galdegin diete —eraikin handiak, batez ere— publiko-pribatu lankidetza «benetakoa» izan dadin. «Gainerakoan, ezinezkoa da ezer egitea, eta jada jende asko ari da geratzen bidean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.