KRITIKA. Musika

Pozarren

2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Javier Camarena

Pianoa: Angel Rodriguez. Egitaraua: L. Delibes, J. Massenet, G. Donizetti, G. Verdi, F. Cilea, R. Falvo, A. Garcia Abril eta abarren obrak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Urtarrilak 13.

Javier Camarenak duela bi urte bisitatu zuen Kursaal auditoriuma azkenengo aldiz, baina badirudi hari fin batek lotu dituela bi emanaldiak, txaloaldia mutur bakoitzean. Exijentzia maila handiko programa eskaini zuen aurrekoan tenor mexikarrak, oso-osorik opera ariez osatuta; oraingoan, errepertorio frantsesera gehiago hurbildu da, eta Caruso handiak hain ezagun egin zituen abesti napoliarrak ere ekarri ditu taulara.

L. Delibesen Prendre le dessin d'un bijou ariak ireki zuen kontzertua, hasiera-hasieratik agerian utziz Camarenaren tinbre fina zein dinamiken menderatzea; azken notaren gainean marraztu zuen diminuendo dotorea ezohiko kontrolaren erakusle izan zen. J. Masseneten Instant charmant... ederrean ere giro bertsua mantendu zuen, errepertorio frantsesari ekiteko sen eta izaera sobera dituela frogatuz. Opera italiarrari ekin baino lehen, Angel Rodriguezek G. Bizeten Habanera-ren gainean egindako moldaketa propioa eskaini zuen, apaindura eta kromatismoz josia; bakarlari zein laguntzaile gisa erakusten duen maisutasunak merezi du esku programan bere ibilbidearen inguruko paragraforen bat eskaintzea behintzat. G. Donizettiren Spirto gentil arian bel canto-aren esentzia haragiztatu zuen Camarenak, F. Cilearen Lamento di Federico veristarako bidean legatoa, fraseatzea eta ahoskera bikaina batuz.

Programaren bigarren zatia irekitzen zuten abestiek publikoa zoratzeko osagarri guztiak biltzen dituzte: izaera melodiko argia eta goiko erregistroa miatzeko balio duten bukaerak. Ongi egokitzen zaizkio Camarena bezalako izar batek eskaintzen duen ikuskizunari, intentsitatea pixkanaka igoz eta samurtasunez neurtuz, bide onetik bidaiatuz. Publikoak erregutu zizkion hiru bisak baino lehen —tartean, Malagueña salerosa fin eta gustagarria—, Camarenak A. Garcia Abrilen Canto porque estoy alegre hunkigarria ehundu zuen, konpositore aragoiarraren heriotzaren lehen urteurrena bete baino hiru hilabete lehenago, bizitzari ere omen egiteko beharra ez dadin galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.