HILBERRIA. Anita Ekberg

Fontana di Trevira sartu zena

Igor Susaeta.
Donostia
2015eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Zinema sekuentzia mitikoenetako bateko protagonista da Anita Ekberg (1931-2015). Sylvia aktore mundu osoan ezagunaren rola jokatu zuen Federico Felliniren La dolce vita (1960) pelikulan. Erromara joana zen, eta haren atzetik zebilen Marcello (Marcello Mastroianni) paparazzi nekaezina. Halako batean Fontana di Trevi iturrira sartu zen Sylvia udako gau sargori batean, eta hau esan zion izarrei jazartzea lanbide zuen kazetariari: «Marcello, come here!» (Marcello, etorri hona!). Herenegun hil zen, Erroman, hain zuzen, sekuentzia hori betiereko bihurtu zuena. 83 urte zituen, eta urteak zeramatzan gaixo.

Suediarra izan arren, 1960ko hamarkadatik bizi zen Italian. Bere edertasunak ireki zizkion zinemako ateak. Suediako miss aukeratu zuten 19 urterekin, eta gero gisa horretako sariketetara aurkeztu zen AEBetan. Ez zen askorik nabarmendu horietan, baina, horiei esker, zenbait filmetan parte hartu ahal izan zuen rol txikiak jokatuz; gainera, hainbat moda aldizkaritako lehen orrian ere agertu zen.

Harik eta Fellinik Sylviaren rola eman zion arte. 1960ko hamarkada hasierako Italia asaldatu hartan laketu zen, eta hango beste bi zinemagile entzutetsurekin ere lan egin zuen: Alberto Sordirekin Scusi, lei è favorevole o contrario?-n (1966) eta Vittorio De Sicarekin Sette volte donna-n (1967). Fellinik bera ere deitu zuen beste hiru lanetarako: Boccaccio '70 (1962), Clowns (1970) eta Ekbergen azken filma izan zen L'intervista-rako (1987). Pertsona lakarraren eta zailaren ospea zuen, eta behin adierazi zuen berak famatu zuela Fellini, «eta ez alderantziz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.