KRITIKA. Zinema

Bidaiaren bideak, sorkuntzaren gorabeherak

Margolaria filmaren fotograma bat. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun

'Margolaria'

Zuzendaria: Oier Aranzabal. Herrialdea: Euskal Herria.Iraupena: 103 minutu.

Itxuraz, joan-etorriko bidaia da Margolaria filmak proposatuko diguna; bi lagunen arteko elkar trukea eta norberak berea jaso behar duena: koadro bat hiri gris batean, abesti bat beste hiri gris batean. Baina kontua da, bidaia guztietan bezala, inportanteena ez dela nora joan edo zein den helmuga, egiten den bidea baizik.

Bide hori, gainera, ez da norabide bakarrekoa, han eta hemen agertuko diren bidexkak hartuko ditu filmak, horietan sartu-irtenak egiteko. Hain zuzen ere, hori da Margolaria-k duen indarguneetako bat, teorian bazterrekoak diren istorio t xiki horiek berezko distira baitute —beilatoki bateko musikariak edo zerbitzugune bateko agerraldi ia lynchtarra, kasurako—.

Bidean zenbait arrasto utziko ditu Urdangarinen malenkoniak; bakardadea, denboraren joana eta sormenaren bidea hautatu dutenen —ia halabeharrez, haien esanetan— motibazioak eta ezinak. Hain zuzen ere, hori da beti presente egonen den gaia; sorkuntzaren alderik ezezagunen eta esker txarrekoena erakutsiko digu filmak.

Fokuetatik urrun dagoena ezagutzeko aukera ona, glamourrik ez, entsegu nekagarriak, duda-mudak, ingurukoen ulertu ezina... Nolanahi ere, kemena eta ausardia; are gehiago, kultura txiki batez ari bagara.

Sortzaileak nola, hala mugituko da filma, sigi-sagan, gorabeheran. Egitura biribilik bilatzen duenak ez du halakorik aurkituko Margolaria-n; artistenjardueraren gisara, memento oso onak ditu, eta beste aukerabatzuk eztabaidagarriagoak dira.

Dena den, eskertzekoa da ohiko sabeliztun formatutik urruntzen den dokumental pausatu bat ikusteko aukera izatea, argi-ilunak ezkutatzen ez dituena eta norberak erantzun beharreko zenbait galdera airean utziko dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.