'Gabriel Aresti BioGrafikoa'

Aresti ez omen zen harrizkoa

2016ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Egilea: Adur. Argitaletxea: Erroa.

Adur Larrea marrazkilariak Gabriel Arestiren biografia grafikoa kaleratu du. Obrak, beraz, poetaren bizitza osoa hartzen du, 1933an Bilbon jaio zenetik 1975ean gaixotasun larri baten ondorioz hil zen arte. Euskal literaturan oso genero ezohikoa bada ere, datu horrek, dirudienez, ez ditu Erroa argitaletxeko adiskideak batere beldurtu, edizio dotoreak —azal gogorrekoa, paper lodiko 90 orrialdekoa, koloretan...— argi uzten duenez.

Azalean harrian zizelkatutako poeta handiaren irudia ageri den arren, Iñigo Astizek komikiaren aurkezpen-egunaren biharamunean BERRIAn argitaratutako kronika bikainean ederki adierazi bezala, liburuak Gabriel Arestiren alderik gizatiarrena islatzea du helburu; serio itxura zuen gizon hura harrizkoa ez zela erakustea, alegia. Asko idatzi da dagoeneko haren euskara eta euskal kulturaren aldeko jarduera publiko eta akademikoaren inguruan. Oraingoan Adur Larrearen erronka Arestiren alderdi intimoagoak bisualki adieraztea izan da, hau da, intelektual bilbotarraren bizitza pertsonaleko pasarterik garrantzitsuenak harilkatuz, irakurleei lehendabiziko aldiz poeta eta euskaltzainaren itzalean geratutako pertsonaren egiazko nortasuna ezagutaraztea.

Horretarako, marrazkilariak Arestiren alargunarekin eta alabekin elkarrizketa luzeak izan ditu, eta horietan zehar aita-senarrak idatzitako gutunak irakurtzeko eta argazki zaharrak ikusteko aukera izan du. Larreak anekdotetatik abiatzea erabaki du, eta, istorioan familiari protagonismo nabarmena eskainiz, etxeko giroan hizkuntzekin maitemindutako eta jakin-min asegaitzeko gizon umoretsu, zirikatzaile eta ireki bat aurkezten digu, testuliburuetan eta literatura historietan maiz deskribatzen den tipo gris eta polemikoarekin zerikusirik ez duena.

Tonu zuri, beltz eta laranjaren artean aritu da marrazkilari santutxuarra, pertsonaiei eta orduko Bilboko kale zikin eta paisaia kutsatuei iragandako garaien kutsua eman nahian. Halere, dena ez da estilo errealista eta biografia. Bada Arestik euskal kulturaren inguruan zeuzkan ideia eta asmo praktikoak azaltzen dituen pasarte surrealista bat: euskaltzainak harri bati ostikoa jo eta, hara non bat-batean, Aladdinen jenioa balitz bezala, Jorge Oteiza agertzen zaion eta, istant horretan, biak, beren filosofia kontrajarrien defentsa eginez, eztabaida bizian hasten diren.

Komikian ia orrialde bakoitzean topa daitezkeen haren poesiaren oihartzunekin batera —poesia soziala barne, jakina—, Larreak ez dio uko egiten Arestiri bizitzea tokatu zitzaion frankismo garaiko tentsio eta zailtasunak islatzeari; izan ere, bertan jaso ditu zentsura, ikastolen hasiera, euskara batuaren sorrera eta Bilboko giro literarioa, besteak beste. Ahalik eta kontaketa errealistena egiteko, euskara eta gaztelania nahastu ditu, ez litzatekeelako batere sinesgarria Bilbo erdaldun hartan lan-harremanak, esate baterako, euskaraz izatea. Alde horretatik, liburuak bi errealitate horien arteko kontrastea, hots, mundu erdaldunaren eta euskal munduaren arteko talka uzten du agerian. Gabriel Aresti hurbiletik ezagutzeak ezinbestean gure historian murgiltzea baitakar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.