BOZKA SISTEMA

2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Heldu den martxoaren 15ean eta 22an izanen dira Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herri bozak. Bi itzulitan egiten dira hauteskundeak, baina, biztanleriaren arabera, desberdin bozkatzen da herri bakoitzean. Euskal Hirigune Elkargorako ordezkariak ere hautatu beharko dituzte.

1.000 BIZTANLETIK GORA

Hautagaitza. Hautagaitza bakoitzak herriko kontseiluak duen hautetsi kopuru bereko zerrenda bat osatu behar du—biztanleriaren arabera definitzen da hautetsi kopurua—. Lehen itzulian zerrenda bakar batek ez badu bozen %50 lortzen, bigarren itzulia jokatuko da.

Bigarren itzulia. Emandako bozen %10 lortu duten zerrenda guziek dute bigarren itzulian aurkezteko aukera. %5 baino gehiago lortu dutenak, beste zerrenda batekin fusiona daitezke, eta zerrenda berria osatu.

Gehiengoa. Bigarren itzulian lehen tokia lortzen duen zerrendak herriko kontseiluko eserlekuen erdiak lortuko ditu. Gainerako eserlekuak zerrenda bakoitzak lortu duen emaitzaren arabera banatuko dira, proportzionalki.

1.000 BIZTANLETIK BEHERA

Hautagaitza. Hautagaitzak banaka ala taldean aurkeztu daitezke. Taldean aurkeztuz gero, boto paper bakarrean agertuko da zerrenda. Lehen itzuliko hautagai kopurua herriko kontseiluko hautetsi kopurua baino apalagoa bada, posible da hautagai bat bigarren itzulian bakarrik aurkeztea.

Bozka. Bozkatzeko momentuan, zerrendako izen batzuk marratuta kentzea erabaki dezake hautesleak.

Bigarren itzulia. Bi baldintza bete behar dira lehen itzulitik hautetsi eserlekua eskuratzeko: Erroldaren %25en eta hautesleen %50 baino gehiagoren bozka eskuratzea. Lehen itzulitik herriko kontseilua osatzen ez bada, bigarren itzulia egiten da. Boz gehien lortzen dituzten hautagaiak dira hautatuak.

EUSKAL HIRIGUNE ELKARGOA

Elkargo batzarra. Ipar Euskal Herriko 158 herrietako ordezkariak batzen dira 233 hautetsiko elkargo batzarrean.

Ordezkariak. 5.000 biztanletik beherako 143 herrik ordezkari bana dute elkargoan —gehienetan, auzapeza—.

Herri nagusiak. Gainerako herrien ordezkari kopurua biztanleriaren araberakoa da: Baiona: 22 ordezkari. Angelu: 18 ordezkari. Miarritze: 11 ordezkari. Hendaia: 7 ordezkari. Donibane Lohizune: 6 ordezkariUrruña: 4 ordezkari.Bokale, Uztaritze, Senpere eta Bidarte: 3 ordezkari.Kanbo, Hazparne , Ziburu, Mugerre eta Hiriburu: 2 ordezkari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.