Koronabirusa. Bizipenak

Gaitza, etxe barruraino

Hainbat familia bete-betean harrapatu ditu birusak, eta zauri sakonak laga ditu. Gaixotasunak eragindako gorabeherez harago, gizarte honen joskura hautsiak ere agerian geratu dira, zaintzarekin lotutako arazo ugarien bidez usu.
<b>Adinekoen arta.</b> Andre bat bere amari eskua ematen, aste honetan egindako argazki batean.
Adinekoen arta. Andre bat bere amari eskua ematen, aste honetan egindako argazki batean. MARISCAL / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano, Arantxa Iraola -

2020ko ekainak 21

Gurasoak onik direla esan dezake orain Lorena Diezek. Haren hitzek adierazten dute gainditu daitekeela COVID-19a, baina ez sufritu gabe: aitak 47 egun eman ditu ZIUn, eta amak etxean pasatu du gaixotasuna, bakar-bakarrik.

«Familiarentzat oso gogorra izan da. Ez diot inori halakorik opa»

LORENA DIEZ Gurasoak gaixo izan ditu

Ospitaletik atera eta astebetera, maiatzaren 22an, 71. urtebetetzea ospatu zuen Santiago Diezek, baina tartan kandela bakarra jarri zion Lorena Diez alabak (Lezo, Gipuzkoa, 1978): «Bizitza berriko lehen urtea baita. Aitak ere badaki hiltzear egon dela, eta hala dio: 'Hau opari bat da'». Apurka ari da sendia amesgaiztoa ahazten, baina martxotik igarotakoa kontatzen hasteak oroitzapen mingarriak ekarri dizkio emakumeari. Bi gurasoak koronabirusak jota izan ditu: aita, oso larri, Donostiako ospitalean, eta ama, etxean, bakartuta. «Zorte handia dugu aita bizirik atera delako, baina familiarentzat oso gogorra izan da. Izugarria: ziurgabetasuna, tentsioa... Ez diot inori halakorik opa».

Martxoaren 17an ospitaleratu zuten aita. «Aurreko bi egunak sukarrarekin egin zituen; medikuarenean proba bat egin zioten, eta erietxera bidali zuten. Asteartean izan zen hura; bada, igandean ZIUra eraman zuten, ezin zuelako arnasarik hartu». Amari ere sintomak agertu zitzaizkion, baina sukarrik ez: «Etxean pasatu zuen, bakarrik. Izan ere, aurreko asteburuan, nire seme-alabek haien etxean egin zuten lo, beraz, haurrek, senarrak eta nik berrogeialdian jarri behar izan genuen, badaezpada». Errenterian bizi da Diez, eta Lezon gurasoak; hurbil egon arren, etsigarri jo du amarengana ezin hurbiltzea: «Itxialdia itogarria izan zen: pentsatzen nuen aita hil egingo zela, ezin izango genioela agur esan, eta amarenera ere ezingo nintzela joan haren alboan egotera».

Izan ere, ospitaletik albiste txarrak baino ez ziren iritsi hilabetez: «Egunetik egunera okerrera egiten zuen aitak. Egun batean esan ziguten giltzurrunak geratuak zituela; handik egun batzuetara, giltzurrunek martxa hartua zutela berriz, baina buruz behera etzan behar izan zutela arnastu ahal izateko; gero, bakterio bat hartu zuela laringean eta trakeotomia bat egin behar ziotela...». Guztira, 41 egun eman zituen zaintza intentsiboetan. «Amaierako egunak kenduta, kalbarioa izan ziren». Eguerdiko telefono deia bereziki gogoan du Diezek: «Ordu horietan alabarekin esertzen nintzen etxeko lanak egiten laguntzera, arreta beste nonbait jartzeko, baina ezin: pixka bat berandutzen baziren... Urdaileko arazoekin egon naiz 40 egunez».


Lorena Diez, atzean gurasoak dituela. / Andoni Canellada, Foku

Baina COVID-19a gainditu egin zuen aitak. Hamabi kilo gutxiagorekin atera zen ZIUtik. «Ezin zituen hankak eta besoak mugitu ere egin. Etzanda eta mugitu gabe hainbeste denbora eman ostean, giharren masa galdua zuen». Ondoren etorri zena ere ez zen samurra izan: «Erietxe barruan, beste bost egunez bakartu zuten, ez zezan beste gaitzik hartu. Eta gero, errehabilitazioan egin zituen bi aste, goiz eta arratsalde». Harro gaineratu du ospitaletik oinez atera zela maiatzaren 15ean: «Oso pertsona bizia da, oso aktiboa, eta aurrera egiteko gogo handia zuen. Etxean ere ariketak egiten segitzen du egunero, eta ibiltzera irteten da. Dagoeneko ez da hainbeste nekatzen, baina oraindik tarte bat falta zaio leheneratzeko».

Tentsioaren ondorioak

Ama ere osatu egin zen etxean, baina alabak dioenez, orain hasi zaio pilatutako tentsioa azaleratzen: «Animoz apalago dago. Bakar-bakar-bakarrik egon zen etxean hilabetez. Aita ospitalean zegoenean, auskalo nondik atera zituen indarrak, eta orain atera zaio gordeta zuen guztia». Antzera dabil Lorena Diez bera: «Ilea erortzen zait, eta ez dut ondo lo egiten. Berrogeialdia eta geroko itxialdia ere tentsio handiz bizi izan nuen: nahiago nuen kalera ez irtetea, erosketako produktuak goitik behera garbitzen nituen... Izan ere, zuri gertatzen zaizunean, ohartzen zara gaixotasun hau egiazkoa dela».

Halabeharrez konturatu ziren COVID-19aren larritasunaz Diezen sendian, birusa mamu bat besterik ez zenean. Alarma egoera ezarri berritan gaixotu baitziren haren gurasoak, pandemiaren hasierako egunetan: «Gipuzkoan, ZIUn sartzen hirugarrena izan zen aita; beste biak zendu egin ziren, eta tartean bazen haren lagun bat. Zorte handia izan genuen, ospitaleratu zutenean ez zegoelako kolapsorik». Esker on hitzak baino ez dauzka aita artatu zuen medikuentzat; aldiz, kezkaz mintzatu da etxeko balkoitik ikusten dituen jokabideez: «Gaixotasuna gertu izan ez dutenak ez dira kontziente zer den birus hau, lasaiegi daudela iruditzen zait. Jendeak uste du ez dela hainbesterako».

Alzheimerrak jotako ama zaintzeko ezintasuna, hari gaitza kutsatzeko beldurra, eta pertsona maiteen besarkadarik gabe igaro beharreko dolu prozesu bat: Piliren etxera horiek guztiak eraman zituen izurriak.

«Nola esaten diozu amari, musu eske badatorkizu, albo batera joateko?»

PILI COVID-19a izan du

«Ez duzu sinetsi ere egiten, iruditzen zaizu ez duela zerikusirik zurekin». Haien etxean ere koronabirusa hasieran albistegietako goiburu urrun bat zela onartu du Pilik. COVID-19arekin lanean kutsatu zela uste du, eta ez du nahi horrek bere bizipenen bilduma honetan toki apartekorik izatea; horrexegatik ez du nahi bera nor den adierazteko arrasto handiegirik uztea. Beasainen (Gipuzkoa) bizi da, eta 1966an sortua da. Lanean jaso zuen lehen ezustekoa: «Lankide batek positibo eman zuela, eta berrogeialdian jarri behar nuela nik ere». Etxera joan zitzaion gogoa: amarengana. 88 urte, alzheimerrerarekin zeramatzan ordurako urte asko, eta bera zen zaintzaile nagusia. Berrogeialdia hitzak kolpatu egin zion gogoa. «Pentsatu nuen: 'Nola egingo dut nik hori ama etxean dudala?'». Izurriaren inguruko kezka ozendu egin zen etxean. Baina onartu du ez zela berri-berria, airean zebilen ordurako deserosotasun sentipen bat, izu arrasto bat: «Lanetik etxera iritsi orduko, arropa guztiak garbigailuan sartzen nituen, ur berotan... Beldur zara: babestu egin nahi duzu ama».

Izurriak, egun gutxitan, hankaz gora jarri zuen ordura arte amaren inguruan atondua zuten zaintza sistema. Zaintzaile bat bazuten etxean lanean, baina eztularekin zebilen, eta, badaezpadako neurri gisara, gaixo agiria hartua zen. Anaia batekin bizi da Pili, baina hark ere, sintomekin, berrogeialdia hasi behar izan zuen aurki. Familian topatu zuten konponbidea: «Ahizpa etorri zen etxera ama zaintzera». Beirazko ate batetik, ama eta ahizpa ikusi egiten zituela oroitu du Pilik: «Larritasuna eragiten zidan: ahizpa ama zaintzen ikusi, eta hari ezin lagundu. Askotan ikusten nuen bigarren pertsona baten laguntza behar zuela; nik, ordea, ezin lagundu». Kezkatuta oroitzen du, gainera, ahizpa ama ez kutsatzeko zirenak eta ez zirenak egiten: «Eta obsesiora ere iristen zara birus honekin. Etxeko atea zabaldu orduko pentsatzen duzu: 'Sartuko da'». Amak gau eta egun ondoan norbait behar zuenez, kanpoko laguntza ere behar izan zuten: «Gurutze Gorriko boluntarioek ekartzen zizkiguten etxera elikagaiak eta botikak. Eskerrak! Udala ere gainean egon da: deitu egiten ziguten noizean behin etxera, zer moduz geunden jakiteko».

Ama, haren eguneroko errutinen abarorik gabe, itzaltzen ikusi zuen Pilik bakartuta egin zituen egun haietan. «Lau, bost, sei, zazpi egun kalera atera ezinik. Sukaldean eta gelan ibili behar zuen pasieran». Behin berrogeialdia bukatu eta bere logelatik ateratzen hasita ere, amarekin prebentzio neurriak hartzen saiatu zen. «Maskararekin ibiltzen ahalegintzen nintzen, harengana ez hurbiltzen». Askotan alferrik zela onartu du: «Nola esaten diozu zuk amari, musu eske badatorkizu, albo batera joateko?». Izututa oroitzen da hainbatetan: «Zera pentsatzen nuen: 'Balkoian egon naiz ni, eta horra eramango dut orain ama?'. Edo zalantza nuen: 'Laztandu dezaket? Besarkatu dezaket?'. Ez dakizu zer egin dezakezun».

Ama gero eta itzaliago zegoen: urtzen ari zen kandela bat irudikatu dute Piliren hitzek. Osasun sistema izurriak guztiz baldintzatuta zegoela sentitu zuten aurki. «COVID-19aren aurretik, medikuari etxera etortzeko eskatu, eta agertu egiten zitzaizun: honen guztiaren ondorioz, ez dugu horrelakorik izan. Orduan, galdera hor dago: saihestu ote zitekeen?». Amaren heriotzaz ari da. Izan ere, Pilik berrogeialdia amaitu eta egun batzuetara hil egin zen: bihotzeko batek eman zion, eta berehala joan zen, ospitalera iritsi orduko ia. «Hala ere, hein batean, zortea ere izan dugu. Izan ere, aurrez zerbait atzeman izan baliote, erietxera eramango zuten seguruenera, eta ezin izango ginatekeen harekin egon. Eta kezka hori bagenuen. Aurrez maiz hitz egin genuen horren inguruan anai-arrebok: 'Egoera honetan erietxera badaramate, eta bakarrik badago han?'».

Gaitza, berriz ere

Inolako testik ez zioten egin Piliri berrogeialdian egin zituen asteetan. «Ez zen egiten». Hura bukatu, bolada bat etxean egin, eta lanerako asmotan berriz hasi zenean sintomaren baten aztarna sentitzen zuela jakinarazi zion medikuari; orduan egin zioten lehenengo aldiz koronabirusa ote zuen jakiteko test bat. «Eta positibo eman nuen». Gaitzak bere barruan asteak zeramatzan edo behin lehenengo berrogeialdia amaituta kutsatu ote zen esateko aski informaziorik ez du orain; ezin du jakin. Baina diagnostikoa oso gogorra izan zela onartu du: «Berriz bakartu egin behar nuela esan zidaten, eta amildu egin nintzen orduan». Gainera, ama ordurako hil berria nola zen, ezin izan nuen saihestu galdera: «Eta ama?». Medikuen arabera, bestelakoa izan zen haren heriotzaren motiboa, baina itauna zartako baten gisara agertu zitzaion. Zartako baten gisan sentitu zuen absentzia ere: amaren heriotzaren ostean jaso ezin izan zituen besarkadena eta bisitena. «Nik, ama hil zen egunetan, beste ezeren gainetik, besarkada bat behar nuen. Ez nuen izan. Anai-arrebekin izan nituen besarkada bakan batzuk, baina ondo kontatuak horiek ere: beldur zara». Lehengo astean egin zioten hileta.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

PCR probak egten, gaur goizean, Refenan. ©JESUS DIGES / EFE

Nafarroako sarrera-irteerak itxiko ditu gobernuak

Mikel P. Ansa

Lanerako edo arrazoitutako mugimenduak baimenduko dituzte, baina ez bestelakoak. Tabernak eta ostatuak ixteko ere agindu du Nafarroak; etxera eramateko janari-edariak soilik prestatu ahalko dituzte. Jarduera guztiak itxiko dituzte 21:00etan, eta garraio publikoa %50era mugatuko dute. Ostegunean indarrean egongo dira neurriak.

PCR probak egiten, Ordizian, uztailaren hasieran izandako agerraldian ©juan Herrero / EFE

«Transmisio handia» egon arren, Jaurlaritzak baztertu egin du intzidentziarik handieneko herriak ixtea

Irati Urdalleta Lete

Baheketa selektiboak egingo dituzte Ordiziako eta Durangoko 13 eta 40 urte arteko herritarren artean.

Taberna baten barnealdea, Iruñean ©Jesus Diges / EFE

Hego Euskal Herrian 1.123 positibo atzeman dituzte

Berria

Kezka dago Azpeitiko, Azkoitiko, Beasaingo eta Ordiziako egoerarekin, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 1.000tik gora positibo izan dituztelako

PCR probak egitek gunea, Donostiako Ospitalean, abuztuan. / ©Idoia Zabaleta, Foku

Jaurlaritzaren neurri berriak beranduenez ostegunean sartuko dira indarrean

Jon Ordoñez Garmendia

Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko behin-behineko presidenteak esan du gobernuaren eskaerak lehentasun osoa izango duela. Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ere baliteke neurriak zorroztea aste honetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna