Oihana Elduaien Uranga.
HIZPIDEAK

Errebelde, alai eta herrikoia

2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Bazterrak badu xarma. Bazterra ederra da aukeratua denean. Baina hortxe dago koxka, norberak aukeratua izan edo besteek behartua. Erdigunea hartu egin behar da. Bidaliko zaituzte, edo saiatuko dira. Garrantzitsua baita erdigunea. Baina ez al dago denentzako lekurik han?

Elkarbizitzaz ari garenean, betiko klasikoak dira gakoa: errespetua eta askatasuna. Alboan duzunarekiko errespetua eta ez ahaztea norbere askatasuna bestearena hasten den lekuan amaitzen dela. Oreka. Herri Sanferminak plataformak Enrique Maia Iruñeko alkateari ohartarazi dio ez duela lortuko haiek hiriko erdigunetik bidaltzea. Txosnarik ez dute jarriko, Maiak eskainitako bazterrean ez dutelako etsiko; eta, erdigunean egon nahi dutenez, beren esku dagoena egingo dute, han hainbat ekitaldi antolatuta. «Goitik beherako festa eredu grisaren aurka», behetik gorako festa herrikoia aldarrikatzen dute, eta horixe aurrera eramaten saiatuko dira. Jai «koloretsu, errebelde, alai eta herrikoiak». Errespetuz, eta askatasunez.

Eskola atarietan baloiak agintzen zuen lehen. Eta baloia gustuko ez zuena, bazterrera. Baloia batetik bestera dabilen bitartean erdigunean mantendu direnei esker galdu du baloiak agintea, zorionez, toki askotan. Errespetua irabazi egiten da, eta ez inposatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.