begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Eta musikak filma sortu zuen

2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Bizitzaz, aldatu beharko genukeen mundu honetaz; Lituaniako Mantas Kvedaravicius bezala, kamera lepoan harturik hiltzen diren, dituzten, zinemagileez. Horretaz guztiaz ikasten da Donostiakoa bezalako Giza Eskubideen zinema jaialdi batean. Ikasten da, etsenplurako, askotan Murphyren legea asmatu/finkatu/plazan jarri zuen Murphy bera txundituko zuketen barrabaskeria legezkoak badirela planetan. Ikasten da beti aurkituko duzula nonbait badela betikoen egoera latza latzago bihurtuko duen araurik. Esaterako, Celine Escherren Fly As Far / Nuestra Libertad filmean, ahoa bete hortz eta bihotza bete dar-dar, deskubritu genuen El Salvadorren kontua ez dela bakarrik abortuaren gaineko debeku larria existitzen dela; ezta arrisku bizian abortatzen duten emakumeak eta abortatzen laguntzen dutenak urte askoko kartzela zigorra jasaten dutela ere.

Ez. Kontua ez da, ezta ere, dirua dutenek abioia hartzen dutela eta osasun baldintza guztiak betetzen dituzten klinika pribatuetan abortatzen dutela. Hori guztia badakigu. Badakigu ere horrela gertatzen dela aldatu beharko genukeen mundua eraldatzeko gauza ez garelako. Baina Celinek zulo ilunago batera eramaten gaitu, Suediako Nordisk festibalean ohorezko hainbat aipu lortu dituen bere zinema puska zorrotz eta solidarioan. Izan ere, Imanol Uribe jaio zen eta Ellakuria hil zuten herrialdean, jaiotzear den umea galtzen baduzu, espetxean bukatuko duzu. Bai, ez du inporta abortu hori bat-batekoa, naturala izan den edo ez. Epaileek ez dute kontuan hartzen kirurgia-larrialdirik izan den. Ikusten duten bakarra zera da: umea galdu duzu eta zurea da errua. Kartzelara eramaten zaituzte. Betiereko. Bada, zinemak eta nazioarteko ekintzaileek egindako presioaren eta bultzaren bitartez libre geratu aurretik, bertan hamahiru urte eman dituen emakumerik. Bada 30 urteko zigorra jaso duen beste bat...

Asko ikasten da, bai, zinema eta giza eskubideak jomuga, jopuntu dituen festibal batean. Ikasten da munduaz. Gutaz. Izan diren, diren eta izango diren gerrez. Ikasten da, lotsaz, horrenbeste laudorio, horrenbeste nazioarteko sari, horrenbeste txalo jaso dituen Gasteizko Eraztun Berdea (naturaren aldeko ekimen jasangarri hori) dela urteetan bizimodu berria sortzen aritu den Errekaleor Auzo Askearen areriorik handienetakoa, zeren... baratze herrikoiak zabaldu ahal izateko, instituzioen esan eta asmotan, Errekaleor bizirik proiektu aspaldikoa desegin behar da. Nahiz eta behin eta berriro hara bertaratu informazio bila, ikasteko asmotan, eztabaidarako prest, ez bakarrik munduko ekintzaileak, baizik eta arkitektoak, hirigileak eta abar luze bat.

Zinemaz ikasten da pila bat giza eskubideen aldeko jaialdi batean. Bertan aurkitu ditugu, zinema sortuz, zinema bultzatuz, zinema pantailaratuz, zinemaz dakigun guztia azpikoz gora jartzen duten Zazpi t'erdi edo Al Borde Films izeneko sortzaileen eta ekoizleen elkartzeko modu zahar-berriak. Kooperatiba moduan eraiki dituzte beren enpresak.

Kooperatiba moduan, ikus-entzunezko planetan jo eta fuego diharduten guztiekiko harreman sanoetan, tresneria elkarri utziz, beharrezkoak suertatzen diren espazioak partekatzen.

Munduan zehar ibili, errodatu, editatu, ekoiztu izan duten Al Borde Films-eko Marta Gomezen, Paula Iglesiasen eta Ana Sernaren zinema proiektu eta errealitate den Norte Salvaje estreinatu zuten asteartean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Zehar-Errefuxiatuekin batera sortutako dokumentu arras sendoa orrialde honetara dakarkizuet aipaturiko kolaborazio/elkarlan horren berri guapoa emateko guraz. Badut ere beste intentzio bat: ohar gaitezela behin baino gehiagotan ez dela kamera bat film bat eratzen duen gailua. Behin baino gehiagotan ez dela gidoi on bat behar duzun arma bakarra. Gidoi horrek zer kontatu eta kamera horrek zer, nondik, nor hartu, ez dela suertatuko diren, zaizkien, zaizkizuen kezka artistiko eta ardura morala bakarrak.

Ez. Derrepentean, filma bukatzeko aste pare bat baino falta ez direnean, muntaketa gelan konturatzen zarete zerbaitek traba egiten diola kontakizun guztiari. Zerk? Erabiltzen ari zareten musikak. Jasanezin bihurtzen zaizue. Badakizue pelikulak ez duela aurrera egingo soinu banda horrekin. Baina ez duzue denborarik, ez duzue dirurik musikari goi mailakoa pagatu ahal izateko. Badituzue, ordea, lagun finak. Eta nork, eta soinuekin beti esperimentu ausartetan dabilen Ainara LeGardonek jartzen du zuen eskuetan bere artxibo-armairu-labo-tiradera-soinutegi kasik osoa. Arakatuz-arakatuz, aurkitzen duzue ikusten ez ditugun muga guztiak gure begien aurrean jartzen dituen Norte Salvaje basa-gozo-gazi-samin horri falta zitzaion justu hori, irudia gauzatzen duen doinua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.