ANALISIA

Isildu, mesedez, eta ausartu entzuten

2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Duela hilabete, Hamabostaldia hasi baino lehen, egunkari honetan bertan idatzi nuen, lehen begiratuan ez zirudiela 83. aldi hau beste urteetako arropa arranditsuz jantzita etorriko zenik. Eta gehitu nuen, zorionez, bagenuela bitan begiratzea. Funtsean, ez nuen gauza handirik esan. Bi aldiz begiratzea, baina, ez da aukera bat, beharra dela esango nuke. Azken 27 egunetan miatzen ibili naiz, ahal bezain adi, neure ezagutza eta ahalmen mugatuek uzten didaten besteko seriotasunez, kritikarien mamuak eta bizioak saihesten saiatuz, handitasuna non ote. Ikerketa guztiz subjektibo eta antizientifiko horren emaitzak gizarteratzera nator idatzi honen bitartez.

Inork eskatu ez didan arren, aurtengo edizioa hitz batez laburtu beharko banu, ausardia erabiliko nuke. Funtsean, musika klasikoaren zirkuituan maiz entzuten ez diren obrak eta izenak taularatu direlako eta berritasunari espazio handia eman zaiolako. Horrek urduritasuna sor dezake jaialdiaren hirukoan: antolatzaileengan, produktu ezezagunek ezagunek bezainbeste sarrera salduko ote dituzten zalantza sortuko zaielako; interpreteengan, akaso partitura berrietan debuta egitearen bertigo sentsazioa izan dezaketelako; entzuleengan, zer espero dezaketen eta merezi ote duten galderak pitz diezazkiekeelako. Baina ezagutzaren putzuan aporia ederra sortzen da: zenbat eta gehiago edan, orduan eta larriagoa da egarria.

Hamabostaldian, besteak beste, G. Carissimiren Jefteren historia, F. Manciniren obrak, A. Solerren klabe sonatak akordeoian, G. Gershwin freskoa, M. Weinbergen Orkestrarako suite-a, XIII. mendeko kodex siziliarra, J. D. Zelenkaren Missa omnium sanctorum zein L. Janaceken Meza glagolitikoa deskubritu ahal izan ditugu. Horiekin batera, estreinaldi ugari eta enkarguak, baita bi itzulera ere: zarzuelarena, kontzertu bertsio bikainean; eta operarena, guztiz eraginkorra izan zen ekoizpen propio ez hain mugatuan, abeslari-zerrenda paregabearekin, jaialdiaren historia liburuetan idatziko den bis ederrak oparituz. Oraindik egarri izatea hasierako ausardia horren garaipenaren erakusgarritzat hartzen dut, hurrengo edizioetan inizialen artean emakumezkoen izen gehiago topatuko ditudalakoan.

Argi daukat gauza bat. Segurutzat jo ezin daitekeen luxua da Europa mailan erreferentzia den musika klasikoko jaialdi batek exijentzia maila handiko ahots-musika eta programa sinfoniko-koralak, Kursaalean zein bestelako eszenatokietan, ehun kilometroko itzulinguruan topatu daitezkeen abesbatzekin eskaini ahal izatea. Bi urteko ziurgabetasunak kontuan hartzen baditugu, hori burutzeko aukera soila ospatzeko eta arrakastaz hitz egiteko arrazoi nahikoa da. Abesbatzek, izan ere, ongi zaindu beharreko musika-flora osatzen dute. Zaintza hori, noski, ez datza soilik kontzertu egunetan hostotza miretsi eta argazki ugari egitean: haziak erein behar dira, ontzi egokian ipini, garaztatu, behar denean ongarria aplikatu, argia jasotzen dutela baieztatu, lorezainak trebatu. Hamabostaldiaren apustua prozesu amaigabe horren parte garrantzitsua eta beharrezkoa da. Abeslaria, ezer baino lehen, eta eszenatokia edozein dela, entzulea delako.

Azken batez, Donostiako Musika Hamabostaldiak urte askoz estatu mailako jaialdirik zaharrena izaten jarrai dezan nahi badugu, uste dut gauza bat dela premiazkoena: entzutearen pedagogia egitea, isiltasunaren pedagogia. Ez da hain zaila. Ausartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.