arantxa iraola
Koronabirusa. ANALISIA

Kurben puztualdia

2021eko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Margarita del Val mikrobiologoak berak iragarri zuen egunkari honetan iazko udazkenean: «Pandemiaren urteak, esan nuen. Urteak izango direlakoan: urteak». Eta, hain justu, izurriari amaiera eguna jartzeko esperantzak usu adierazi izan badira ere, aski tematia da epidemiaren logika; hura apalarazteko pentsamendu magikoak ez du balio: begiak fuerte-fuerte itxi eta denak hobera egingo duela uste nahi izana inozokeria da. Beraz, iragan urte eta erdiko errealitate epidemiologikoa aldera dezakegu oraingoarekin: ez baita oraindik amaitu. Baina, bizitza etengabe antzaldatu ohi den eran, aldakorra da izurri hau, oso dinamikoa, eta denboran zeharreko alderaketak egitean aintzat hartu behar da hori.

Datuetan arakatu behar da pixka bat horretarako. Transmisioaren eboluzioa erakusten duten datuei begiratu, eta, kurbaren igoera malkartsua begiratuta, espantuka hasteko motiboak badira orain; ekainaren 28an 171 kasu positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herrian; herenegun, 874. Boskoiztu egin dira kasuak astebetean. Izurriak lehenengo urte osoan erakutsi zuen logikari atxikita, hamar egunen buruan, erietxeratzeek ugaritu egin behar lukete. Baina gaur ez da atzo, eta urtarriletik hona aldaketa handi bat egon da: txertaketa. Populazio osoaren %60k txertoaren dosi bat hartua dute Hego Euskal herrian; %43 txertatuta daude. Eta horrek izurriaren eboluzioan eragina izango du. Izurriaren aurreko goraldietan, transmisioa erakusten duten kurben puztualdiak, eta erietxeetako datuenak, lotuta egon dira. Baina kutsatu gehienak orain gazteak direla aintzat hartuta, eta gaitza haiekin arinagoa dela guztiz agerikoa denez, puztualdiek lehengo antzik ez dutela izango nahiko argi dago.

Birusaren eboluzio kontrolik gabeak, hala ere, kezka eragiten du. Aditu askok nabarmentzen dute birusa gero eta oldartuago ibili, arriskua dagoela aldaera gehiago agertzeko, eta horiek zein taxu hartuko duten ezin dela guztiz iragarri. Ezin zaio, gainera, tokiko errealitateari bakarrik begiratu izurri honen bilakaeran, mundu osoan hedatu baita, eta tokirik urrunetik ere aise zabal baitaiteke: munduko auzoetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.