Albistea entzun

36ko gerrako umeak. Lekukotzak

«Askotan pentsatu genuen SESBera itzuli behar ginela»

Bitori Iglesias. Erbestea gomuta gozoa da Iglesiasentzat, gorabeheraz betetako bizitza aberatsa izateko aukera eman ziolako. Hogei urtez bizi izan zen Sobietar Batasunean, eta oraindik eskertuta dago.
Bitori Iglesias, Gorlizko bere etxean.
Bitori Iglesias, Gorlizko bere etxean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Javi West Larrañaga -

2023ko martxoak 19 - Gorliz

Ez du ondo gogoratzen itsasontziaren irteera; bai, ordea, Leningradera heltzean, kabiarra, saltxitxak eta purea nahi beste eman zizkietela. «Ez genuen sinesten hori guztia guretzat izan zitekeenik». 5 urte zeuzkan Bitori Iglesias santurtziarrak (Bizkaia) Habana itsasontzira igo zenean, 1937ko ekainaren 13an. Bordelen (Okzitania) egin zuen geldialdia, eta han banatu zituzten itsasontziak zeroatzan 4.000 ume baino gehiago. Iglesias Leningradera joan zen, Sontay itsasontzian.

Ikusi gehiago: BELDURRETIK IHESI, ELKARTASUNERA

Aita komunista zeukan Iglesiasek. «Sobietar Batasunera joan ginen gehienak ezkertiarren seme-alabak ginen». Obninsken amaitu zuen, Moskutik hiruzpalau ordutara, ehunka ume errefuxiaturekin batera. Itsasontzian 13 urteko anaiarekin bidali bazuten ere, banatu egin zituzten, eta bakoitza umeen etxe batera bidali zuten.

«Nik sekula ez nuen panpinarik eduki, eta lehenengoa bertan eman zidaten». Orain 93 urte dauzkan arren, ondo gogoratzen du bere egonaldia, eta berba gozoak dauzka Errusiaz eta Sobietar Batasunak emandako tratuaz.

1941ean, gauzak okertu ziren, naziek Sobietar Batasuna inbaditu zutenean, Bigarren Mundu Gerra betean. Obninsken zeuden umeak ebakuatu zituzten Saratov eskualdera, Volga ibaian behera. Hara joan zen Iglesias, eta lau urte eman zituen bertan, gerra amaitu arte. Gogorra izan zen hura, eta gogoan dauzka momentu batzuetako zailtasunak. Ondorengoa ere ez zen samurra izan.«Gerraostea oso gogorra izan zen, baina oso gogorra izan zen denontzat».

Iglesiasek azaldu duenez, 1945ean, Moskura igo zituzten 36ko gerrako haur errefuxiatuak, umeen etxe batera. Handik, Bolshevora eroan zituzten bi urtez, 1948an, eta ume errusiarrekin nahastu eskolan, hobeto lekukotu zitezen.

1950eko hamarkadan aldaketak etorri ziren. «50eko urteetan jada pentsatzen zen itzuli egingo ginela», adierazi du Iglesiasek. «Orduan, gomendatu ziguten ez ikasteko karrera luzerik». Agronomia ikasi zuen, eta 1954rako amaitu. «Gure ikasketa guztiak doan egin genituenez, bakarrik eskatzen ziguten hiru urte lan egiteko. Kaluga eskualdera bidali ninduten, eta hiru herrixka kudeatu behar izan nituen».

Lehenago amaitu zen Iglesiasen egonaldia Sobietar Batasunean, 1956an. «Moskun ikasten ari ziren lagunek deitu zidaten, eurekin Espainiara joan behar nintzela esanez». Atoan abisatu zion nagusiari. Bestaldetik egin zuten bidaia oraingoan: Itsaso Beltzetik, Bosforoa zeharkatu eta Mediterraneoan barrena, Castello de la Planaraino (Herrialde Katalanak).

Aldaketa bortitza izan zen. «Ni han erregina baten moduan bizi nintzen: ezkondubakoa nintzen, eta lana neukan. Espainian oso txarto bizitzen zen».

Mundu ilun bat

Ez du harrera onik gogoan. «Eraikin guztiak beltzak... Zer da mundu ilun hau?», galdetu zion bere buruari Bilbora heldu zenean. Amarenera joan zen, Santurtzira; aita lau urte arinago hil zitzaion, eta kamarote txiki batean bizi zen seme batekin. Iglesias ez zen erraz egokitu, anaia horrekin arazoak izan zituelako.

«37an joan nintzen, eta 47an idatzi zidaten gutun bat. Gutun bat hogei urtean. Ikusten nuen inori ez ziola ardura nire bizitzak. Inork ez zidan galdetu zer egin nuen bertan». Ez zen ondo konpondu familiarekin; ikusten zuen gauza komun gutxi zuela eurekin. «Zer egiten dut hemen ezezagun hauekin?». Habana-ra igo zen 5 urteko umeak ezagutzen zituen, baina Krim itsasontzian etorritako 24 urteko andreak, ez.

Iglesiasen arabera, esperientzia bera izan zuten bere lagun ugarik. Pasadizo asko gogoratzen ditu familien arteko arazoei buruzkoak, baita heldu eta hilabete gutxitara etxetik bota zituzten batzuenak ere.

Ikusi gehiago: «Indarrez igo ninduten 'Habana' itsasontzira»

Horregatik erabaki zuen Sobietar Batasunera bueltatzea. Gutunak bidali zituen bere lan zaharrera, eta bueltan jaso zuen baietza. Orduantxe, baina, amak geratzeko erregutu zion, eta «bizitza izorratzen» ari zitzaion anaia bota zuen etxetik, bera gera zedin.

Egun batean, ezagun batekin egin zuen topo Santurtzin. Jose Antonio Lasa zen, Obninsken eta Saratoven berarekin egon zen ume erbesteratu bat. Hamar urte zeramatzaten elkar ikusi barik, eta bietako batek ere ez zekien bestea herri berean bizi zenik. «Ahizpak esan zigun: 'Eta zergatik ez zoazte zinemara?'. Eta gaur egunera arte».

Ezkondu, eta bizitza osoa eman zuten batera. Baina itzulera bientzat izan zen gogorra. 1970eko hamarkadara arte, estutasun ekonomikoak izan zituzten. «Askotan pentsatu genuen Sobietar Batasunera bueltatu behar ginela».

Iglesias ez zen lan merkatuan sartu, hasieran hala nahi arren. Emakume gutxik zeukaten lanpostu bat orduantxe, eta «lana zeukatenekiko matxismo asko» zegoela uste du. «Nire senarrak ikusten zuen zer gertatzen zen emakumeekin lan egiten bazuten. Lotsa barik ibiltzen ziren eurekin, eta esan zidan: 'Ez duzu lan egingo; ogia jango dugu eta ura edan, baina lanera ez zara joango, ikusten dudalako zelakoak diren gauzak'».

Beti zelatatuta

Sobietar Batasunetik zetozen gehienen moduan, erregimen frankistaren susmopean egon ziren. «Beti geunden zelatatuta, eta telefonoak beti zulatuta. Elkarrizketak entzuten ziren batzuetan; kexatu ginen, eta esan ziguten zulatuta zegoela». Iglesiasek uste du Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuetakoak zirela Madrilera deitu eta elkarrizketak egin zizkietenak. «Oso ondo egiten zuten gaztelaniaz, baina zeozer nabaritzen zitzaien; estatubatuarrak ziren». Sobietar Batasunaz galdetzen zieten: «Ea ez dakit zein fabrika ikusi genuen, ea ez dakit zein kable zegoen...».

Eskertuta dago erbestealdiak eskaini zion bizitzagatik eta aukerengatik. «Denak etorri ginen ikasketa zenbait eginda, eta ikasketarik ez zeukanak lanbidea ekarri zuen».

Erbestean bidelagun izan zirenekin kontaktuan jarraitu duela esatea gutxi esatea da. «Gutako errusiarretako batek ere ez dauka, gaur egun ere, lagun espainolik. Beti ibili gara elkarrekin», esan du Iglesiasek. «Ez gara ohitzen, eta begira zenbat urte daramatzagun hemen».

Ikusi gehiago: Gerrak markatutako umeak

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Haur batzuk, artxiboko irudi batean ©jon urbe / foku

Seme-alabak eta bizikideak zaintzeko baimen gehiago emango dituen legea onartu du Madrilek

Irati Urdalleta Lete

Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak gaur onartu du Familien Legea. 8 urte baino gutxiago dituzten haurren gurasoek zortzi asteko ordaindu gabeko baimena izango dute.

Manuel Lezertua EAEko Arartekoa, gaur, Eusko Legebiltzarrean ©Endika Portillo/ Foku

Osakidetzari lotutako kexak %220 ugaritu dira 2020. urtearekin alderatuta

Edurne Begiristain

EAEko Ararteko Manuel Lezertuak 2022ko txostena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Salatu du zenbait erakundek ez dietela erantzuten arartekoaren informazio eskaerei.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea eta Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko ordezkariak, gaur, Iruñean. ©JESUS DIGES / EFE

AHTaren Iruñerriko zatia eraikitzeak 500 milioi euro inguruko kostua izango du

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Txibitek esan du Etxebakoitzen eraikiko dutela Iruñeko tren geltoki berria. Castejon eta Zaragoza arteko zatiak 1.500 milioi euroko kostua izango du.

Aranzadiren aurreskua Sevillako hezurtegian

Aurreskua eta kopla flamenko bat Sevillan, errepresaliatuen Espainiako hezurtegirik handienean

Jon Ordoñez Garmendia

1936ko gerran faxistek hil zituzten 1.786 pertsonaren gorpuzkiak atera ditu Aranzadik hobi komun batetik. Atzo hezurtegi batean sartzen hasi ziren, eta, ekitaldian, Manuel Gerena flamenko kantariak abestu ondoren, Anartz Ormaza Aranzadiko arkitektoak agurra dantzatu zuen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...