Oinarririk gabeko atzerapausoak

Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak hemeretzi gradu progresioren aurka egin du, eta, oraingoz, bost euskal presok itzuli behar izan dute espetxera. Sareren ustez, horrek guztiak ez du inolako oinarri juridikorik.

Sarek antolatutako manifestazioa, aurreko ostiralean, Legorretan. JON URBE / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal presoen gradu progresioekin erakutsitako jarreraren adibide dira Aitor Esnaolaren eta Mikel San Argimiroren kasuetan hartutako erabakiak. Fiskaltzaren helegitea izaten da lehen abisua; eta Espetxe Zaintzako epaitegiaren ebazpena, kartzelara itzultzeko agindua. Hori guztia, espetxeetako tratamendu batzordeen txostenen eta Eusko Jaurlaritzaren erabakien aurka eginda. Sare Herritarreko Bego Atxak ez ditu ulertzen halako jarrerak, baina hitz borobilekin definitzen ditu: «Mendekuan oinarritutako espetxe politika bat».

Atxak azaldu du espetxeen eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku geratu izanak «gertutasuna» eman diola presoen aferari, eta gogoratu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetako tratamendu batzordeak direla «preso bakoitzaren jarraipen zuzena» egitearen arduradunak; eta, beraz, haiek dutela erabakiak hartzeko lehen eskuko informazioa. Hala, ez dio zentzurik ikusten horien txostenak eta fiskaltzarenak «hain kontrajarriak» izateari. «Ez dugu ulertzen Auzitegi Nazionaleko fiskala eta epailea zertan oinarritzen diren erabaki horiek hartzeko», azaldu du, eta gehitu oinarria ez dela legea behintzat: «Ez dago oinarri juridikorik hori babestuko duenik».

Interpretazio horrek bat egiten du Auzitegi Nazionaleko Lehen Zigor Salako epaile Jose Ricardo de Pradak urriaren amaieran esandakoekin. Euskal presoen gradu progresioen eta espetxe baimenen inguruko azken hitza duen aretoko kide da hura, eta behin baino gehiagotan azaldu du ez dituela ulertzen lankideen erabakiak. Esaterako, areto horrek bi ebazpen kontrajarri eman zituen ekainean. Lehenik, Gorka Loran euskal presoari espetxe baimen bat ematearen alde egin zuen, auzitegi bereko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren eta fiskaltzaren argudioen aurka. Astebetera, ordea, Maria Fernanda Garcia epaileak iritzia aldatu zuen, eta epaimahaiak beste baimen bat ukatu zion Lorani berari.

Ebazpen hartan eta gradu progresioen aurkakoetan, irizpide bera erabiltzen da: barkamenik eskatu ez izana. «Sistematikoki» egiten dute, De Pradak azaldu zuenez, nahiz eta ez izan legeak jasotako baldintza bat. «Guk esaten dugun gauza bera esaten du [De Pradak], sistematikoki aplikatzen dela, eta ez dagoela legean oinarrituta», esan du Atxak. Hala, Sareko kideak uste du ona dela, oro har, epaileek eta, zehazki, Auzitegi Nazionalean lanean ari direnek «analisi kritiko hori» egitea. Nahiz eta oraindik ere salbuespena diren.

«Beste garai batzuetan»

Atxaren esanetan, Auzitegi Nazionalak duen jarrerak eta ebazpenek ez dute bat egiten euskal gizarteak eta estatuko ahots ugarik adierazten dutenarekin, eta iraganean iltzatuta geratu izana leporatu dio: «Badirudi, gutxi batzuk, eta tartean Auzitegi Nazionala, beste garai batean daudela oraindik. Ez du zentzurik».

Jarrera horien aurka, aldaketak ere eskatu ditu Sarek. Espetxe zaintzako epaitegia EAEko Auzitegi Nagusiaren esku uztea planteatu du, «hirugarren graduen aldeko balorazio positiboei» Madrildik jartzen zaien betoari aurre egiteko. «Betidanik eskatu izan dugu hori. Jarraipena zenbat eta gertuagokoa izan, hobea da».

Izan ere, fiskaltzak gutxienez hemeretzi gradu progresioren aurka egin du, eta Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak bederatzi ebazpen eman ditu oraingoz. Etxerat-en arabera, bost kasutan —Esnaola, San Argimiro, Xabier Atristain, Gorka Martinez eta Iñaki Bilbao Gaubeka— aintzat hartu du fiskaltzaren eskaera, eta presoek kartzelara itzuli behar izan dute. Beste lau auzitan, berriz, hirugarren graduaren aldeko erabakia hartu du. Halere, fiskaltzak bereari eusteko aukera du, eta hala egin du Gorka Vidal euskal presoaren kasuan, esaterako. Espetxe zaintzako epaitegiak gradu progresioaren alde egin arren, errekurtsoa jarri du. Presoek ere badute euren aurkako erabakiari helegitea jartzeko aukera. Bi kasuetan, Auzitegi Nazionaleko Lehen Zigor Salak du azken hitza, De Prada kide duen aretoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.