Albistea entzun

Euskal presoak

Gibelapenezko isuna ezarri diete trenbidea eten zuten 'bakegileei'

Ekhi Erremundegi Beloki -

2023ko urtarrilak 27 - Baiona

800 euroko isuna gibelapenarekin. Zigor hori ezarri diete iazko uztailaren 23an Akize (Okzitania) eta Baiona arteko trenbidea trabatu zuten bederatzi bakegileei. Baldintzapeko zigor baten gisakoa da: bost urteko epean maila bereko arau hauste bat egiten ez badute, ez zaie aplikatuko.

Ehunka herritarrek Ipar Euskal Herriko errepide sarea blokeatu zuten egun hartan, Jakes Esnal eta Ion Parot euskal presoak baldintzapean aske utz zitzatela eskatzeko, eta Frantziako Gobernua gatazkaren konponbide prozesuan urratsak egitera bultzatzeko.

Bederatzi bakegileak abenduaren 15ean epaitu zituzten Akizeko Zigor Auzitegian, eta ekintzaren zilegitasuna justifikatu zuten tribunalaren aitzinean. «Premiazko egoerak» bultzatua izan zela alegatu zuten abokatuek, eta Anne Kayanakis prokuradoreak ere ontzat eman zituen azken urteetan gatazkaren ondorioen konponbidean egin diren urratsak.

Hala ere, oraindik ez da erabat bukatu auzi prozedura. Izan ere, SNCF tren konpainiak parte zibil gisa ezartzea erabaki zuen azken momentuan, eta egun hartan izandako galerengatik kalte ordainak eskatu ditu. 160.000 euro eskatu dizkie bakegileei, besteak beste, egun hartan trenek hartutako berantagatik bezeroei itzuli behar izan dieten diruagatik.

Ordubeteko ekintza

SNCFk izandako eragozpenak ekintzarekin lotuak direla ukatu zuen Christophe Deprez abokatuak abenduko auzi saioan. Ekintzak ordubete eskas iraun zuela erran zuen, eta, aitzinetik abisatua izanik, tren konpainia «gai» izan beharko zela hori kudeatzeko: «Lotura frogatu behar da». Uztailaren 3an aztertuko dute auziaren atal hori.

Hori aitzin, otsailaren 2rako dute ondoko zita bakegileek, beste ekintza bategatik. Uztailaren 23an bertan autobidea blokeatzeagatik epaituko dituzte 11 ekintzaile Baionako Zigor Auzitegian.

Horiei babesa erakusteko elkarretaratzea eginen dute egun horretan, 13:00etan, auzitegi aitzinean. «Aietetik izan dugun jarrerari segituz, lurralde honetako gizarteak eta aktore ezberdinek bat eginen dugu auzipetuak diren bakegileekin», adierazi dute ohar batean. «Hobengabetuak izan daitezen galdetzen dugu. Izan ere, ekintza hauek zilegiak izan ziren egoera kontuan harturik».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Miren Gorrotxategi EP-IUko legebiltzarkidea, atzo, Eusko Legebiltzarreko eztabaidan. ©RAUL BOGAJO/ FOKU

Erabakitzeko eskubideari eta errepublikari bide emateko eskatu dute

Edurne Begiristain

Espainiako Konstituzioa erreformatzea galdegin dute EAJk, EH Bilduk eta EP-IUk Eusko Legebiltzarrean. Gure Esku-k dio «norabide egokian egindako urratsa» dela
 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Euskal Herria asimilazio prozesu betean dago»

Gotzon Hermosilla

Aurten ere Gernikan egingo ditu Jardunek Aberri Eguneko ekitaldiak. Haien ustez, «Euskal Herriak pairatzen dituen zapalkuntza guztiak gainditzeko» beharrezkoa da «proposamen politiko bat» eraikitzea.
EAren XIII. Batzar Nazionala, iazko otsailean. ©Raul Bogajo / Foku

Epaitegiak ontzat jo ditu EAk iazko otsaileko kongresuan hartutako erabakiak

Iosu Alberdi

Bozketak telematikoki egin izana babestu du. Estatutu berria, proposamen politikoa eta idazkari nagusia hautatu zituzten biltzarrean.

Jose Mari Gorroño Gernikako alkatea, iazko sari banaketan ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Egiaren Batzordeek eta Txernobylgo adingabeekin lanean dabiltzan elkarteek jaso dituzte Gernika sariak

Berria

Argentinako, Hegoafrikako, Ekialdeko Timorko eta Kolonbiako Egiaren Batzordeen lana hartu dute aintzat alde batetik, eta Txernoylgo adingabeekin lanean ari diren euskal elkarteena bestetik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.