Poliziaren indarkeria arrazista. Lekukotzak

«Gibelera itzultzen naute beti, paperik ez dudalako»

Hassan. Hassan hamaika aldiz saiatu da Irundik Hendaiara igarotzen, baina Frantziako Poliziaren kontrolek bidea oztopatu diote denetan. Trabatua da; egoera bortitza zaio, ez baitu irtenbiderik ikusten.

Oihana Teyseyre Koskarat.
Irun
2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Hassanek «enegarren» aldiz pasatu du Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga, eta «enegarren» aldiz Hendaian harrapatu du Frantziako Poliziak: Irunera eraman dute berriz gauean. «Ez dago aterabiderik». Gainera, Frantziako Poliziaren kontrolak «Irungo eta Bilboko poliziarenak» baino gogorragoak egiten zaizkio Hassani. «Gelditzen naute gaizkile bat banintz bezala, eta erraten didate niretzat ez dagoela lekurik Frantzian».

Bost urteko bidaia egina du jada, Ginea Konakri utzirik, eta azken egunak Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko zubi «zeharkaezinak» zeharkatzen saiatzen iragan ditu. Bereziki gogoan du gau bateko kontrol gogorra: «Droga saltzaile bat bezala atxilotu ninduten, frogarik gabe ez ezer. Niregana etorri ziren, eta miatu ninduten, goitik behera. Galtzak kendu behar izan nituen, tixerta ere, eta, azkenik, galtzontziloak ere bai». Biluzik miatu zuen orduan zibilez zihoan Frantziako Poliziako kide batek. «Erran zidan nire puska guztiak lurrean uzteko. Gero, dena hartu zidaten, baita nire dirua ere», salatu du. «Orain ez dut ezer, zakarrontzitik hartzen dut jatekoa». Baina Hassanentzat «etengabe» itzularaztea da gogorrena. «Jada ez dakit nola egingo dudan. Hainbat aldiz pasatu naiz, baina beti gibelera itzultzen naute, paperik ez dudalako. Hori da nire kontra daukaten bakarra: paperik ez dudala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.