Guk Ere Bai, Bilboko umeak euskaraz aritzeko

Bilboko haurren euskaraz bizitzeko aukerak sustatzeko eta hedatzeko, Guk Ere Bai egitasmoa sortu dute. Bihar bertan abiatuko dute lehen fasea, kontzientziazioa helburu duena. Bigarren fasea urtarrilean hasiko dute.

Koldo Zelestino Guk Ere Bai egitasmoko kidea. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Bilboko haurren euskararen erabilera okerrerantz doala nabaritu dute hainbat taldek eta eragilek. Hori dela eta, egitasmo berri bat jarri dute martxan: Guk Ere Bai. Bilboko haurrak euskaraz bizi daitezen nahi du dinamikak, eta bihar hasiko da martxan. Koldo Zelestino egitasmoaren parte da: «Egoera nola dagoen ikusita, zerbait egin behar genuela pentsatu dugu».

Ume gehienek ikasketak euskaraz egin dituzten edo egiten dituzten arren, haien arteko harremana eta gurasoekin dutena ez da euskaraz. Haien egunerokotasunean ez dute euskara erabiltzen, hala nola kirol jardueretan, medikuarenean eta zineman. «Kiroldegietan eskainitako ikastaro gehienak gazteleraz dira; euskaraz izango dira bakarrik langilea euskalduna bada eta euskaraz egiteko hautua egiten badu», azaldu du Zelestinok. Hizkuntzaren inguruko araurik ez egoteak ahalbidetzen du hori. Gainera, «oso zaila» da Bilboko asteburuetako programazioan ekitaldiren bat euskaraz topatzea.

Guk Ere Bai-ren helburua egoera horri irtenbide bat ematea da. Dinamikaren sorreran berrogei eragile inguruk hartu dute parte. Zelestinok adierazi duenez, Bilboko hainbat auzotako eskola publikoak eta ikastolak batu dira, eta ikastetxe erlijioso bat ere bai. Horrez gain, Athletic fundazioak hartu du parte, baita Berbaizu euskara elkarteak eta Berritzeguneetako normalizazio arduradunak ere.

Dinamikak bi fase izango ditu. Lehenengoak kontzientziazioa izango du helburu. Jai giroan murgilduta, hainbat antzerki eta ekintza antolatu dituzte, eta ikastetxeei parte hartzeko hainbat proposamen egin dizkiete. Kartelak ipini ditzakete zentroetan, edota marrazkiak eta bertsoak egin Euskaraz bizi nahi dut edo Guk ere bai leloekin. Egitasmoko kideek abesti bat ere sortu dute, eta eskoletako umeei koreografia asmatzeko eskatu diete.

Urtarriletik aurrera egingo dute bigarren fasea. Etengabeko dinamika aktiboa izango da. «Hogei pertsonako talde zabal bat osatu eta lehenengo fasearen azterketa egingo dugu», azaldu du Zelestinok. Partaideek ez dute inoren izenean parte hartuko, «maila pertsonalean» baizik. Galdera bat erantzutea izango dute helburu: «Zer egin Bilboko haurrak euskaraz bizi daitezen?». Horretarako, hainbat eratako ekinbideak pentsatu, hausnartu eta bultzatuko dituzte.

Haurrek beren funtzio sozial guztiak euskaraz egin ditzaten nahi dute: esate baterako, gozoki denda batera joan eta euskaraz hitz egitea. Egitasmoaren partaideen arabera, jendeak pentsa badezake ere gozoki dendarena «tontakeria» bat dela, haurrek «merkataritzarekin» duten lehenengo kontaktua da. Nahi dutena euskaraz eskatzera ohitu beharko lukete, «gozoki denda bateko elkarrizketa ez baita zaila izaten».

Zelestinoren arabera, haurrek ez dute euskara erabiltzen, nagusiek ez dutelako erabiltzen: «Euskara ez dute haurrek salbatuko, euskara salbatuko da haurren mundua euskaldundu egiten bada eta baliabideak jartzen bazaizkie». Eta mundu hori «hurbilekoenek» euskaldundu behar dute, hau da, gurasoek. «Gurasoek pauso batzuk eman behar dituzte, eta haurrei helarazi euskararen garrantzia zein den, ume horiek lekukoa har dezaten gero», gehitu du. Nahiz eta ekintza guztiak haurrei zuzenduta egon, helburua «haurren gainetik dauden pertsonak» aktibatzea eta haiengan kontzientzia sortzea da.

Lehenengo fasea, bihar

Kontzientziazioa helburu duen lehenengo fasea bihar hasiko da. Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoek 3, 2, 1... eskolara goaz! ikuskizun berria eskainiko dute Kafe Antzokian. Azaroaren 6an, Zirtaka antzerki taldeak Zu eta ni sudurluze bi antzeztuko du; Kafe Antzokian izango da hori ere. Gero, Maddi pirata antzezlan musikalaren txanda izango da. Azaroaren 20an izango da, toki berean.

Azken hitzordua abenduaren 3an izango dute. Kalejira bat antolatu dute Eingo taldearekin. Horren ostean, haur jaialdia antolatu dute zenbait ikuskizunekin eta disko festarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.