Poliziak egiten duena ikusia izan ez dadin

Frantziako Asanbleak onartu ondotik, Senatura bidean da Polizia filmatzea mugatzea xede duen lege proposamena. Informazio eskubidea urratzea leporatu dio Frantziako eragile andanak.
Frantziako polizia baten irudia, lausotua.
Frantziako polizia baten irudia, lausotua. IAN LANGSDON / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2020ko azaroak 26

Frantziako Asanbleak baiezkoa eman dio Segurtasun Orokorreko Legeari. 388 diputatuk bozkatu dute alde, 104k kontra, eta 66 abstenitu dira. Orain, Frantziako Senatura pasatuko da legea, urtarrilean, azken bozkarentzat berriz Asanbleara itzuli aitzin. Azken asteetan, polemika handia sortu du lege proposamenak, eta informazio eta prentsa askatasuna «urratu» eta «bihurgune autoritarioa» hartzea leporatu dio batek baino gehiagok Frantziako Gobernuari. Frantziako kazetari sindikatu nagusiek, hedabide nagusietako kazetari elkarteek, Frantziako arartekoak, Amnisty International erakundeak, NBE Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen batzordeak eta herritar andanak salatu dute testua. Eztabaida gehien sortu duena 24. artikulua da. Frantziako Kontseilu Konstituzionalera joko duela iragarri du Jean Castex Frantziako lehen ministroak.

Errepublika Martxaneko bi diputatu dira lege proposamenaren abiapuntuan, baina Frantziako Gobernuak bere egin du testua, eta Gerlard Darmanin Barne ministroak neurri berriak gehitu zizkion Frantziako Asanblean eztabaidagai jarri aitzin, Polizia sindikatuek egindako eskaerei erantzunez. Besteak beste, udal poliziaren eskumenak zabalduko dituzte, segurtasun agente pribatuak lan publikoetarako kontratatzeko aukera emanen dute, Poliziako agenteek zerbitzu orduetatik kanpo arma eramateko eskubidea izanen dute, segurtasun kameren irudiak zuzenean komisariekin lotzeko aukera irekiko dute, eta droneen erabilpena zabalduko dute.

24. artikulua da polemikoena, jardueran diren polizien eta jendarmeen «aurpegiaren edo identifikazioa ahalbidetzen duen beste edozein elementuren irudia» zabaltzea debekatzen baitu, baldin eta, honek haren «integritate fisiko ala psikikoa arriskuan ezartzen badu». Helburu hori nola frogatzen den ez da azaldua, baina, urte bateko kartzela zigorra, eta 45.000 euroko isuna aurreikusi ditu legeak.

Lege proposamenaren alde bozkatu zuen Vincent Bru Modemeko diputatuak, baina ez da eroso ageri hura defendatzean. «Anitz eztabaidatu dugu», aitortu du, «gai sensiblea da». Frantziako Gobernuaren lege proiektu gisa aurkeztu ordez, bi diputaturen lege proposamena izatea deitoratu du, gisa horretara Frantziako Estatu Kontseiluak ez duelako iritzirik eman, eta ez delako legearen ondorioen ikerketarik egin. Hala ere, Frantziako Barne ministroak «nahikoa berme» eman dizkiela kontsideratu du.

Haren arabera, Poliziaren irudia zabaltzean idatzia den mezuak erakutsi dezake, legeak aipatzen duen «kalte egiteko helburuarekin» zabaldua ote den, nahiz eta onartzen duen, gaur egungo legediarekin, halako jokamoldeak jadanik zigortuak direla; «hor argiago izaten da». Kasu guzietan, epaileak erabakiko duela zehaztu du. Haien irudiaren zabaltzearekin poliziek jasan ditzaketen «kalte psikologikoak» ere aipatu ditu. Haren hitzetan, Poliziak «babestu» behar dira, eta horri erantzuten dio lege honek, «inoiz baino gehiago erasoak dira». Haur batzuek haien gurasoak poliziak direla errateko «lotsa» sentitu izana deitoratu du.

Hala ere, 24. artikulua «oro har gaizki aurkeztua» izan dela azaldu du, «karikatura» egin dela. Haren hitzetan, ez du «neholaz ere» Poliziaren irudiak zabaltzea debekatuko. Baina Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren erabakiaren beha egonen dela argitu du, hala ere. «Beharbada, gaizki aztertu dugu prentsa askatasunaren printzipioa. Ikusiko dugu».

«Jauzi berri bat da»

Orain arte, poliziek ez zuten beren jardueran irudi eskubiderik, eta, beraz, ezin zuten izan espazio publikoan filmatuak izatea ukatzeko eskubiderik. Hala ere, anitz izan dira azken urteetan kazetariei eta, oro har, herritarrei segurtasun indarrak filmatzeko ezarritako trabak. «Jaka Horien mobilizazioetan, 200 bat kazetarik salatu dituzte beren lanean Poliziarengandik jasandako trabak», oroitarazi du egun hauetan David Dufresnes kazetariak. Halaber, poliziaren bortizkeria dokumentatzeko modu bat ere bada haiek filmatzea, haren arabera. 2018ko azarotik 974 kasu identifikatu ditu sarean jasotako bideoen eta testigantzen bidez, nagusiki Jaka Horien mobilizazioetan. «Lege honekin ez zen posible izanen bideo horiek hedatzea».

«Zinez jauzi berri bat da», Guillaume Fauveau argazkilariaren hitzetan. BERRIA, Naiz, Kazeta eta Mediabask hedabideentzat egiten du lan. Joan den astean, Frantziako Poliziaren mehatxuak jasan zituen, erreportaje baterako haien argazkiak hartzen ari zela. «Polizia filmatu behar da; errepublikako polizia deitzen duten hori, ontsalaz, herritarren babesteko egina zen, ez gure zanpatzeko legitimitate osoz protesta egiten dugulako», adierazi dio Ipar Euskal Herriko Hitzari bihar, zabalduko du elkarrizketa osoa. Azken urteetan, Frantzian polemika sortu duten polizia bortizkeria kasuak aipatu ditu, besteak beste. «Denak herritarrek edo kazetariek filmatuak izan dira; orain, polizien bortizkeriak ez ditugunez filmatzen ahalko, ez dira existituko gehiago».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

'Proiektatu Iñioren aurpegia' ekimena, iaz, haren heriotzaren zortzigarren urteurrenean. ©Aritz Loiola / Foku

Cabacasen familiak NBEra joko du «justizia bila»

Maite Asensio Lozano

Espainiako Auzitegi Gorenak ez du «auziaren funtsa aztertu nahi» izan, Jone Goirizelaia abokatuak egindako balorazioaren arabera. 

Carlos Bardem aktore, gidoilari eta idazle espainiarra da sinatzaileetako bat. / ©PABLO MARTIN, EFE

Kultur eta hezkuntza munduko 30 pertsonalitatek presoen urruntzea amaitzeko eskatu dute

Edu Lartzanguren

Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako izenak daude sinatzaileen artean. «Iraganeko salbuespenezko logikak» gainditzeko eskatu dute.

<b>Jordi Sole, Pernando Barrena eta Chris MacManus, atzoko aurkezpenean.</b> ©BERRIA

Europarlamentari talde bat erabakitze eskubidearen alde

Berria

Korsika, Flandria, Irlanda, Katalunia eta Euskal Herriko hainbat diputatu batu dira Europako Legebiltzarrean.

Iker Moreno, Xabi Beortegi, Iñigo Gonzalez, Jon Patxi Arratibel eta Gorka Mayo, Katakrak-enatzo. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Zigorgabetasuna zigortuta, berriro

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Estrasburgok hirugarrenez ebatzi du Espainiak ez zituela aski ikertu 2011ko operazio batean atxiloturikoen torturak. 20.000 euro eman beharko dizkio Iñigo Gonzalez Etaiori

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.