Albistea entzun

EGUZKI EPELEAN

Homeopatia politikoa

Diego Pallés Lapuente -

2022ko abuztuak 23

Pseudozientzia guztien artean, homeopatia bereziki interesgarria iruditu zait beti. Ez, baina, ezer sendatzeko biderik eskaintzen duelako. Izan ere, praktika hura garatu zenean, XVIII. mendearen bukaeran, oraindik ez ziren gaixotasun eta botika gehienen mekanismoak ezagutzen, ezta germenen existentzia bera ere. Ez da harritzekoa, hortaz, homeopatiaren oinarri eta hipotesiak okerrak izatea: den-denak erabat bateraezinak dira gaur egun materiari buruz dakigun guztiarekin.

Hala ere, badaude oraindik produktu homeopatikoak sendagaiak direlakoan kontsumitzen dituztenak. Pertsona haietako asko bat datoz industria farmazeutikoari gizartean egiten zaizkion kritika nagusiekin, hori dela eta homeopatiari heltzen diote alternatiba gisa. Motibazio hori da, hain zuzen, betidanik atentzio handia eman didan faktorea; homeopatia, azken batean, industria farmazeutikoaren klon pseudozientifikoa baizik ez da. Alegia, beste terapia alternatiboek ez bezala, homeopatiak ez du dieta edo bizimodu aldaketa sakonik eskatzen, ez du esplizituki magian sinesterik eskatzen (inplizituki bai, ordea). Askoz ere errazagoa da. Egin behar den gauza bakarra industria farmazeutikoaren pilulak (susmagarriak) baztertu eta industria homeopatikoarenak (alternatiboak, eta, beraz, onak) hartzea da. Farmazietan bertan eros ditzakezu, urrutira joan gabe.

Hargatik, pseudozientzia medikoen artean, homeopatiak dauzka, beharbada, botika-industriarekin antzekotasunik handienak. Funtsean, esan dezakegu antisistema izateko oso aukera erosoa eskaintzen duela, sistemak berak markatutako logikatik atera gabe parte hartu baitaiteke: multinazional diruzaleen produktuetan sinetsi, pilulak hartu. Eta kito. Pilula horien funtzio nagusia kontzientzia kritikoa baretzea dela dirudi hein batean.

Fenomeno horrek guztiak analogia interesgarriak eskaintzen ditu; batez ere, politikaren arloan. Zein dira arazo politikoetarako dauzkagun konponbide homeopatikoak? Itxuraz erradikalki desberdinak, apurtzaileak direnak, baina kritikatzen dutenaren logika berdinaz funtzionatzen duten horiek. Kontzientzia lasaigarri erosoa eskaintzen duen bandoa. Nazioarteko adibide handiak gogora etortzen zaizkit. Baita gurean dauden talde xumeagoak ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...