Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Erdia ustel

2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Burua makurtu eta orban beltz ñimiño batzuk ikusi ditut zapatillan, agertu berriak. Eskua hurbildu hatzaz igurtzi nahian eta bat-batean, hop! Orban guztiek jauzi egin dute norabide guztietan. Ofiziala da: «Arkakusoak daude etxean». Izurri berrietatik ihesean eta, orain, zaharrak berri. «Agian ez dira oraindik gela guztietara zabaldu». Lasai, ez dute lan handirik beharko. Tentuz ibili arren, berdin-berdin ikusiko duzu zure begi etsien parean izurria hedatzen pitinka, egunetik egunera, bazter eta zirrikitu guztietara. «Nik uste dut zomorroen aurkako produktua erabiliz gero, laster desagertuko direla».

Flix-flix potea hartu eta zoru guztiak zipriztindu ditugu lurrin toxikoaren kontzentrazioak giza bizitza ere arriskuan jarri arte. Etiketak dio produktu gehiegi arnasteak haluzinazioak sor ditzakeela, baina orkatilan berriz ere agertu diren puntutxo saltokari horiek nahiko errealak dirudite. «Komentatu didate bonba moduko batzuk daudela, geletako oxigeno guztia xurgatu eta den-denak hiltzen omen dituzte». Konponbide erradikalegia dirudi, beldurgarria kasik, baina ados. «Nik uste dut bonba horiekin laster desagertuko direla».

Izugarri intsektu efikazak dira. Zenbait gelatan, hiru segundoko sartu-irten bat egin eta hamar bat arkakusorekin atera zaitezke. Uste dut dardara sumatuz gero itsuan jauzi egiten dutela iturrirantz. Gainera, nahiko hilgaitzak dira. Amorru biziaz hatz artean zapaldu, eskua zabaldu eta alaiki salto egingo dute berriz askatasunerantz. Lanak behar dira bat eta bakarra hiltzeko, sadismo moduko bat garatzen ari gara dagoeneko. Etxe osoa lixibaz garbitu dugu, birritan. «Nik uste dut horrekin gehi bonbarekin lasaiago egongo garela».

Ohartu orduko, bizimodua aldatu egin dizute. Gela batean sartu, zangoak arakatu. Sartu eta zenbait minututara, zangoak arakatu. Ile baten kilima edo haize leun bat nabaritu, zangoak arakatu konpultsiboki. Izara guztiak zabor-poltsa erraldoi batzuen barruan daude korridorean, Txernobylgo hondakinak balira bezala. Hanketako orin guztien kokapena buruz ikasi dugu, alarma faltsuak ekiditeko. «Nik uste dut asko hil ditugula dagoeneko». Internetek: berrogeita hamar arrautza jar ditzakete egunero.

Baina zer egiten dute arkakusoek zehazki? Ia ez ditugu ziztadak nabaritzen eta ez dute apenas azkurarik sortzen. Bai, izurri beltzaren eta beste gaixotasunen iturri izan daitezke. Baina kezkatzeko arrazoirik badago? Koronabirusa ere kutsatzen al dute? «Nik uste dut gosez hil ditzakegula». Internetek: sei hilabete iraun dezakete elikatu gabe.

Azkenean, bonba horietako bat lortu dugu. Ez du zulo beltzik sortzen geletan, pozoi-esprai normala da, baina automatikoa. Gau osoan piztuta utzi dugu gune kritikoetan, baina biharamunean hamar bat zenbatu ditut zapatilletan. Laguna hasi da, etsipenak jota: «Nik uste dut bonba erabili eta gero...». Begirada ziniko bat bota diot. Usteak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.