Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Bukaerarik ez zerumugan

2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun

Historian aditua ez denak ere Berlingo Harresiari buruzko nolabaiteko nozioa edukiko du, baita hari buruzko iritzi bat ere ziur aski. Iruditeria kolektiboan, harresia zein bi Alemanien arteko muga osoa gaitzespena besterik merezi ez duen gauza anker bezain zentzugabe gisa oroitzen da. Han gertatu ziren heriotza guztiak ekialdeko gobernu-sistemaren porrot etiko zein politikoaren sinbolotzat hartu ohi dira.

 

Behin batean, datuei erreparatzea erabaki nuen: inork ez daki ziurtasunez zenbat pertsona hil zituen politika hark 45 urtean zehar, baina 600-1.100 lagun inguruk bizitza galdu zutela uste da. Zenbaki horren atzean dagoen gertaeraren balio sinbolikoa dela eta, beste muga hilgarrien kasuekin konparatzeari ekin nion. UNHCR Iheslarientzako NBEren Agentziaren arabera, azken zortzi urteetan, Mediterraneoan gutxienez 24.459 pertsona hil dira Europako mugak zeharkatu nahian. Benetako kopurua are handiagoa da, eta, gainera, itsasora iritsi arteko heriotzak, bahiketak, eta eraso fisiko eta sexualak ez daude haren barruan.

Ekialdeko Alemaniako liderrek bezala, AEBek eta egungo beste agintari askok nahi izango zuketen beren mugetan naturak lur lauaren ordez itsaso erraldoia opari egin izan balie. Horrela, haien irudia hainbeste kaltetzen duten hesi eta guardietan inbertitu ordez, munduko mugarik hilgarriena patruilatzen duten herrialdeen ospe onaz goza zezaketen. Edonola ere, datuek erakusten dute hegoaldeko Europako tragedia ere ez dela geografiaren ondorioa, egungo nazioarteko ordenaren emaitza baizik: nahiz eta 2019. eta 2021. urteetan ia jende kopuru berdina iritsi zen Europara, 2021ean heriotza kopuru bikoitza gertatu zen itsasoan bidaia gobernatzen duten baldintza politiko aldakorrengatik.

Giza eskubideen urraketa larri honek areagotzeko joera dauka datozen urteetan, klima- eta elikadura-krisiak direla eta. Ugaltzen ari diren hesietako labanek argi uzten dute Gerra Hotzaren amaierak ez gaituela europarrok txertatu migrazio politika kriminalen aurka. Hurkoari gizatasuna ukatzen saiatzen direnak ordu estrak egiten arituko direla dirudi; zorionez, ez dira gutxi Euskal Herrian arrazismo instituzionalizatuari aurre egiteko antolatu direnak. Gero eta energia eta lagun gehiago beharko dira gizakiok banatzen gaituzten hesiak eraisten jarraitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.