Albistea entzun

EGUZKI EPELEAN

Haurren mahaiaren garrantzia

Julen Azcona -

2022ko abuztuak 25

Fleabag telesail britainiarraren eszena batean, pertsonaia bat jaso berri duen sariaz kexatzen da. Saria, Emakume Enpresari izateagatik irabazi duena, bere ustez «tontakeria bat» da, «gu alde batera uzteko baino balio ez duena, arrakastaren azpiatala, sarien haurren mahaia». Esaldi honekin, telesailaren sortzaileak, Phoebe Waller-Bridgek, eztabaida bat sorrarazi zuen kuotak eta emakumeak eta historikoki baztertuak izan diren kolektiboen ikusgarritasunaren inguruan.

Joan den astean, Burlatako jaietan, gertakari berezi baten lekuko izateko zortea izan nuen. Herriko udaletxearen plazan, Iruñeko Kiki House of Anunnaki elkarteak kikiball bat antolatu zuen: hau da, moda, vogue dantza eta ballroom kulturaren lehiaketa bat, non identitate disidenteak protagonista izan ziren, bazterrak erdigune bihurtuz: pertsona arrazializatuak, LGTBIQ+ komunitatea, gorputz ez normatiboak.

Lehiaketan, Euskal Herriko eta Espainiako jendeak parte hartu zuen. Epaimahaia atzerriko dantzari adituek eratu zuten eta dantzaren maila orokorra benetan ikaragarria izan zen.

Lehiaketa baino gehiago, jaialdi bat izan zen. Ordu batzuetan zehar, Burlata adierazpen askatasunaren zentro bihurtu zen.

Edozein lehiaketak bezala, irabazleak eta galtzaileak izan zituen. Sariak banatu ziren. Eta edonork pentsa dezake horrelako ekitaldi batek ez duela oihartzunik mundu errealean. Anomalia bat dela. Izar iheskor bat. Lehiaketen haurren mahaia, Fleabag-en esaten zuten bezala. Izan daiteke, baina gure haurren mahaia da, eta ez dugu beste bat nahi. Paradisutik bota gaituzte eta infernuan erretzen gustura gaude.

Ez hori bakarrik. Ekitaldiaren ikuslegoan Burlatako haur, gazte, heldu eta adinekoak zeuden, jende desberdina, ez soilik LGTBIQ+ komunitateko kideak. Errespetuz eta mirespenez begiratzen. Ekitaldiaren amaieran, Burlatakoa zen Kiki House of Anunnaki-ko kide batek taldearen izenean hitz egin zuen, begiak malkotan. Eskerrak eman zizkion gerturatu zen jendeari eta ozenki gogoratu zuen bere haurtzaroa, Burlatan jolasten, bere identitatea garatzen. Zeinen desberdina izango zen bere bizitza, zenbat sufrimendu aurreztuko zukeen, horrelako egitasmo bat ikusi izan balu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...