Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Jai daukagu

2022ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Gasteizko jaietan egun eta erdi murgilduta eman behar izan ditut buruko engranajeak martxan jarri zaizkidan arte: «Zer egin nuen nik iazko jaietan?». Errealitatea pixkanaka gogora etorri da. «Jairik egon zen iaz?».

Ezin dugu esan jaien hutsune luzeak gehiegi atsekabetu nauenik. Jai nagusirik ezak azken egunetan ikusi ditudan hainbat irudi ekidin dizkit bi urtez: saltzaile ibiltari esplotatuak gaueko ordu txikietan (denak jende beltza), alkoholaren kontsumo neurrigabearen zuriketa, agintari eta enpresa handien itxurakeria, plastikozko zabor metak alde guztietatik botata, gernu kirats pozoitsua garaje ate orotan... Beste hainbat gauza begi bistatik kanpo daude, baina hortxe daudela badakit: esaterako, etxera bakarrik itzultzearen ohi baino beldur handiagoa emakume askoren gorputzetan, edo hainbat langileren aurpegi estresatuen atzean dauden kontratu baldintza ankerrak.

Errealitate kolpe horiek ez didate, dena den, umorea hondatzen. Ez erabat, behintzat. Ezustean, jende ezaguna nonahi egotea, antzerkiak, jokoak, musika, bertsoak (Bertsozale elkartea: eguzkitako gehiago Aihotz plazan, arren otoi), herri elkarteei dirua emateko aukera izatea... Duela hamar segundo ezagutu berri dudan blusa talde batek bere konfiantza itsua nigan jartzea eta, beren Moises partikularra legez, taldearen hurrengo geldiunea erabakitzeko eskumen guztia jasotzea. Barregura halabeharrez sortu behar zait nire izena alabantzaka entzutean ezezagunen ahotan.

Baina aipatutako guztia beti pack osoan batera joateko beharrik ote dago? Igandeko bertso saioan, bat-batean, gai jartzaileak maila nabarmen igo zuen bertsolariek eta Miss America txapelketako partaideek bakarrik jasotzen dituzten galdera potolo horietako batekin: «Zer egin jaietako eraso matxistak desagerrarazteko?». Bertsolarietako batek, erronkaren neurria ikusita, hordago batekin erantzutea erabaki zuen: «Agian, jai eredu guztia aldatu». Non sinatu behar da?

Tamalez, jaiak daukagun gizartearen bertsio puztua baizik ez dira. Haren ontasunen eta gaitzen neurriz kanpoko irudi desitxuratua aurkezten digute. Artelan deserosoaren antzera, ez diote ardura barre algara ala erdeinua sortzen duten. Jai eredua aldatu? Urtean zehar arduratzen zaizkigun arazoak konpondu arte, jai daukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.