Julen Azcona
EGUZKI EPELEAN

Zergatik (eta II)

2022ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Zergatik da hain zaila, azkenaldian, umore onez ohetik jaikitzea? Zergatik ordaindu behar dut gasolinarengatik iazko prezio bikoitza? Zergatik onartu behar dut estatuaren deskontu irrigarri hori eta ondoren nire bizitzarekin jarraitu? Zergatik ezin naiz barrikadetara joan? Zergatik konformatu behar naiz historiako aurrerakoiena omen den gobernu honekin? Zergatik isildu behar naiz? Alternatiba okerragoa delako? Zergatik nago ados? Zergatik naiz hurrengo hauteskunde orokorrak PPk eta Voxek irabaziko dituztenaren beldur? Maritxu izateagatik erbesteratu behar izatearen beldur? Zergatik erromantizatzen dut erbestearen ideia? Zergatik uste dut kutsu polita eta abenturazalea duela, tortura izan ordez? Zertarako balio du Harrotasun LGTBI-aren Egun batek? Zergatik gomendatu dit OMEk sexu-bikoteen kopurua murrizteko tximino baztangaren agerraldi epidemikoaren aurrean? Zer axola zaio OMEri nire bizitza sexuala? Zer axola zaizkio gizon homosexualak, orokorrean? Zer axola zaio, 80ko hamarkadako GIB/HIESaren epidemian hiltzen utzi ziguten eta. Zergatik uste dut orain berdina egingo digutela? Hiltzen utzi, pixkanaka. Zergatik ez dago txerto nahikorik arazo hau konpontzeko, COVID-19arekin bezala? Zergatik esaten da tximino baztanga sexu-transmisiozko eritasuna dela, gezurra denean? Zergatik ez daude emakumeak Euskal Herriko kontzertu egitarauetan? Zergatik daude hain talde gutxi emakumez osatuta? Zergatik, ordea, hainbeste gizon haserre? Zergatik iruditzen zaigu normala? Zergatik kontsideratzen da zerbait prestigiotsua XX. mendeko musika? Zergatik kritikatzen da oraingo musika, autotunea, reggetoia, instrumentu organiko eza? Zergatik normalizatu dugu XX. mendeko musika ona zela? Zergatik gustatu behar zait The Beatles edo The Rolling Stones? Zergatik ezin dut esan asper festa bat iruditzen zaidala? Zergatik ezin dut esan XX. mendea misoginoa eta homofoboa iruditzen zaidala, eta ez dela inor salbatzen? Zergatik ziztatzen dituzte emakumeak? Zergatik ez dio OMEk gomendatzen gizon heteroei harreman sozialak murrizteko, behintzat ziztaden arazoa konpondu arte? Zergatik da hain zaila umore onez ohetik jaikitzea? Zergatik da hain zaila ohetik jaikitzea? Zergatik da hain zaila? Zergatik da hain? Zergatik da? Zergatik? Z.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.