garbine ubeda goikoetxea
EGUZKI EPELEAN

Monarkia

2020ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Gazte nintzela, ez zegoen niretzat amorragarriagorik, ama, amona, izebak eta oro har gure klan zabalean batzen ziren emakumeak, Hola! aldizkaria irakurtzen aurkitzea baino. Klase borrokan inplikatutako komun-garbitzaileak, errepublikanoen alabak, proletarioen emazteak, etxekoandre konprometituak nahiz abertzale porrokatuak izan, denak ziren zale, denek irakurtzen zuten astero, salbuespenik gabe, eta gizonezkoek futbol-ligako gorabeherak bezala, zehatz-mehatz ikasiko zuten Espainiako errege-erreginak, markesak, kondeak eta gainerako banpiroak nora joaten ziren eskiatzera edo zenbat metro koadroko komunetan eta zenbat ispiluren aurrean egiten zuten kaka.

Pastelaren ginda ostiraletakoa izaten zen, amari «amonarenera noa» esan eta hark «eraman iezaiozu aldizkaria [mugatu singularrean]», agintzen zidanean. Hiru gauza izaten ziren ziurrak. Bat, nire bat-bateko purrustada ozena, kasik zaunka. Bi, elkarren arteko sesio amaigabea (bi hitzez esanda, printzipiorik ez izatea leporatuko nion nik, halako jendaila sustengatzeagatik, eta hark niri gauza bera, baina amona gaixoari «mesedea» egin nahi ez izateagatik). Eta hiru, borroka dialektikoa galdu osteko nire lotsa; bizkar-zorro handi batekin irten beharra, zer nolako artefaktua neraman inork ikus ez zezan.

Urteen joanak ez zuen askorik lagundu. Prentsa femeninoaren oinarri eta ile-apaindegietako berriketa-gai zirenak prestigioa irabazten joan ziren —«gauzak lotuta eta ondo lotuta» utzi zituen hark sustapen-bulego ezin hobea jarri zien seinale—, eta etxean «errege kanpetxanoaz» edota «Letiziaren anorexiaz» txintik entzuten nuen bakoitzean, nire amorruak beste koska bat gehiago egiten zuen gora.

Gaur, entretenimendu hutsa zela konprenitu dudanean, eta nire kontraesanak haienak baino zilegiagoak ez direla jabetu naizenean, espainol jendeak harritzen nau, nire inguruko emakumeek baino gehiago. Lau urtetik gora luzatu diren gobernu, administrazio eta agintaldi guztiek, sistemaren maila apalenetik hasi eta goraino, ustelkeria, lapurreta eta nepotismoa erakutsi badute, eta botereak berorietarako joera berezkoa eta bereizezina duela gauza jakina izanik, zer espero zuten meritu intelektualik eskatzen ez duen, piramidearen goiko erpinean dagoen eta hil arte luzatzen den kargu blindatuaz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.