Amaia Agirre Arrastoa.
EGUZKI EPELEAN

Minbiziari

2021eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Munduan ez dakit baden zu adina madarikatu dudan ezer. Nire pentsamenduen hiztegian eta iruditerian etengabe agertzen den mamua zara. Une oro zein zaurgarri, ahul eta ezdeusa naizen gogorarazten didan madarikazioa.

Gaztea nintzenean gertuko izeba bat eraman zenidan. Duela sei urte are beharrezkoagoak nituen beste bi zutabe. Aste berean gerarazi baitzenituen gure amaren eta bere ahizparen bihotzak. Eta dolua lantzen eta bizi berrira egokitzen ahalegintzen ari nintzenean alabaren bila etorri zinen. Ez zuen zurekin joan nahi izan, eta onartu egin zenion. Eskerrak! Halere, hiru urte betetzear zituen gure etxeko bizipozaren odola zelula hilgarriz josi zenuen. Bizkarrezur muina alabari eta garezur muina guri, erraietan min eman arte zulatu zenizkigun behin eta berriz. Inpotentzia eta amorrua bere zentzurik gordinenean biziarazi dizkidazu heriotzaren amenazupean.

Geroztik nire bihotzean taupadek salto egiten dute noizean behin. Eztarrian trabatzen zaizkidan zotin isilak eta ikusezinak bailiran. Badakit lepoan lotu zenidan sokaren tenkatze simulakroak baino ez direla. Antsietateak, halaber, habia egin du bularrean, eta beldurrak hegan jakin arren beti bere sorlekura itzultzen da. Gure etxean sei gara. Bi ama, hiru alaba eta beldurra. Zure itzala daraman bizikide asegaitza.

Bizinahia eta umorea ditut zuri aurre egiteko bi taLAIA, baina zuk bizigaia tumore bihurtzen duzu. Eta bizimina minbizi.

Nire familian eragin duzun samina eta sumina, ordea, ez dituzu aski izan nonbait. Etxera ez ezik ikasgelara ere sartu zara. Harrapakari bihozgabe gorrotagarri baten pare eraman duzu nire ikasle bat ere. Eta ez hasi bizitzaren legea dela esaten! Hamar urteko ume zoragarri baten harmonia eten eta familia ameslari baten agonia eragiten duenak ez du izenik merezi! Ulertu ezin dena ezin da onartu eta kito! Badakit sortu, bizi eta hil dela bizilegea. Dena sortzeko eta eraikitzeko zeukan begirada garden eta irribarre zabal ederra itzali dituzu zuk, alabaina! Nik ez daukat hitzik bihotzean zabaltzen duzun min arrakala hau deskribatzeko. Ez dakit indarrik geratzen zaidan familiari goxotasun keinuak helarazten jarraitzeko. Ez dakit bertsorik egokitzen den injustizia neurrigabe honetan. Ikasgelan ez, baina eman dizkidazun irakaspenetan beti izango zaitut gogoan maitea. Hartu atseden, Laia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.